Noiz sortua: 2020-02-26 00:30:00

Polizia abusuen 200 biktimak eskatu diote kalte-ordaina Jaurlaritzari

Eusko Jaurlaritzak Balorazio Batzordearen funtzionamendua arautzeko dekretua onartu du. Kaltetuek bi urteko epea dute kasua aurkeztu eta eskaerak egiteko
Artolazabal, Erkoreka eta Fernandez, atzo, prentsaurrekoan.
Artolazabal, Erkoreka eta Fernandez, atzo, prentsaurrekoan. IREKIA

Edurne Begiristain -

2020ko otsailak 26

1978 eta 1999 bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Poliziaren gehiegikeriak jasan zituzten biktimek aitortza eta erreparazioa eskatzeko aukera dute iazko irailetik; gaur arte, Jaurlaritzak berrehun espediente inguru tramitatu ditu, Jonan Fernandez Giza Eskubide eta Bizikidetza Idazkari nagusiak jakinarazi duenez. Kaltetuek bi urteko epea dute eskaerak aurkezteko 2021eko irailaren 21 arte eta gobernuak beste bi urte ditu eskaerei erantzuteko. Beraz, Jaurlaritzak kopuru hori handitzea espero du. Halere, Fernandez ez da ausartu zifra baten aurreikuspenak egitera. Horrez gain, bere garaian kalte-ordainak eskatu ez zituzten 1960tik 1978ra bitarteko biktimek apirilaren 16ra arte dute eskatzeko epea, Jaurlaritzak ezohiko deialdia egin baitzuen iaz. Epe horretan Poliziaren gehiegikeriak jasan zituzten ehun lagunek baino gehiagok eskatu dituzte kalte-ordainak.

Eusko Jaurlaritzak gaur onetsi du biktimen eskariak aztertu behar dituen Balorazio Batzordearen egitekoa arautzeko dekretua. Balorazio Batzordeak erabakiko du eskatzaileei biktima izaera aitortu ala ez, eta kalteen balorazioa egitea ere haren esku egongo da. Jaurlaritzak hilabete ugari eman ditu batzordearen egitekoa arautzen duen dekretua prestatzen, eta gaur jakinarazi du prest dagoela. Hemendik aurrera, beraz, organo horrek jasotako eskariak aztertzeari ekingo dio.

Batzordeak erabakiko du biktimen eskariak legeak zehaztutako baldintzekin bat datozen ala ez. Legeak jasotzen duenez, ondorengo baldintzak betetzen dituztenak hartuko dira giza eskubideen urraketatzat: «Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan» izandako gertaerak, errepresio jardueran «funtzionario publikoek parte hartu» dutenak, eta eskubideen urratzearen ondorioz «pertsonen bizitzari, osotasun fisiko, psikiko, moral zein sexualari kalte egin» zaienekoak.

Kalte-ordainei dagokienez, elbarritasun larria aitortzen zaien lagunek jasoko dute kopururik handiena: 390.000 euroko laguntza; eta elbarritasun partziala dutenek kopururik txikiena, 35.000 euro. Hilen senideek, berriz, 135.000 euroko ordaina izango dute. Legeak ere jasotzen du osasun arreta integralerako eskubidea, eskatzen dutenentzat.

Legez kontrako errepresio egoeran eskubideak urratu zaizkiela frogatzeko, kaltetuek administrazio ebazpena edo ebazpen judiziala aurkeztu beharko dute, edo, bestela, «zuzenbidean onartzen den beste edozein froga». Haatik, auzibideren bat zabalik dagoenetan, batzordeak eten egingo du eskarien tramitazioa.

Auzitegietan katramilatuta

Eusko Legebiltzarrak joan den urteko apirilean onartu zuen 1978tik 1999ra bitartean Poliziaren abusuak jasandakoei aitortza eta erreparazioa emateko legearen moldaketa. Espainiako Gobernuak PP Moncloan zegoela jarri zion helegitea legeari, Auzitegi Konstituzionalean, eta zenbait artikulu bertan behera utzi zituen. 2018ko uztailean, Jaurlaritzak eta Pedro Sanchezen gobernuak adostu zuten legean moldaketa batzuk egitea, eta aldaketekin egin zuen aurrera lege berriak, apirilean. Espainiako Gobernuaren helegitea gainditu bai, baina Ciudadanosek eta PPk errekurtso bana aurkeztu zuten gero, arauak justizian esku hartzen zuela argudiatuta. Konstituzionalak tramiterako onartu zituen errekurtsoak, baina oraindik ez du ebazpenik egin.

Biktimak erreparatzeko legea auzitegietan katramilatuta egonda ere, Jaurlaritzak ez du eten kalte-ordainak emateko prozedura, eta irailaz geroztik jasotzen ari da biktimen eskariak. Haatik, eskariak aztertu behar dituen Balorazio Batzordearen egitekoak eragin dizkio buruhauste gehien Jaurlaritzari. Batzorde horren lana jarri baita auzitan helegiteetan, justiziaren eskumenak urratzen dituela argudiatu baitute errekurtsoa aurkeztu dutenek.

Fernandezek gaur azaldu du Balorazio Batzordearen funtzionamendua arautuko duen dekretuak «segurtasun juridiko guztia» duela. «Bete beharreko tramite guztiak bete ditugu, eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenen barruan daude haren egitekoak», adierazi du. «Lasai gaude», esan du; ez du uste helegiteek legea indargabe utziko dutenik, eta, beraz, ziur dago araua «berme guztiekin» garatu ahal izango dela.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan lau pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, 22 positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bi gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.107 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.056 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Lanbide arduratuko da errenta berria banatzeaz. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarrera, muturreko pobrezia murrizteko

Irune Lasa

Espainiako Gobernuak diru saria onartu du, eta ekainean bertan hasiko da ordaintzen. Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute

Donostiako Zurriola hondartza, atzo. ©Gorka Rubio / FOKU.

Murgak ohartarazi du ezin direla errepikatu hondartzetan ikusi diren irudiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Jende pilaketak saihesteko eta hondartzen erabilera «dinamikoa» egiteko eskatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Aisialdirako bada, garraio publikoa ez erabiltzeko eskatu du, «jende asko dagoenean».

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. / ©Gorka Rubio, Foku

Eguneko udalekuak baimenduko dituzte hirugarren fasean Hegoaldean

Jon Ordoñez Garmendia

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertuko dira. Hogei pertsona arte elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna