'De Miguel auzia'. Ondorena

Bihar erabakiko dute 'De Miguel auziko' zigortuak espetxera bidaliko dituzten

Zigorrik handienak dituztenak espetxeratzeko eskatu du fiskalak. Biharko saioa 09:30ean hasiko da, eta ateak itxita egingo dute. Ortuzarrek dio ez duela onartuko «leziorik»

'De Miguel auzia'. Auzipetuak, epaiketan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
jon olano
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Arabako Probintzia Auzitegiak De Miguel auziko epaia argitaratu eta biharamunean, Arabako Fiskaltzak idatzi bat bidali du auzitegira, eskatzeko berehala espetxeratu ditzatela zigor handienak jarri dizkieten auzipetuak: Alfredo de Miguel EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako diputatua 2007tik 2010era, Koldo Otxandiano ABBko kide ohia, Xabier Sanchez Robles Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazte eta Ekintza Komunitarioko zuzendari ohia, Aitor Telleria ABBko kide ohia, Iñaki San Juan Leioako Kultura zinegotzi ohia (EAJ) eta Josu Montes Ortzi Mugako administratzaile eta Errexaleko langilea. Fiskalaren eskaria aztertzeko auzi saioa ateak itxita egingo dute, bihar, 09:30etik aurrera.

Guztiei lau urtetik gorako espetxealdiak ezarri dizkie epaimahaiak; hamahiru urte eta hiru hilekoa De Migueli, zazpi eta erdikoa Otxandianori, seikoa Telleriari, zazpikoa Sanchez Roblesi, bostekoa San Juani eta lau urte eta lau hilabetekoa Montesi.

Auzian epaitutako 26 lagunetatik 15 zigortu dituzte; besteak beste, eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuak faltsutzea egotzi diete. Epaimahaiak asteartean eman zuen erabakiaren berri, baina erabakiak oihartzuna izan zuen atzo ere; Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak barkamena eskatu zuen, baina erantsi alderdia ez dela erantzulea: «EAJ ez dago inplikatuta De Miguel auzian; sententziak berak esaten du. Baina tartean daude alderdiko militante eta kargu publikoak. Kaltetu nagusiak gara, horrelako jarrerak dituzten pertsonak izateagatik. Ezin dugu babestu ezer gertatuko ez balitz bezala».

Hortik aurrera, ezker-eskuin banatu zituen kritikak: batetik, EH Bilduri zuzenduta, adierazi zuen «Euskadin ustelkeria egon bada, hori iraultza zerga» izan dela: «Hortik onurak atera ditu modu aktiboan eta pasiboan. Ez dugu onartuko ezker abertzalearen leziorik». Bestetik, enplegua erregulatzeko espedienteen Andaluziako kasuarekin eta Gürtel auziarekin alderatzea gaitzetsi zuen: «Argi dago aldea: ez dugu onurarik atera, eta ez zen botoak lortzeko». EAJk hasiera-hasieratik erantzun duela nabarmendu du, bere garaian PPk ez bezala. «Ez da gure kasua, nahiz eta eragiten digun».

EH Bilduk, ordea, «ekintzak» eskatu ditu, eta ez «hitz hutsak», auzian «egiaztatu diren praktika ustelak desagerrarazteko». Agerraldi batean, Larraitz Ugarte, Eva Lopez de Arroiabe, Mikel Otero eta Ibon San Saturnino indar subiranistako legebiltzarkideek baztertu egin dute auzia «kontu partikular bat» izatea: «Orain, [Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo] Urkulluk eta Ortuzarrek barkamena eskatu diete herritarrei, erantzukizunak gainetik kentzeko asmoz. Ez omen zekiten ezer. Benetan inork pentsa al dezake herri honetan urteetan funtzionatu duen trama batek, hainbat administraziotan modu irregularrean kontratuak esleitu eta esleipenengatik komisioak kobratu zituenak, modu autonomoan funtzionatu zuela, inork horren berri izan gabe?».

Bestalde, Elkarrekin Podemosek Gasteizko Udalean duen taldeak eskatu du, epaiaren ostean, bertan behera uzteko Miñaoko parke teknologikoa handitzeko tramitazioa, argudiatuta plan hori idaztea legez kanpo adjudikatu ziotela Stoa enpresari.

Rajoy gogoan

Madrilen ere izan dira erreakzioak; hitzaldi batean, Pablo Casado PPko presidenteak kritikatu egin du Urkulluri ardura politikorik eskatu ez izana edota haren aurkako zentsura moziorik prestatu ez izana, kontuan hartuta Urkullu zela EAJko presidentea De Miguel auzia auzitara iritsi zenean: «Atzo [herenegun], EAJren aurkako zigor gogorrak entzuten ari nintzela, gogora etorri zitzaizkidan guk entzun behar izan genituen adierazpenak, Mariano Rajoy PPko presidentearen dimisioa exijitzen zutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.