Hiru gizonezko atxilotu dituzte, andre bat bahitu eta hari eraso egitea egotzita

Bilboko Atxuri auzoan hiru egunez bahituta izan dutela azaldu du emakumeak, eta sexu erasoak jasan dituela. Ospitalera eraman dute. Protestarako deia egin dute gaurko

Taldean egindako sexu eraso bat salatzeko protesta, iragan abuztuan, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

Hiru gizonezko atxilotu zituen herenegun Ertzaintzak Bilbon, emakume bat hiru egunez bahitu eta hari sexu erasoak egin izana leporatuta. Poliziak jakinarazi duenez, igande arratsaldean jarri zuen salaketa emakumeak berak. Haren arabera, Atxuri auzoko etxebizitza batean eduki zuten atxikita, joan den ostiral gauetik igandera arte. Ertzaintzaren esku daude atxilotutako hiru gizonak, epaile aurretik igarotzeko zain.

Hasieran, lau gizonezko atxilotu zituzten erasoaren harira, 33 eta 36 urte bitartekoak. Ondoren, ordea, lauretako bat aske utzi zuten, nahiko zantzu ez dutelako. Gainerako hirurei bi delitu leporatu dizkiete: sexu erasoa eta bahiketa. El Correo egunkariak jakinarazi zuen atxiloketen berri atzo, eta ondoren baieztatu zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Emakumea Basurtuko ospitalera eraman zuten artatzera.

Denbora gutxian Bilbon salatutako taldeko bigarren sexu erasoa da. Abuztuaren 2an, Ertzaintzak sei gizon atxilotu zituen, Etxebarria parkean emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Ospitalera eraman behar izan zuten andrea. Atxilotuetako bi kartzelara bidali zituzten, eta karguekin aske utzi zituzten besteak, baldintzapean. Hain justu, haiek bilatzeko agindua emana dute, agindutako egunetan ez zirelako epaitegira joan.

Beste bahiketa bat ere izan zen Bilbon abuztuan: hilaren 30ean, gizon bat atzeman zuten, sei egunez bikotekide ohia etxean atxiki eta bortxatzea leporatuta. Urruntze agindua zuen gizonak. Behin-behinean espetxeratu zuten.

Erasoaren salaketa

Asteburuko erasoa gaitzetsi dute Bilboko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek. Udaleko alderdiek aho batez adierazi diote «babes osoa» biktimari, eta «irmotasun osoz» gaitzetsi dute bahiketa. Era berean, «emakumeentzat errespetuzkoak ez diren jokabide guztiak» arbuiatu dituzte. Bide beretik jo dute Bizkaiko Batzar Nagusiek: konpromisoa agertu dute «berdintasunean eta justizian» oinarritutako gizartea lortzeko.

Mugimendu feministak protestara deitu du: gaur, 19:30ean, bilkura egingo dute San Anton zubian, Kalamiak Alde Zaharreko talde feministak antolatuta. Erakundeak protestan izango dira.

Jaurlaritzaren ikerketa batek dio 2.000 andre prostituitzen direla

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.