«Hausturaren» aurka, errezeta federalista

Espainiako Konstituzioari izaera federala ematearen aldeko adierazpen bat aurkeztu dute Bilbon. 186 lagunek izenpetu dute

Sustatzaileek Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan eman zuten adierazpenaren berri, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon olano
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ez «haustura», ezta «zentralizazio handiagoa» ere; manifestu batean argudiatu dutenez, 186 lagunek Espainiako Konstituzioa erreformatzea nahi dute, jite «federala» izan dezan eta «asimetriak» onar ditzan. Adierazpena atzo aurkeztu zuten, Bilbon, eta Alberto Lopez Basaguren Konstituzio Zuzenbideko irakaslea izan zen bozeramailea. Euskal Herriko Federalistak izenburuarekin aurkeztu dute adierazpena, eta, Lopez Basagurenez gain, sinatzaileen artean daude Bernardo Atxaga, Lourdes Oñederra eta Ramon Saizarbitoria idazleak, Raul Arza UGTko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako idazkari nagusia, Maixabel Lasa Jaurlaritzako Biktimen Arretarako zuzendari ohia eta Adela Asua Auzitegi Konstituzionaleko presidenteorde ohia.

Lopez Basagurenek azaldu zuenez, udan hasi ziren adierazpena lantzen. Euskal Herrian federalismoaren ideia zabaltzeko, mahai inguruak antolatzeko asmoa dute orain, beharrezkoa iruditzen baitzaie «kultura federala» zabaltzea: «Adierazpena prestatu dugunok lagundu nahi dugu etorkizunerako Euskal Herrirako sistema politiko sendo bat osatzen». Izan ere, azpimarratu dute federalismoa «bake politikoaren bermea» dela, «helburu baitu norberaren eta besteen askatasuna, partikularra eta kolektiboa».

Bultzatzaileen iritziz, proiektu federala da «antolaketa instituzionalik egokiena botere politikoa antolatzeko» Euskal Autonomia Erkidegoaren, Espainiaren eta Europako Batasunaren artean: «Asmo demokratikoaren adierazpiderik sendoena da, egokitasun berezia erakutsi duena nortasun sentimendu desberdineko lagunez osatutako gizarteetan».

Espainiako Konstituziotik eratorritako sistema politikoa balioetsi dute, horren barruan, estatutuak «bermatu» duelakoan euskal autogobernua, «lehenbiziko aldiz halako kalifikazioa zinez merezi duena». Nabarmendu dute konstituzioak ezarri duela «lurraldeen autonomia sistema sendoa eta iraunkorra, mundu demokratikoan diren tradizio sendoenetako sistema federalen parekoa».

Aitzitik, uste dute konstituzioa erreformatu beharra dagoela,ezin baitu bermatu «sistema autonomikoaren funtzionamendu egokia». Adibide gisa aipatu dute estatuari eta erkidegoei dagozkien eskumenen banaketa. Horrek «gatazka kopuru izugarria» sortu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «beste sistema federaletan parekorik ez duena». Gaineratu dutenez, «tirabira politiko gogorrak» sortzen ditu eskumenen «itxuratze lausoak», eta horrek «sistemaren deskalifikazioa erraztu» egiten du «haustura bultzatzen dutenen aldetik».

Beste bi proiektu politikoren aurkako irtenbide gisa aurkeztu zuten proposamen federalista. Izan ere, «larriak eta arriskutsuak» iruditzen zaizkie «zentralizazio handiagoa zein sistemaren haustura helburu duten asmoak, egonkortasun demokratikoa arriskuan jartzen dutelako». Ildo horretan, sinatzaileek ez dute euskal gizartea sartu nahi «porrotera daramaten eta bideratu ezin diren prozesu eta helburuetan, ez eta gure indarrak alferrik xahutu nahi gizartearen barruko haustura ekarriko duten proiektuetan ere». Era berean, ez daude ados «haustura politikoa» proposatzen duten proiektuekin, «ez baitira —ezin dira izan— bide egokiak euskal gizartearen interesak hobekien defendatzeko».

Eskumenez hizketan

Konstituzioaren balizko erreforma bati eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoa eguneratzeari buruz eztabaidatu bitartean, Gernikako estatutuaren eskumenen eskualdatzea negoziatzen jarraitzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Testua onartu zela 39 urte dira gaur, eta legez Jaurlaritzari dagozkion 37 eskumen daude oraindik Madrilen esku. Jaurlaritzak uste du «berritasunak» egon daitezkeela horren inguruan azaroaren lehen hamabostaldian. ETB1en eginiko elkarrizketa batean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du «formalki» ez dela urratsik egin eskumenak eskualdatzeko, baina bi gobernuak hizketan ari direla eta Madril «espediente batzuk tramitatzen» ari dela, bideragarriak diren eskumen batzuk martxan jarri ahal izateko».

Aitzitik, «itxaroteko» asmoa azaldu du Erkorekak: «Gobernuak dio berria dela oraindik, soilik lau hilabete daramatzala. Aurreko gobernuarekin sei urtez itxaron genuen, eta ez genuen ezer lortu esparru horretan». Asteburuan argitaratutako elkarrizketa batean, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak azaldu zuen «hilabete honetan bertan» adostuko dutela EAJrekin eskumenak eskualdatzeko egutegi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.