Trantsizio energetikorako legeak klima neutraltasuna du xede 2050erako

Eusko Jaurlaritzak onartu du lege proiektua, eta Eusko Legebiltzarraren esku utzi du. Deskarbonizazioa sustatu nahi dute energia ereduan, garraioan eta industrian

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburua, atzo. EUSKO JAURLARITZA.
gurutze izagirre intxauspe
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Lege proiektua aurkeztu zuen atzo, gobernu kontseiluak onartu ostean. Maila horretako eskumen nagusiak estatuei badagozkie ere, Jaurlaritzak bere eragin eremurako esparru bat ezarri nahi izan du lege proiektu horren bidez. Eztabaidagai jarriko da lege proiektua, eta espero du legealdi honen amaieran onartzea eta indarrean sartzea. Helburu nagusi bat du: 2050erako klima neutraltasuna lortzea. Helburu horri begirako jarduera planak proposatu ditu, batez ere.

Tapiak berak emandako azalpenen arabera, 2020an berotegi gasen isurien %84 energia enpresek, garraioak eta industriak isuritakoak izan ziren. Industriari dagokionez, fundizioa, siderurgia, papera, biokimika eta zementua lehengai dituzten industriak aipatu zituen. Azaldu zuen «eredu ekonomikoaren trantsizioa» egin beharko dela, eta industria eredua aldatu egingo dela. «Ekonomiaren ereduak, kontsumo ohiturak-eta goitik behera aldatu beharko dira; horretaz kontziente izan behar dugu». Horretarako, egungo industria eredua deskarbonizatu behar da. Bide horretan, besteak beste, hidrogeno berdea sustatuko dutela esan zuen Tapiak, batez ere gasa ordezkatzeko. Horrekin batera, energia berriztagarriak, energien biltegiak eta garraio jasangarria ere sustatuko dituzte.

Industriaren lehiakortasuna sustatuko dute, «ekonomia zirkularragoa bermatuz». Baina industriaz gain, gainerako sektoreen ekarpena beharko dela esan du, erakundeek eta norbanakoek ere deskarbonizazioari begirako jarduerak egin behar dituztela berretsita.

Zerga hobariak

Hainbat jarduera jasotzen ditu legeak bide horretan. Batetik, fiskalitatea. Udalak, mankomunitateak, aldundiek eta Jaurlaritzak elkarlanean adostu ostean, zerga hobariak proposatzen dituzte «klima aldaketarako egokitzapena errazten» dutenentzat eta berotegi gasen isuriak gutxitzen dituzten jardunentzat.

Jarduera horiek inskribatzeko, erregistro bat sortuko da. Hor erregistratzea borondatezkoa izango da. Erakunde publikoek eta pribatuek klima aldaketan egiten dituzten jarduketak inskribatu ahal izango dituzte, eta titularrek hobariak jasoko dituzte.

5.000 biztanletik gorako udalerriek eta lurralde historikoek klima eta energia planak sortu beharko dituzte, euren eskumenen esparruan, lurraldeko helburuak lagunduz. 5.000 biztanletik beherakoek planak indibidualki edo eskualde mailan garatu ahal izango dituzte. Legea onartzen denetik bi urteko epea izango dute horretarako. Jarraipena egiteko, Klima Aldaketaren Bulego bat sortuko da, helburuak zenbateraino betetzen diren kontrolatzeko.

Hori guztia justizia sozialean oinarrituta egitea dute helburu. Trantsizio bidezko eta jasangarria izatea nahi dute, kostuen eta kargen banaketa ekitatiboa kontuan hartuta, eta sektore ekonomiko, lurralde eta biztanle zaurgarrienei arreta jarriz, «trantsizioa desberdintasunen kausa izan ez dadin». Partaidetza bermatu nahi dute, batetik berdintasun terminoetan, eta bestetik gazteen ekarpenak jasoz.

Parte hartze hori sustatzeko, energia trantsizioaren eta klima aldaketaren Herritarren Batzarra sortzea aurreikusten du legeak, eta dekretu bidez arautuko ditu eraketa, antolamendua eta funtzionamendua. Udalerrietan ere sor litezke halako batzarrak, eta ekarpenak jasoko dituzte, eskumenak dituzten dagozkien organoei bidaltzeko.

Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen lege proiektuan ere jaso beharko du energia eta klima ikuspegia. Gainerako erakundeek aurrekontuetan diru sail hori sustatzea aurreikusten du legeak.

Legebiltzarraren esku dago testua, eta ekarpenak jasotzeko epea ireki dute.

«Hauteskunde kutsua»

David Soto Elkarrekin-Podemos IUko legebiltzarkideak «hauteskunde kutsua» ikusi dio lege proiektu hau kanpainan aurkeztu izanari. Uste du «energia oligopolioen» mesedetan egiten duela, eta energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala ere ahal izan duen heinean atzeratu egin duela Tapiak, «multinazional energetikoen interesetara egokitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.