EAJk «denbora gehiago» nahi du Madrilen gobernua eratu dadin

Hautagairik ez proposatzeko esan dio Aitor Estebanek Espainiako errege Felipe VI.ari. UPNk nahiago du berriro bozetara deitzea Sanchezek gobernatzea baino

Espainiako errege Felipe VI.a Aitor Estebanekin, atzo. S.MARISCAL MARTINEZ / EFE.
xabier martin
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako estatuburu Felipe VI.ak Espainiako Gobernuko presidentegai bat topatzeko lehen bilera sortari ekin dio, eta eman dezake gobernua eratzeko pausoak azkar ematen ari direla, baina irudipena besterik ez da. EAJren Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek garbi utzi zuen atzo zein den negoziazioen agertokia: Bilera sorta horretara «azkarregi» deitu du Felipe VI.ak, haren ustez, «orainez dagoelako segurtasunik gehiengo absolutuen inguruan». Estatuburuarekin batzartu aurretik ere, EAJko kideak argi esan zuen ez dela inondik inora ziurtzat jo behar jeltzaleek Sanchezen alde egingo dutela. Lerro artean aditzera eman zuen, halaber, oraindik ikusteko dagoela PSOE JxCrekin izaten ari den negoziazio konplexuak zer emaitza izango duen. EH Bilduk, ERCk eta Juntsek berak uko egin diote Espainiako erregearekin biltzeari.

Estebanen aurretik, UPNko presidente Javier Esparza hartu zuen Felipe VI.ak Madrilgo Zarzuelan. Esparzak berretsi egin zion erregeari UPNren diputatu bakarrak Alberto Nuñez Feijoo PPko hautagaiaren alde bozkatuko lukeela, eta argi utzi du baldin eta aukera horrek biderik aurkitzen ez badu berriro hauteskundeetara deitzea nahiko lukeela. «Sanchezek gobernatzeko independentisten eta ihes egindako baten babesa behar bada, UPNk nahiago du bozak egitea».

Agur Esparza hautagaiari

Baina Espainiako Gobernuaren osaketa alde batera utzita, UPN albiste da egunotan, Esparzak berak iragarri baitu ez dela Nafarroako presidentetzarako hautagai izango berriro. 2015ean, 2019an eta 2023an boto gehien lortu zuen hautagaia izan zen arren, ez zuen babes nahikorik lortu presidente bilakatzeko, saio horietan guztietan indar aurrerakoiek —eta bereziki EH Bilduk— bidea itxi ziotelako; joan den astean izan da azken aldia: koalizio abertzalearen abstentzioa tarteko, Maria Txibite (PSN) izendatu dute Nafarroako presidente. «Bizitzan zikloak daude, eta nik izan ditut nireak: aurrerantzean ez naiz Nafarroako Gobernurako hautagai izango», esan zuen Esparzak atzo.

EAJ, berriz, ez dago gustura azken legegintzaldian PSOErekin izan duen harremanarekin, EH Bilduk ere negoziatzaile rola hartu duen aroarekin, alegia, eta Estebanek esan zuenlitekeena dela Zarzuelan beste bilera sorta bat egin behar izatea. Are, ez zuen baztertu berriro hauteskundeetara deitu behar izatea, «nahiz eta aukera hori saihestea komeni den».

Finean, PSOEk eta Sumarrek Kataluniako eta Euskal Herriko indar abertzaleen botoak jasotzeko izango dituzten zailtasunei buruz aritu zen EAJko bozeramailea lerro artean. Besteak beste, lurraldetasunaren arloan aurrerapausoak emateko abagune gisa ikusten dute legegintzaldi hau zenbait alderdik; besteak beste, EH Bilduk eta EAJk berak. Juntsekin eta ERCrekin abiarazi diren negoziazioetan, berriz, amnistiak hartu du berezko lekua, baina autodeterminazio erreferenduma ere aldiro ekarri dute hizpidera alderdi horiek, batez ere JxCk.

Estebanek esandakoaren arabera, benetako negoziazioak ez dira hasi oraindik. Jeltzaleak garbi utzi zuen EAJk ez duela babestuko PPren hautagai Alberto Nuñez Feijoo. Asteburuan, PPk berriro eskatu dio EAJri babes horren inguruan «hausnartu» dezala, baina Sabin Etxean oso argi daukate nola jokatu auzi horretan, Estebanen hitzak aintzat hartuz gero: «EAJ ez da egongo Vox beharrezkoa den inolako ariketatan».

Horiek horrela, jeltzaleen bozeramaileak«denbora tarte bat» eskatu zuen negoziazioek aurrera egin dezaten: «Ezin dugu inbestidura flash bat martxan jarri gehiengo argi bat balego bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.