Alzorrizek dio Sanchezek PSN babestu duela

PSNko Antolakuntza idazkariaren ustez, Espainiako eta Nafarroako gobernuak lortzea «ez dira helburu bateraezinak». Ezkerraren arabera, bilera «ondo» joan da

PSNko eta Ezkerrako ordezkarien arteko bilera, atzo, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ/ FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezen hitzei irmo heldu die PSNk. Herenegun gauean,PSOEko presidentegaiak aurreratu zuen Javier Esparza Navarra Sumako zerrendaburuarekin biltzeko asmoa duela, eta han gobernabidearen inguruko proposamena entzungo duela. Halaber, Sanchezek argi utzi zuen Esparzaren eskaintza Espainiako inbestidura bermatzera mugatuko zuela, eta «PSNk eta PSOEk posizio bera» dutela. Adierazpenok arnasa eman diote Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariari. «Nire hitzak berretsi ditu Sanchezek. PSN eta PSOE gauza bera gara», esan zuen atzo. Alzorrizen arabera, Espainiako Gobernua eta Nafarroakoa lortzea ez dira helburu bateraezinak: «Biak dira lehentasun».

Ataka estuan egon zitekeen Alzorriz. UPNko presidenteak asteazkenean iradoki zuen prest zegoela Espainian Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko abstentzio bidez, trukean Nafarroako Gobernua eskuinaren eskuetan utziz gero. Herenegun Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak eta Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordeak «zentzuzkotzat» eta «interesgarritzat» jo zuten eskaintza.

Atzo, adierazpen horiei ez zien jaramonik egin Alzorrizek. Alderantziz, presioa Navarra Sumari itzuli nahi izan zion: «Hemen askotan eskatu diote alderdi sozialistari arduraz jokatzeko. Orain ardura hori ere badu Navarra Sumak». Beste behin ere hitz gogorrak erabili zituen eskuineko koalizioaren aurka, eta irudikatu nahi izan zuen zor politiko batzuk dituela kitatzeko. Izan ere, beste behin «traidore» deitu zion Esparzari. Haren hitzetan, 2012an, gobernu koalizioaren hausturaren erantzule izan zen UPN, ez zuen iazko zentsura mozioa babestu, ez zituen aurtengo Espainiako aurrekontuak onartu eta orain «traizio» egin die bere bazkideei. Sozialistekiko harremana aldatzeko eskatu zion: «UPNk betiko dinamikarekin jarraitzen du: nahiago du Madrilen hitz egin, Nafarroan egin baino. Ez da jabetzen gauza bera garela, eta garaiak aldatu direla».

Kongresuan, UPNko bi diputatuen botoa erabakigarria izan zitekeela galdetu zion kazetari batek: «Unidas Podemos edo EAJrenak ere erabakigarriak dira. Guztien batuketa behar da gobernua sostengatzeko».

Hain zuzen ere, agertokia irekirik dago, eta sozialistek eta Navarra Sumak protagonismo handia hartu badute ere, aktore gehiago daude tartean. Adibidez, EAJ. Herenegun gauean ohar bat igorri zuen EAJren Napar Buru Batzarrak. Labur, jeltzaleek gogoko duten tonuan, ohartarazpen argia igorri zioten alderdi sozialistari: PSOEk Navarra Sumaren planteamendua onetsiz gero, «EAJk kontuan hartuko luke». Halaber, aipatu zuten Nafarroan hartu beharko liratekeela erabakiak, «kanpoko esku hartzerik gabe».

Ezkerrarekin bilera

Atzo eguerdian Ezkerra eta PSNko ordezkariak bildu ziren Nafarroako Parlamentuan. Bilerak ordubete pasatxo iraun zuen.

Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariak adierazi zuenez, ordezkari bakar bat izanda ere, ahal duten guztia egingo dute eskuinak goberna ez dezan. PSNren jarreraren inguruan, zuhur mintzatu zen De Simon: «Ikusiko dugu. Bilera nahiko ondo joan da, baina ez da sentsazio kontua, ikusi behar da zer gertatzen den». Era berean, Berriozarko Udalean euren irizpidea zein izango den argitu zuen: «Lehen indarraren eskuetan» uztea alkatetza (EH Bildu).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.