Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna

Hiru emakumetik batek jasan du noizbait indarkeria matxista

Pandemia garaian ugaritu egin dira erasoak, eta biktima izan diren hamar emakumetik batek soilik jo du Poliziara. NBEk neurriak hartzeko eskatu die gobernuei
Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Tegucigalpan, atzo.
Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Tegucigalpan, atzo. GUSTAVO AMADOR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2021eko azaroak 26

Ohiko kopuruak ez dira onak —hiru emakumetik batek jasan zuen noizbait erasoren bat, baina, krisiren bat dagoenean, izan osasunarekin lotua edo izan hondamendiren baten edo gerra baten ondoriozkoa, okerrera egiten dute indarkeria matxistako kasuek. NBE Nazio Batuen Erakundeak atzo bertan emandako datua da horren arigibide: pandemia hasiz geroztik, bikoiztu egin dira eraso matxistak; eta erasoak izan diren hamar emakumetik bakarrak jo du Poliziara laguntza eske; aldiz, lehen halako bost dira laguntza telefonoetarako deiak. Horrez gain, 13 herrialdetan egindako ikerketaren arabera, emakumeek aukera gehiago dute elikadura segurtasunik eza jasateko.

Txostengileek argi diote: «Indarkeria matxista ez da eragotzi ezin den zerbait. Eragotzi liteke. Horretarako, biktimei entzun beharra dago, horren atzean dauden egiturazko arazoak konpondu, gizarte ohitura arriskutsuak amaitu, eta neska eta emakumeak ahaldundu». Helburu horiek betetzeko, Emakumeen Aurkako Indarkeria Amaitzeko NBEren Funtsak iragarri du 40.000 milioi dolar jarriko dituela emakumeen nazioarteko erakundeei laguntzeko, izan erakunde pribatuak edo publikoak. Inbertsio horrek, baina, datozen bost urteetarako helburu jakinak ere izango ditu: 550 milioi emakume gehiago bizitzea indarkeria matxistaren aurkako legeak dituzten herrialdeetan; adin txikikoen ezkontzak debekatzea 55 herrialdetan; eta indarkeria eragozteko politikak bultzatzeko 500 milioi dolarreko inbertsioak egitea.

Baina, diru laguntzak baino gehiago, politikak eskatu dizkie NBEk gobernuei. Neurri zehatzak. Txostenak argitara atera duen indarkeria lehendik ere bazegoen, baina pandemiagatik ezarritako mugek azalarazi egin dute: azken bi urteotan, lau emakumetik batek jasan du etxean indarkeria fisiko edo psikologikoa, edo ezagutzen du jasan duen gertukoren bat; kalean, berriz, %40k diote ez direla seguru sentitzen etxetik kanpo edo gauez bakarrik daudenean; eta lautik hiruk uste dute sexu indarkeriak okerrera egin duela COVID-19a agertu zenetik. Indarkeria kasu gehienak, gainera, bikotekideak edo familiaren gertuko norbaitek eraginak izan ohi dira: 15 urtetik gorako 640 milioi emakumek jasan dute indarkeria motaren bat bikotekideengandik 15 urtetik beherakoen artean %25 izan dira.

Hildako bat 11 minutuan behin

Datu ilunagoak ere jasotzen ditu NBEk: munduan, 11 minutuan behin hiltzen dute emakume bat. Iaz, 47.000 emakume eta neska hil zituzten. Izan ere, mundu osoan egiten diren hilketen %81ean hildakoak gizonak izan ohi diren arren, erasoa etxean izaten denean biktima emakumezkoa izan ohi da. «Muturreko indarkeria matxistaren ondorio izan ohi dira hilketok, eta, maiz, tratu txar fisiko eta psikologikoak egon ohi dira aurretik. Egoerak ez du hobera egin azken hamarkadan; indarkeria apaldu den herrialdeetan ere, erasoek bere horretan jarraitu dute», azaldu du NBEren Droga eta Delituen Bulegoko zuzendari Ghada Walyk.

Europan, egoerak hobera egin du nolabait, eta %13 gutxitu dira azken hamar urteetan gertuko norbaitek hildako emakumeen kasuak; Amerikan, berriz, %9 ugaritu dira. Hala ere, Walyren esanetan, Afrikan dute emakumeek arriskurik handiena bikotekide edo familiakoren batek eraso diezaien.

Hala, egoerak bultzatuta, mundu osora zabaldu ziren atzo indarkeria matxistaren aurkako protestak. Pakistanen, milaka emakumek hartu zituzten hiri nagusietako kaleak. Italian, protestez harago, Alexandro Palombo artistak kartel ikusgarriz bete zituen Milango kaleak; horietan, besteak beste, Parisko alkate Anne Hidalgoren aurpegia ikus zitekeen, kolpatuta. Modu horretan, maiz ezkutuan gertatu ohi diren indarkeria kasuak salatu nahi izan zituen Palombok. Hondurasen, LGTBI kolektiboko kideen aurkako erasoak salatu zituzten milaka emakumek hiriburuan egindako protestetan, eta gobernuaren egoitzan sartzen ere ahalegindu ziren zenbait.

Biktima izan diren emakumeentzako arreta zerbitzua

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haurrentzako justizia eskatzeko elkarretaratze bat, Buenos Airesen. ©ROMINA LEMA

Salatu dute Argentineko justiziak entzungor egiten diela haurren aurkako sexu abusu salaketei

Romina Lema

Argentinan ‘Nik sinesten zaitut’ mugimenduak eta Sare Bizia erakundeak salatu dute justiziak baztertu egiten dituela adin txikikoek eta hauen gurasoek aurkeztutako abusu salaketak, maiz, horiek egiaztatzen dituzten profesionalen aurka joz.

Carles Puigdemont, joan den irailean, Bruselan, bilera batean. ©STEPHANIE LECOCQ / EFE

Puigdemont ezin dela atxilotua izan berretsi du Europako justiziak

Igor Susaeta

Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrarentzat, indargabetuta daude Kataluniako presidente ohi, Comin eta Ponsatiren aurkako euroaginduak

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Tegucigalpan, atzo. ©GUSTAVO AMADOR / EFE

Munduan hiru emakumetik batek jasan du noizbait indarkeria matxista

Arantxa Elizegi Egilegor

Pandemia garaian ugaritu egin dira erasoak, eta biktima izan diren hamar emakumetik batek soilik jo du Poliziara. NBEk neurriak hartzeko eskatu die gobernuei

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Mario Draghi Italiako lehen ministroa, gaur, Quirinale jauregian. ©PAOLO GIANDOTTI / EFE

Frantzia eta Italia, Europako Batasuneko botere balantza aldatu nahian

Ander Perez Zala

Merkelen agurrak utziko duen abagunea baliatzeko, Macronek eta Draghik beren herrialdeen arteko lankidetza sustatzeko akordioa sinatu dute. Quirinaleko Hitzarmena «historikotzat» jo dute bi agintariek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.