Albistea entzun

EH Bildu: «Ez dago baldintzarik inbestidura saioa egiteko»

Maiorga Ramirezek «ausardia» eskatu dio PSNri, mintzatzea «nahitaezkoa» baita gehiengoa lortzeko. Gaur egingo dute bigarren bilera PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak
EH Bilduko Maiorga Ramirez eta Laura Aznal, atzo, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariarekin.
EH Bilduko Maiorga Ramirez eta Laura Aznal, atzo, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariarekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2019ko ekainak 27 - Iruñea

EH Bildu ez dago abstentziorik oparitzeko prest. Gaur egingo dute bigarren bilera PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak legealdirako akordio programatikoa eta Maria Txibiteren balizko inbestidura bat hitzartzeko asmoz. Alta, PSNk behin eta berriz errepikatu du 23 parlamentariz osatutako gehiengoa osatu nahi duela eta elkarrizketa horietatik kanpo utzi nahi duela EH Bildu. Hori ikusirik, Maiorga Ramirez eta Laura Aznal koalizioko parlamentariak Unai Hualde legebiltzarreko presidentearekin bildu ziren atzo, eta, ondorengo agerraldian, Ramirezek «ausardia izateko» eskatu zien sozialistei. Haren hitzetan, «nahitaezkoa da hitz egitea», eta, halakorik gertatzen ez den bitartean, irtenbiderik gabeko egoera ikusten du: «Ez dago baldintzarik inbestidura saioa egiteko».

Ordezkaritza txikienetik handienera, atzo Ezkerrako, Ahal Dugu-ko eta EH Bilduko ordezkariekin bildu zen Unai Hualde. Ezkerraren kasuan, Marisa de Simon, Txema Mauleon eta Carlos Guzman izan ziren bileran; Ahal Dugu-ren kasuan, Mikel Buil; EH Bilduren izenean, Maiorga Ramirez eta Laura Aznal joan ziren. Gaur beste hiru bilera egingo ditu Unai Hualdek: Geroa Bairekin 10:00etan, PSNrekin 10:30ean eta Navarra Sumarekin 11:00etan.

Ezinbestean, kamera guztiak Maria Txibite sozialistarengana zuzenduko dira gaur, orainberak baitu aukera gehien. Edozein moduz, EH Bilduren abstentzioa behar du PSNk, eta atzo Maiorga Ramirezek orain arteko blokeo hori altxatzeko eskatu zien sozialistei. «Badakigu Madrildik zer presio dituzten, baina PSNri zintzotasuna eskatzen diogu, eta kalean normala dena erakundeetara eraman dezatela». Bere hitzetan, «logikoa eta normala» da edukien inguruan hitz egitea eta behin gehiengo lortuta, inbestidurara jotzea.

Ramirezek onartu du zalantzak dituztela. EH Bilduko parlamentariak 2007ko negoziazioak gertutik bizi izan zituen Nafarroa Baiko parlamentari gisa, eta ordukoa gogoan, ondorio bat atera zuen: «Sozialistekin, ikusi eta sinetsi». Ekainaren 15ean ere hainbat udaletan agintea eskuinari eman ziotela salatu du, «historikoki beti egin izan duten bezala». Egoera guzti horren aurrean «arduraz» jokatzeko eskatu dio PSNri. «Frogatzeko dago benetan PSNk aldaketa politikoarekin bat egin nahi duen».

Gutxieneko akordioa

Aurretik, Unai Hualde Ezkerrako Marisa de Simonekin bildu zen, eta baikor azaldu zen. De Simonek helarazi zion Txibiteren alde egingo duela, «gutxieneko akordioa» iritsiz gero. «Ados jartzen bagara, PSNri emango diogu botoa, ezkerreko indarren artean hark izan baitu boz gehien».

PSNk astelehenean helarazitako proposamenari buruz adierazi zuen «akordio programatikoaren inguruko elementu garrantzitsuak» jaso dituela. Gaur arratsaldean, 17:00etan, beste bilera bat egingo dute lau alderdiek, eta ondoren azalduko ditu bere ekarpenak Ezkerrak. Hala ere, De Simonek ez du uste zailtasun handirik egongo denik akordiorako.

Hala ere, kasu horretan, EH Bilduren beharra izango du PSNk. «Ez dut inoren eskuzabaltasunean sinesten. Ez da eskuzabaltasun kontua, erabaki politikoak hartzea da gakoa», erantzun du De Simonek, horri buruz galdetuta. Zehaztu duenez, politiken inguruko erabakiek baldintzatuko dute alderdi bakoitzaren posizioa.

De Simon ez bezala, Ahal Dugu-rentzat «ez da nahikoa» gutxieneko akordioa lortzea, eta edukietan sakondu behar dela deritzo Mikel Builek. Astelehenean PSNk helarazitako lehen zirriborroa aztertzen ari dira alderdi barruan. «Aurreko akordio programatikoa baino motzagoa da, gainerako alderdien ekarpenak biltzea falta zaio». Dena den, Builek gogoan du 2015ean ere Geroa Baik oinarrizko testu bat helarazi ziela eta gerora 400 neurri bildu zituztela. «Orain ere, akordio zabal bat lortu behar dugu neurriak bultzatzeko, eta ikusi behar dugu ere akordio eta desadostasunak nola neurtu».

Builen ustez, «PSNri dagokio ikustea nola ateratzen duen aurrera inbestidura, horretarako EH Bildu beharrezkoa baita». Inbestidurari begira, EH Bilduz galdetuta: «Egoera zail batean daude bazterketaren ondorioz, eta uneren batean aztertu beharko dute hauteskundeen aurrerapena erraztu nahi duten edo ez».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mikel Mundiñano eta Nahikari Iturbe. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Etxeratzea eskatzen ari gara, inolako pribilegiorik gabe»

Xabier Martin

Sare Herritarreko Gipuzkoa eta Nafarroako arduradunek ohartarazi dutenez, aurrerantzean «ahalegin handia» egin beharko du elkarteak ikusarazteko «presoen eskubideen urraketa ez dela amaitu». Azpimarratu dute «pribilegiorik gabe eta inpunitaterik gabe» eskatzen ari direla euskal presoak etxeratzeko, «legeak jasotzen duenaren arabera».

Mahai eta Eledunen Batzordearen bilera. ©Nafarroako Parlamentua

Babesa handitzea izango da alderdi guztien helburua

Joxerra Senar

Nafarroako agintaldiaren balorazioa egin dute alderdiek, eta inkestetako datuei buruz ere aritu dira.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko oraingo lehendakariak karguan jarraituko du, EITB Focusen arabera ©Jagoba Manterola / FOKU

UPNk inoizko emaitzarik apalenak izango ditu, EITB Focusen arabera

Olatz Silva Rodrigo - Joxerra Senar

Nafarroan, Maria Txibitek aukera izango luke lehendakari izateko, baldin eta beste alderdien babesa lortuko balu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAJk irabaziko lituzke foru hauteskundeak.

Jose Ignacio Asensio, Cristina Gonzalez, Eneko Andueza eta Teresa Laespada, gaur, Gasteizen egindako agerraldian. ©BERRIA

«Euskadi zaintzailea eta plurala» defendatu nahi du PSE-EEk udal eta foru hauteskundeetan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

PSE-EEren proiektua «eraldatzailea» dela esan du Anduezak, eta «Euskadi hobea» duela helburu: «Hobeto haztea, hobeto bizitzea eta hobeto zaintzea elkar».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...