Urte «bero» baten osagaiak

Alderdiek urte politikoa abiatzeko ekitaldiak egin dituzte. Ortuzarrek PSOEren jarrera txarretsi du. EH Bildu «independentista eta aurrerakoi guztien etxe» izatea nahi du Otegik

Andoni Ortuzar EBBko burua mintzatu zen EAJk atzo Zarautzen eginiko ekitaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon olano
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Martxan da urte politiko berria Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Ofizialki, Nafarroako Parlamentuak etzi ekingo dio lanari, eta Eusko Legebiltzarrean irailaren 20koa izango da lehen osoko bilkura, baina Hego Euskal Herriko alderdi politiko nagusiek atzo egin zituzten urte politikoa abiatzeko ekitaldiak. Nafarroan, Maria Txibite buru duen gobernuak hartzen duen norabidea izango da datozen hilabeteetako arretagune nagusietako bat; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, Iñigo Urkulluren gobernuak azken urtea du aurretik, eta ikusteko dago osorik beteko duen, aurrekontuek egutegi horretan nola eragiten duten eta Madrilen hauteskunde hotsak ozentzen edo baretzen diren. Edozein gisara, legealdiak hauteskunde aurreko kutsua izango du Euskal Autonomia Erkidegoan; baita Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere, udal bozak egingo baitituzte datorren urteko martxoaren 15ean eta 22an.

EAJ

«Adosteko borondatea»

Usadioari jarraituz, EAJk Zarautzen (Gipuzkoa) egin zuen urte politikoa hasteko ekitaldia, eta bertan izan ziren Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea. «Kurtso oso beroa» iragarri zuen Ortuzarrek, Espainiaren gobernabideari nahiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoari begira. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, aurrekontuei begira jarri zen, eta nabarmendu zuen kontuen proiektuaren %70etik gora «hezkuntzara, osasunera eta gizarte politiketara» bideratuko dutela: «Aurrekontuak ateratzeko erantzukizuna Jaurlaritzarena da, baina oposizioak bere aldetik jarri beharko du. Ondo pentsatu beharko dute, eta erabaki interes pertsonalak lehenesten dituzten, iaz egin zuten moduan, edo herritarren alde egiten duten».

Espainiako egoera politikoaz jardun zuen nagusiki, ordea, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEko presidentegaiaren jokabidea kritikatu zuen, esanez udan ez diola «behin ere» hots egin: «Inbestiduran baiezko botoa ematera eramango gaituen negoziazio bat egiteko modu bitxia da». Ortuzarrek bestelako negoziazio eredu bat eskatu zuen, «serioa, diskretua eta parekoarekiko errespetuzkoa», eta agindu zuen EAJk «arduraz eta seriotasunez» jokatuko duela: «Eser gaitezen, adosteko borondatearekin, bestearen proposamenak kontuan hartuz. Adostuz. Beti egin den moduan. Jarrera horrekin ez badatoz, ez dute gure babesa hain erraz jasoko».

Giro horretan, EH Bilduri «koherentziarik gabe» aritzea egotzi zion, G7koen aurkako «show-a» sortu eta, aldi berean, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea Sanchezen inbestiduraren alde agertzeagatik: «Politika likidoa da horiena; are, gaseosoa, kea saldu baino ez dutelako egiten».

Datorren urtean jeltzaleek izango duten beste hitzordu bat gogora ekarriz amaitu zuen hitzaldia; EAJk 125 urte beteko ditu, eta Batzar Nagusia egingo du: «Aukera hau baliatu behar dugu alderdia indartuta eta gaztetuta irten dadin. Alderdi sendoa behar dugu, ideia berriekin, herri hau lideratzeko eta bere askapen nazional eta soziala lortzeko».

EH BILDU

Eskuinak oztopatzea xede

EH Bilduk, berriz, Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan egin zuen ekitaldia, eta bertan hartu zuen hitza Otegik. Hark ere Espainiako eta Euskal Herriko koiuntura politikoei egin zien erreferentzia, eta, Madrili begira, nabarmendu zuen indar subiranistak «eskuineko gobernuak» eratzea oztopatuko duela: «EH Bilduk satisfazioz esan dezake hitza bete duela: erabakigarriak izan garen lekuetan ez dago eskuineko gobernurik: ez Madrilen, ez Arabako Errioxan, ez Nafarroan». Indar subiranistak bide horri jarraituko du aurrerantzean ere, Otegiren arabera: «Aurrez esaten dugu zer egingo dugun: ez dugu funanbulismo politikorik egin beharrik».

Aitzitik, EH Bilduk«Madrilgo eta Parisko gehiengoen mende» egoteari utzi nahi dio, eta, horregatik, Euskal Herriaren burujabetzan sakontzea beharrezkotzat jo zuen Otegik. Horretarako, EH Bilduk «independentista eta aurrerakoi guztien etxe komun» izan behar du, eta hori «aliantzen» bidez gauzatu behar dela uste du: «Azken hauteskundeetan hazi egin gara, baina oraindik ez gara nahikoa, gehiago izan behar dugu». Era berean, kritika egin zien «elkarbizitzaren esparrua konfrontazio politikorako» baliatu nahi dutenei, erantsita ezker abertzalea «kontakizunen baturarekin engaiatuta» dagoela.

UPN

PSN kritiken jomugan

UPNk, berriz, ohiko moduan ekin zion urte politikoari: afari batean elkartuz alderdiko 400 hautetsi eta bestelako kide. Cintruenigon izan zen (Nafarroa), eta Javier Esparza presidenteak argi utzi zuen PSN higatzea izango dela bere zeregina datozen hilabeteetan. Besteak beste, gogorarazi zuen Navarra Sumak parlamentarien %40 dituela eta alkateen erdiak baino gehiago koaliziokoak direla, eta aritzea PSNri egotzi zion «gutxiagotasun konplexuz» eta UPNrekiko «herraz».

PSN

«Garai berri baten» lema

Ekitaldirik ez, baina PSNko zuzendaritza atzo batzartu zen aurrenekoz Maria Txibite alderdiko idazkari nagusia Nafarroako Gobernuko lehendakari ere badenetik. Bilera horretan, PSNko buruzagitzak adostu zuen Nafarroako Gobernua babestea «aurrerabiderako, elkarbizitzarako eta berdintasunerako espazio sozial» bateranzko bidean; horrez gain, PSNk konpromisoa agertu zuen «Nafarroan zabaldu den aro berriarekin», eta sostengua adierazi zion Pedro Sanchezi Espainiako gobernuburu izateko saioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.