Frantziak ez ditu lan egitera uzten paperik gabeko etorkinak

Etorkin papergabeei egin tratua salatu dute etorkinenganako elkartasunezko elkarteek. Lanean aritu nahi dute, eta enpresak prest dira hartzeko, baina estatuak ez die uzten

Frantziak ez ditu lan egitera uzten paperik gabeko etorkinak.
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Cimade eta Etorkinekin elkartasun elkarteek paperik gabe utziak dituzten etorkinen egoera salatu dute: lanean ari izan nahi lukete, lan sail batzuetan sekulako langile beharra badute, enpresak prest lirateke etorkinen enplegatzeko, baina, Frantziako Estatuko administrazioaren mehatxupean, gibel egiten dute. Elkarteek egin kalkuluen arabera, hirurehun enpresa dira Ipar Euskal Herrian langile beharretan direnak, eta 13.200 lanpostu betegabeak.

«Etorkin asko, asko, asko bada hemen», dio Helene Ducarre Cimade elkarteko kideak. «Zenbat? Ez dakigu. Dakien bakarra osasun asurantza da». Osasun asurantzak ematen dizkie EMLak, estatuko medikuntza laguntza txartelak. Hiru hilabete bederen lurraldean dagoela eta egoitza helbide bat duela erakusten badu etorkin orok, osasun asurantzako agiriaren zuzena du. Elikadura, aterpe, laguntza orotako elkartasun elkarteek anitz ikusten dituztela dio Ducarrek. «Guk badakigu ehunka direla, eta gorderik bizi direla», beldur baitira Poliziak atzeman eta kanporatze manua ukaitea.

Lan sail batzuk dira bereziki langile bila dabiltzanak: garbiketa enpresak, etxe laguntzako enpresak eta ostalaritza. Etorkinen laguntza elkarteek Pole Emploi erakundeak eman zenbakiak aztertu dituzte. Enplegu horietarako «tokiko» hautagai kopuruak eta betetzekoak diren lanpostuak alderatu dituzte. Ondorioa argi da: «Langile eskasia handia bada», Ducarrek erran duenez. LAB sindikatuak ohartarazi du lan baldintzak hobeak balira sail horietan egoera besterik litzatekeela. Bizkitartean, ikusiz lanpostu kopurua, denen beharra balitzatekeela uste du Ducarrek.

Tunisiarren bila

Etorkinak kukuturik bizi dira, eta enplegatzaileak laster uzkurtzen estatuaren mehatxuaren aitzinean: «Enplegatzaileei erraten zaielarik 15.000 euroko isuna eta bost urteko presondegia arriskatzen dutela, bistan da, gibel egiten dute».

Egoera «zentzugabea» dela iduritzen zaio Ducarreri, ezen UMI ostalaritza enpresen sindikatuak jakinarazi baitu langile xerka joan direla Tunisiara. «UMIk 300.000 tunisiar enplegatzea proposatu du uda garaiko bost hilabeteetarako». Elkarteek jakin dutenez, Turkiako Frantziaren enbaxadarekin harremanak egin dituzte enpresek langile turkiarrak Frantziako Estatura jinarazteko. «Jendea jin dadin lan egitera ez zaigu arazo bat, baina, lehenik, bertan ditugun etorkinak miseriatik eta kukutzetik jalgi ditzagun», erran du Ducarrek.

Berriki arte oraino, estatuaren ordezkaria den prefetak salbuespenak egin zitzakeen paperik gabeko etorkinekin, lan egiten uzteko. «Gauzak aldatu dituzte, eta orain Barne Ministerioko Internet plataforma batetik pasatu behar duzu, eta martxan da bakarrik jada egonaldi baimena baldin baduzu». Horra arte Valls zirkularra erabiltzen zen. Horren arabera, frogatzen bazen bost urte hauetan estatuan bizi eta zortzi hilabetez lan egin dela —legez kanpoa bada ere— edo, hiru urtez herrialdean bizi eta 24 hilabetez lan egin, paperak lor zitezkeen.«Izan ditugu erregularizatu direnak», dio Ducarrek. Prefetak badu zirkular horren baliatzeko ahala, «baina gaur egun ez da gehiago lanaren bidezko erregularizaziorik».

Badira, halere, enpresa batzuk paperik gabe den langilea hartzen dutenak. Beste egoera «zuzenkontrakoa» gertatzen da halakoetan. Bai langileak, bai enpresak kotizazio sozialak pagatzen dizkiote estatuari; bizkitartean, langilea gerizarik gabe gelditzen da. «Egonaldi baimenik ez duenez, ez du lan istripuetarako asurantzarik. Osasun asurantzari deklaratzen badio lanean ari dela, EML agiria galtzen du; erran nahi du osasun asurantza gabe gelditzen dela. Eta, alabaina, ez du etxebizitza laguntzarik, ez du langabezia sarirako eskubiderik, ez du formakuntzarako eskubiderik». Halere, batere babesik gabe gelditurik ere, batzuek lan egin nahiago dute, «diru sartze ttipi bat delako, eta, sustut, duintasun zerbait berreskuratzen dutelako».

Adingabeak

Duela zenbait denbora adingabe gisa heldu ziren etorkinen egoera ere aipatu du Ducarrek. Anitzek, eskolak eginik, diplomak erdietsi dituzte, baina administrazioak ez zituelako adingabe gisa ezagutu, ez dira lanean aritzen ahal.

Ez dira guti duela zenbait urte Ipar Euskal Herrira heldu eta elkartasun familietan aterpetuak izan zirenak. «Familiek eskolatu, eta CAP edo lanbide baxoa eskuratu dute; administrazioari galdegin diogularik aprendiz kontratu bat egin dezaketen, ezetz, ezetz eta ezetz erran digu».

Ezinegon horri guziari aterabidea bilatzeko, prefetari bilkura bat eskatuko diote Cimade eta Etorkinekin elkarteek, gutun bidez. Enplegatzaileak, langile sindikatuak eta etorkinez arduratzen diren elkartasun elkarteak bilduko lituzkeen bilkura bat nahi lukete egin prefeturarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.