Jaurlaritzaren ikerketa batek dio 2.000 andre prostituitzen direla

Ion Orzaiz.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

Prostituzioan aritzen diren emakumezkoak 2.000-2.300 artean dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Emakume eta Nesken Salerosketaren eta Sexu Esplotazioaren Aurkako Mahaiak eman du datu hori, Carmen Meneses soziologoak prestatutako txosten berri bat oinarri hartuta. Emakundek koordinatutako organoa da, eta, bertan, ordezkaritza dute Eusko Jaurlaritzak; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru diputazioek; Ertzaintzak; fiskaltzak; Espainiako Gobernuko ordezkaritzak; eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek.

Prostituitzen diren emakumeen artean, giza salerosketaren eta sexu esplotazioaren biktima direnen kopurua zehaztea «oso zaila» dela azpimarratu dute txostenean, baina kalkulu bat eman du Menesesek, alor horretan jardunean diren taldeen datuak oinarritzat hartuta: %10 eta %15 artean lirateke giza salerosketaren biktimak (200 eta 300 artean).

Iaz, bestalde, nesken eta emakumeen salerosketari buruzko txostena taxutu zuen Accion contra la Trata erakundeak, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin. Horren arabera, Nafarroan prostituitzen diren emakumezkoak 800 inguru dira. Hortaz, bi ikerlanak aintzat hartuta, ia 3.000 emakume leudeke egoera horretan Hego Euskal Herrian; eta horietatik, 300 eta 450 artean izanen lirateke giza salerosketaren biktima.

Iaz, esate baterako, Ertzaintzak 92 emakume identifikatu zituen «giza trafikoaren balizko biktima» gisa; horietatik, hamazazpi kasutan frogatu ahal izan zuten sexu esplotazioa. Biktima guztiak migratzaile gazteak ziren: 18 eta 35 urte arteko emakumeak, Hego Amerikatik, Asiatik, Afrikatik eta Europako Ekialdetik etorriak.

Giza salerosketaren aurka

Emakundek datozen asteetan emanen ditu txostenari buruzko xehetasun guztiak, baina zenbait datu zabaldu nahi izan ditu, Sexu Esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren aurkako Nazioarteko Egunaren karira. Txostenaz gainera, sentsibilizazio eta formakuntza ekintzak egin ditu Emakume eta Nesken Salerosketaren eta Sexu Esplotazioaren Aurkako Mahaiak. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak bat egin dute helburu horiekin ere, eta nabarmendu dute emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko 2015eko foru legean jasota daudela giza salerosketari aurre egiteko «neurri integralak».

Hiru gizonezko atxilotu dituzte, andre bat bahitu eta hari eraso egitea egotzita

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.