Integratzailea eta eraikitzailea izango den memoriaren zentro bat aldarrikatu dute

'Memoria osoa, bizikidetzaren alde' kanpaina aurkeztu dute hamahiru eragilek. Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroaren proiektua baztertu dute. Zenbait ekintza izango dira, eta manifestuarekin bat egin daiteke

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa gaitzetsi, eta Memoria osoa, bizikidetzaren alde kanpaina aurkeztu zuten atzo hamahiru eragilek, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Hamahiru memoria elkartek memoriaren zentro eraikitzaile eta integratzaile baten aldeko apustua egin, eta Memoria osoa, bizikidetzaren alde kanpaina aurkeztu zuten atzo Gasteizen, Giza Eskubideen Nazioarteko egun berean. Haien arabera, Euskal Herria memoria duen herri bat da, eta ezin dira ahaztu gaur arte egindako giza eskubideen urraketak. Bizikidetza eraikitzearen aldeko urratsak egin nahi dituzte. Izan ere, nabarmendu zuten Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroaren proiektuak ez duela hori bermatzen, biktimen errealitatearen zati handi bat bazter uzten duelako eta hori bizikidetzarako arazo bat delako. Webgune bat ere martxan jarri dute, atzo aurkeztu zuten manifestuarekin bat egiten dutenek atxikimendua eman dezaten.

Hain zuzen, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak 2014an erabaki zuen zentro hori Gasteizen eraikitzea. Eragileek jakinarazi zutenez, gune horren oinarrian lege bat dago, eta horrek zehazten du «1960ko urtarrilaren 1etik erregistratutako terrorismoaren adierazpen guztien biktimekiko aitorpen, errespetu eta elkartasun zeinua» izan nahi duela. Hala ere, salatu zuten lege horren planteamendutik kanpo gelditzen direla data horren ostean edo lehenago Espainiako Estatuaren aparatuek egindako giza eskubideen urraketen milaka biktima. Areago, erantsi zuten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartutako legeetan dagoeneko biktima horietako batzuk gogoan hartzen direla, baina aitortza ez dela beste biktima batzuen adinakoa. «Biktima asko daude aitortu gabe, eta giza eskubideen urraketen mapara gehitzeko». Horregatik iruditzen zaie garrantzitsua urrats propioak egitea.

Kanpainarekin bat egin dute, besteak beste, Egiari Zor fundazioak, Intxorta 1937 elkarteak, Gernika batzordeak eta Sanferminak 78: Gogoan! elkarteak. Inolako bazterkeriarik eta diskriminaziorik gabeko memoria osoaren aldeko hautua egin dute, bizikidetza eraikitzeko erronka mahai gainean jarrita: «Asko dira gure zauri irekiak, eta ez ditugu ahaztu indarkeria adierazpen ugarik eragindako marka horiek». Azken batean, biktimek jasandako indarkeria bera inork ez pairatzea desio dute.

Beraz, elkartutako eragileek uste dute erronka horrek kolektiboa izan behar duela, eta bizikidetza «ikuspegi integral batean» oinarritu behar dela, azken hamarkadetako «sufrimenduaren mapa» osatzen duten errealitateak ahaztu gabe. «Norabide on horretan pauso batzuk eman dira, tokian tokiko esperientziak eta dinamikak, modu inklusiboan bizikidetza eraikitzea errazten dutenak». Hala ere, argi dute bidea «zailtasunez» beteta dagoela, «estrategia diskriminatzaileak» daudelako: «Nabarmenak dira arriskuak».

Zentroaren proiektua gaitzetsi, eta giza eskubideen urraketa guztiak oinarri izango dituen proiektu bat bultzatzea da helburua. Hala, memoria osoa oinarri hartuko duten dinamikak bultzatzeko eskatu zieten Euskal Herriko erakundeei eta elkarteei, baita bazterkeriarik gabeko bizikidetza eraikitzekoa ere. Instituzioekin, oraingoz, ez dira harremanetan jarri, baina beraien atxikimendua eman dezakete kanpainarako propio sortu duten webgunean. Halere, aitortu zuten nahiko luketela instituzio gehienek manifestuarekin bat egitea: «Uste dugu oso oinarrizkoa dela eskatzen duguna, eta argia dela egungo eskubideen urraketa eta biktima askorekiko bazterkeria».

Kanpaina, aurrera

Memoria elkarteen arabera, atzo aurkeztu zuten manifestuarekin bat egiteko aukera izango dute norbanakoek, eragileek eta erakundeek ere datozen egunetan, www.memoriaosoa.eus webgunean. Baina, horrez gain, memoria eragileek azaldu zuten kanpaina ahalik eta gehiena gizarteratzeko asmoa dutela, eta beraz, ekinbide berriak aurkeztea izango dela asmoa. Hala ere, ez zutenaurreratu zeintzuk izango diren egingo dituzten planteamendu berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.