Katalunia

ERCk JxCren babesa nahi du Espainiari negoziatzea eskatzeko

Bi alderdiek bilkura egin dute Pedro Sanchezen inbestiduraz hitz egiteko, eta «ezezkoan» segitzen dute. Quim Torrak eta Carles Puigdemontek «bilera pribatua» egin dute Belgikan

Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
ERC Esquerra Republicanak eta JxC Junts Per Catalunya alderdiek, Generalitatea osatzen duten biek, bilera egin zuten atzo Kataluniako Parlamentuan, eta mahai gainean izan zuten Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearen inbestidura saioan zer bozkatu. «Ezezkoa bozkatzekotan gaude orain», azaldu zuten bi alderdietako iturriek hitzorduaren ostean; datorren astean beste bilera bat egiteko geratu ziren.

Saio horri begira, ERCk militanteei emango die aukera inbestiduran ezezkoari eutsi edo ez erabakitzeko; datorren astelehenean bozkatuko dute. Galdera zehatz bati erantzungo diote: «Ados al zaude Sanchezen inbestidura atzera botatzearekin baldin eta aurretik ez badago harekin akordiorik gatazka politikoari aurre egiteko negoziazio mahai batean?». Alderdiak JxCri ere ildo bereko eskaera egin zion atzoko bileran: «Baldintzarik gabeko» negoziazio mahai bat abian jartzeko eskatzea Espainiari, egutegi zehatz batekin, eta ekinaldi horri babesa emateko.

Bi alderdi horiek bildu ziren ordu bertsuan, Quim Torra Generalitateko presidentea eta Carles Puigdemont haren aurrekoa Waterloon (Belgika) elkartu ziren, «bilera pribatu batean», presidentearen agenda ofizialean ez zegoen hitzordu batean. Uztailaz geroztik aurrez aurre elkar ikusi gabe zeuden JxC alderdiko bi kide horiek; hortaz, prozesu subiranistaren epaia jakin zenetik lehenengoz batzartu ziren.

Ez zuten adierazpenik egin solasaldiaren ondoren, baina, Ara egunkariak zabaldu zuenez, «Espainiako hauteskundeen ondorengo inbestidura eta Kataluniako legealdian gerta daitezkeen egoerak» izan zituzten hizpide. Inbestiduraren harira, Puigdemontek Twitterren aipatu zuen gobernua ez dela «soilik kargua hartzea: aurrekontuak ere» badirela. Bruselatik Espainiari eman dioten abisuaz ari zen, gero zehaztu zuenez: «Europak esan dio Espainiari aurrekontuak doitu beharko dituela defizitaren eta zorraren helburuak betetzeko».

Ez da erraza, dena den, ezer finkotzat jotzea Kataluniako egoeran; besteak beste, Torra presidentearen kargua ere kolokan dagoelako. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak presidentea berriz ikertzeko eskatu zuen atzo, eraikin publikoetatik xingola horiak ez kentzeagatik. Astelehenean bertan beste epaiketa bat egin zioten, «preso politikoak» askatzeko eskatzen zuten sinboloak «garaiz ez kentzeagatik».

Inhabilitazio zigorra ezarriko baliote, hauek lirateke ondorioak: Pere Aragones presidenteordea jarriko lukete haren ordez, eta hamar eguneko epea izango lukete Kataluniako Parlamentuan beste presidente bat izendatzeko. Inor aukeratuko ez balute, saio hori egin eta bi hilabetera deituko lukete bozetara.

Parlamentuaren epaiketa

Epaitegietatik, Torraren bigarren auziaz gain, beste albiste bat ere atera zen atzo: Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen parlamentuko mahaiko aurreko kideen aurkako epaiketa —Carme Forcadell presoa buru zuena—.

Auzitegiak denbora eskatu zuen auzia Auzitegi Gorenera bidali behar duten edo ez ebazteko, Joan Josep Nuet mahaikide ohia Espainiako Kongresuko diputatu hautatu baitzuten duela hamar bat egun. Desobedientzia egotzi diete mahaiko kideei, eta, berez, azaro amaieran eta abendu hasieran egitekoa zen epaiketa.

Horiek horrela, baliteke auzia abiapuntura itzultzea, Gorenak bidali baitzuen Kataluniako auzitegira, Forcadellen eta gainontzeko presoen auzitik bereizita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.