ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urteurrena

Aurrekontuak ere epizentroan

Otegiren adierazpenen harira, Sanchezek esan du ez dituela askatuko presoak EH Bilduk kontuak babestearen truke. PPk EH Bildu «zuritzea» leporatu dio Espainiako Gobernuari

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, atzo, Kongresuan, gobernuaren kontrol saioan. EMILIO NARANJO / EFE.
jon olano
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Atzo bete ziren hamar urte ETAk jarduera armatua behin betiko amaitzen zuela jakinarazi zuenetik, eta, hamarraldi bat iragan izanagatik, gaia eztabaida iturri izan zuten Espainiako Kongresuan. Hain zuzen, efemeridearekin nahastu ziren Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak astelehenean bertan Eibarren (Gipuzkoa) ekitaldi batean esandakoak, atzo Vocento taldeak zabaldu zituenak: «200 preso ditugu, eta kartzelatik irten behar dute. Eta, horretarako aurrekontuen alde bozkatu behar badugu, arazorik gabe egingo dugu. Argi eta garbi esaten dugu hori».

Pablo Casado PPko presidenteak esaldia baliatu zuen Espainiako Gobernuaren kontrol saioan, Pedro Sanchez gobernuburuari galdetzeko ea presoak hurbilduko dituen EH Bilduk aurrekontuak babestearen truke. «Ezezko borobila» erantzun zuen Sanchezek: «Terrorismoa ez genuen inoiz erabili ETA existitzen zenean, eta ez dugu erabiliko orain, hura existitzen ez denean».

Sanchezek nabarmendu zuen ETAk duela hamar urte jarduera armatua amaitu izana «Espainiako demokraziaren garaipena» izan zela, baina kritika egin zion PPri, gaian daukan jokabideagatik: «Egia da Espainiako Gobernuan presidente sozialista bat zegoela —Jose Luis Rodriguez Zapatero—, Jaurlaritzako lehendakari sozialista bat —Patxi Lopez— eta Barne ministro bat —Alfredo Perez Rubalcaba—. Baina guztien arrakasta da, zuena ere bai». Hala, Sanchezek Casadori esan zion ez duela ulertzen «zergatik eskuinak ez duen garaipen gisa sentitzen eta zergatik ematen duen ikuspegi garratz bat Espainiako demokraziaren garaipen handietako baten aurrean».

Urtea azken asteetan sartu ahala, areagotzen ari da Espainiako 2022ko aurrekontuei buruzko eztabaida. Azaroaren 4an izango da gobernuaren proiektuari buruzko lehen bozketa Kongresuan, osoko zuzenketez. Kongresuak azaroaren 25erako onartu behar luke aurrekontu proiektua, gero Senatura bidali eta urtea hasterako indarrean sartzeko. Testuinguru horrekin lotuta daude Otegiren adierazpenak. Iaz ere, Sanchezen aurrekontuak babestu zituen koalizioak, besteak beste, PSOErekin, Unidas Podemosekin eta EAJrekin batera.

ETA ez zegoen Espainiako Kongresuaren atzoko gai zerrendan, baina saioaren hasieratik bertatik Casadok gogor jo zuen Sanchezen aurka. ETAren biktimak «atzean» utzi izana aurpegiratu zion, gogoratuta «odol delituak dituzten ehun bat preso» Euskal Herriko espetxeetara hurbildu dituela: «Otegi ez da bake gizona, terrorista bat baizik». Casadoren ustez, EH Bilduk ETAren indarkeria gaitzetsi, presoen omenaldiak amaitu eta justiziari lagundu beharko lioke «ETAren 300 hilketa argitzeko». Halaber, EH Bildurekin akordiorik ez egiteko ohartarazi zion Sanchezi: «Gaur bertan hautsi behar duzu Bildurekin. Ez diegu ezer zor. Biktimei, ordea, dena zor diegu: memoria, duintasuna, egia eta justizia».

Kongresuko eztabaidan ez ezik, ordezkari sozialista ugarik ere hizpide izan zituzten Otegiren esanak. Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria ere Sanchezen bide beretik mintzatu zen, eta ukatu zuen «halako negoziaziorik» ez dagoenik gobernuaren eta EH Bilduren artean: «Espetxe legeria arrunta bete egiten da. Legearen inperioak agintzen du».

Itxasoren hitzetan, jakina da presondegietako tratamendu batzordeek «banaka» aztertzen dutela preso bakoitzaren egoera: «Ez dago talde gisako politikarik, inola ere ez».

«Zigorra betetzean»

Bestalde, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari ohi eta PSOEko Memoria Demokratikoko idazkariak argitu zuen gobernuak ez duela egingo inolako trukerik presoak askatzeko: «Presoak kartzelatik irteten dira zigorra betetzen dutenean eta epaileek hala erabakitzen dutenean, eta kito».

Haatik, Otegiren hitzei garrantzia kendu zien Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohiak. Donostian izan zen, Mario Onaindia fundazioak argitaratutako Grand Place aldizkariaren azken zenbakiaren aurkezpenean, eta esan zuen Otegik presoak eta aurrekontuak lotu izana «itxurakeria» dela, uste baitu «formulak» daudela aurrekontuak onartzeko «Bilduren beharrik gabe ere». Egigurenek Otegiren «umoreari» egin zion erreferentzia, eta, hark ere tonu umoretsuan, erantsi zuen ez duela uste «200 preso askatuko dituztenik, nahiz eta Sanchez horretarako eta gehiagorako gai den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.