Lara Izagirreren 'Nora' filma irailaren 3an estreinatuko dute, Iruñean

Euskal Herri osoan aldi berean film bat estreinatzen den lehen aldia izanen da . Heriotza batetik abiatuta, filmak Nora protagonistak egindako bidaia islatzen du

Ezkerretik eskuinera, Aranbarri, Izagirre eta Olaz, Nora filmaren eszena bat irudikatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Heriotzaren osteko doluaren prozesuan Norak egindako bidaia islatzen du Nora filmak. Donostiako Zinemaldian eman zuten pelikula iaz, eta irailaren 3an Iruñean estreinatuko dute; hala iragarri zuen Lara Izagirre zuzendariak atzo Iruñeko Yamaguchi parkeko Golem zinema aretoan. Ondoren beste areto batzuetara zabalduko dute, eta Euskal Herri osoan aldi berean film bat estreinatuko den lehen aldia izanen da. «Filmean Norak muga zeharkatzen duenez ikuslea konturatu gabe, estreinaldia aldi berean eginda hori islatu nahi izan dugu», nabarmendu zuen Izagirrek. Zuzendu duen bigarren filma da, eta zuzendaritzaz gain, pelikulako gidoilaria eta ekoizleetako bat izan da.

Ane Pikaza aktoreak Nora protagonistaren rola antzeztu du. Nora bere aitatxirekin bizi da. Aitatxi hil ostean, Euskal Herriko kostaldean zehar bidaia bat egitea erabakitzen du. Bidaian eguneroko egoerak islatzen direla dio zuzendariak: «Filmek bizitzaren antza izatea gustuko dut, edo behintzat nik bizitza nola hautematen dudan islatzea». Horregatik, bidaian Norak bizitako gorabeherak islatzen dira.

Zuzendariak norekin lan egin erabakitzeko orduan pertsonen energian eta pertsonekin sortzen diren konexioetan jartzen du arreta. Protagonista bilatzerakoan, Izagirrek argi zeukan zer energia eduki behar zuen: «Traketsa eta dibertigarria, baina pasatu gabe». Pikazak transmititzen duen energia ikustean, «argi» izan zuen.

Filma Noraren bizipenetan zentratzen da, baina badira beste pertsonaia batzuk; Amaia Aberasturi, Iñigo Aranbarri, Itziar Ituño eta Kepa Errasti aktoreek antzezten dituzte. Aktoreen hautaproben artean zailena Iñigo Aranbarrirena izan zela azaldu du Izagirrek. Pertsonaia bat sortzen duenean topikoetatik abiatzen da, ostean hortik urrundu eta garatuz joateko. Hasiera batean, Aranbarrik antzezten duen pertsonaia gizon harroputz eta andrezale bat zen. Hortik abiatuta, pertsonaiak «zalantzak» sortzen zizkion. Hortaz, pertsonaia hori garatu eta hasierako ideiari buelta ematea zailena izan da, azaldu duenez: «Ahalik eta errespetutsuena den pertsonaia sortu nahi genuen; batez ere, beharrak entzuten zituena».

Filmean lantzen diren gaien artean daude, besteak beste, harremanak, zaintza, lanbideak, heriotza eta doluaren faseak. Film bat denez, denbora mugatua da, horregatik, doluaren prozesuaren faseak «konprimatuta» islatzen saiatu dira. Hasiera batean faseak kontuan hartu gabe hasi ziren lanean, baina Pikazarekin hitz eginda ikusi zuten sekuentzia batzuen edukia atzeratu behar zela, faseak ez zeudelako ondo islatuta. «Hori erakusten duten detaile txikiz josita dago».

Bidaian elkarrizketarik gabeko isiluneak sortzen dira, eta horrek pelikularako konposatutako musika entzuteko aukera ematen du. Paula Olazek eta Pascal Gaignek elkarrekin sortu dute musika. Gainera, Gaignek beste pertsona batekin sortu duen lehengo aldia izan da. Lan egiteko izan duten askatasuna azpimarratu du Olazek: «Larak askatasun handia eman zigun, eta nik asko estimatu dut hori». Askatasun horrek eta musika sortzeko denbora luzea izateak «intimoa, originala eta errepikaezina» egin dute musika, haren ustez.

2015ean Izagirrek bere lehenengo filma estreinatu zuen, Un otoño sin Berlín (Udazken bat Berlin gabe). Pelikulan, musikarako espazio gutxiago utzi zuen. «Ez dut gustuko pelikulak ni emozio jakin batera bideratzea, eta musikak beste bat inposatzea», azaldu du. Hala ere, Nora filmean, lehenengoan ez bezala, erlaxatu behar zela sentitu zuen.

Konpositoreek horrekin bat egin zuten, eta ikuslea gidatu baino gehiago, Nora nola sentitzen zen islatu nahi izan zuten. «Delikatua izan behar zen; horregatik, batzuetan emozionalagoa da, eta, beste batzuetan, psikologikoagoa», azaldu du Olazek. Filmean protagonistak eboluzionatzen du, eta, aldi berean, musikak ere eboluzio hori du. Filmean Izarok sortutako Nora kanta ere entzun daiteke.

Film motelak

Gidoiaren idazketa, produkzioa, postprodukzioa eta COVID-19ak eragindako geldialdiak batuta, Izagirrek sei urte igaro ditu pelikula sortzen. Gauzak mantso sortzea gustuko du: «Slow film kontzeptua bultzatuko dut». Izagirrek lasaitasunez eta poliki sortzea gustuko duenez, aktore bakoitza aukeratzeko probaren ostean, kafearen proba egiten dute: «Probarik garrantzitsuena da, bertan ikusten baitut lan egiteko kontzeptu bera dugun, eta konektatuta gauden». Olazentzat prozesua luzea izatea lagungarria izan da, «filmean Norak bidaiatzen duen moduan, prozesua ere bidaia bat izan delako».

Irailaren 3an estreinatuko dute Nora filma Iruñean. Nafarroako beste toki batzuetan noiz eta non estreinatuko duten aste honen amaieran jakingo dute. Golem zinemetan aurkeztu zuten atzo pelikula, eta irailaren 3an bertan estreinatzea «berezia» izango da lantaldearentzat. Izan ere, Zinema eta Emakumeak nazioarteko jaialdian areto horretan proiektatu zuten filma. Izagirrerentzat «ederra» izan zen hainbeste emakume ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.