«Kezka» batetik abiatuta

Ertzain talde batek Ertzain Abertzaleen Elkartea sortu du. «Euskararen eta ertzain senaren gabeziak» bultzatu ditu pauso hori ematera, BERRIAri azaldu diotenez.

Ertzaintzaren 26. promozioaren diplomen banaketa, Arkautiko akademian, ekainaren 27an. JOSE RAMON GOMEZ / EFE.
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Ertzaintzaren espiritua» da 1982. urtean sortu eta lanean hasi ziren ertzainek belaunaldi berriei faltan sumatzen dietena. Herriarekiko lotura eta euskara dira batik bat kezka nagusiak, eta gabezia horiei jarraikiz sortu zuten Ertzain Abertzaleen Elkartea, apirilaren 26an, Gernikan (Bizkaia). Argitara emandako oharrean, Ertzaintza «integrala» eta «euskalduna» aipatzen dute euskal gizartearen eta autogobernuaren ardatz nagusi gisa. Eta hori hala izan dadin egingo dute lan.

Teo Zuluaga elkarteko presidenteak BERRIAri azaldu dionez, argi dituzte helburuak: erakundean euskararen erabilera bultzatzea, Ertzaintzaren sena berreskuratzea eta ezagutzera ematea Ertzaintzaren historia eta jarduna. Sorrerako agirian esan dutenez, «Euskadirekiko konpromisoa» erakutsi nahi dute. Eta «kohesionatuta» eta «bakean» bizi den herri bat nahi dute. Zuluagak dio ez direla sortu inoren aurka egiteko; ez direla sindikatu berri bat, ezta alderdi politiko baten adarra ere: «Ideia ezberdinetako jendea gaude taldean». Izan ere, «euskal gizartearen balioetara» hurbildu nahi dute, elkarteak azaldu duenez.

Zuluagaren arabera, ertzain izatea ez da legea betetzea eta betearaztea soilik; herriari zerbitzu bat ematea ere bada. Horregatik, uste dute ezinbestekoa dela «herriarekiko» gertutasuna erakustea, eta herri eta erakunde bateko kide izatearen «harrotasuna» erakustea. Ertzain izateaz harro da elkartearen leloa. Ertzaintza begi onez ikusia eta errespetatua izatea jarri dute helburu.

Zuluagak azaldu du langile gehienek ertzain izateko ilusioa zutela hasierako urteetan: «Herriari beste polizia mota bat eskaintzeko asmoarekin sortu zen Ertzaintza». Baina ikusi du oraingo gazteek behar hori ez dutela sentitzen; langile on asko daudela, baina batzuek ez dutela argi zer den ertzain izatea. Ilusio falta hori eta euskararen gabezia sarri izaten zituzten otordu osteko hizketagai, presidentearen arabera; hortik sortu zen taldea sortzeko ideia duela bi urte inguru.

Hamabost bat kide hasi ziren gaia lantzen, eta, solasaldi batzuen ostean, bilera zabal batera deitzeko ordua zela pentsatu zuten: «Gure harrigarri, 70 lagun baino gehiago bildu ginen lehenengo batzar hartan; zahar eta gazte, denetarik». Ondoren, bilera formalak etorri ziren; gero, estatutu batzuk lantzea eta elkartea sortzen hasteko erabakia. Sortze agiria osatu zuten, eta elkarte gisa erregistratzeko bidea hartu zuten apirilaren 26ko batzarrean. Ohar horretan, oinarri nagusiak jaso zituzten: batetik, «euskal gizartearekiko bizikidetasuna eta hurbiltasuna sustatzea»; bestetik, «konpromiso instituzionala lantzea»; eta, azkenik, «Euskal Herriko sustraiak eta ohiturak errespetatzea».

Ikasturteari begira

Ebazpenaren zain daude; ez dute behin betiko baimena jaso erregistrotik, baina ikasturte hasieran dute burua. Irailean eta urrian agerraldi publikoak egitea dute pentsatua, lankide eta herritarrei zertan dabiltzan eta zer egingo duten azaltzeko. Zuluagak adierazi du bat egingo dutela Euskaraldia egitasmoarekin, euskara sustatzea elkartearen oinarrietako bat baita. Ertzaintzaren historia jasotzen ari dira, eta webgune bat martxan jartzeko asmoa ere badute. «Urte beltz eta gogorrak pasatu eta gero, gure asmoetako bat ateak zabaltzea da», kontatu du Zuluagak. Ertzaintza zer den jakiteko, zer lan egiten duen, eta nola funtzionatzen duen erakusteko abagunea dela dio.

Sortze dokumentuan, Zuluagak adierazi du Ertzaintzako kide orok taldeko ateak zabalik dituela: «Ertzaintzaren jatorrizko balioak aldarrikatzen eta defendatzen dituzten agente guztientzat dago irekita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.