Osakidetzak baztertu egingo ditu oposizioetarako deialdi masiboak

Hautatze prozesu berria proposatu du Osasun Sailak, mediku espezialisten arloko iruzur salaketen ostean. Prozesu «parte hartzailea» goraipatu du, baina oposizioa ez dator bat

Osakidetzako lan eskaintza bateko azterketa, Donostian. IMANOL OTEGI / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Jende gutxiago eta proba gehiago: Osakidetzan lan eskaintza publikoak egiteko eredu berrian jasotako proposamenen ardatzetako bat da. Baztertu egingo dituzte azterketa deialdi masiboak. Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak adierazi du azterketa horiek prestaketa «luzea» eskatzen dutela, eta estres «handia» eragiten duela. Gaineratu du sistema berriarekin «etengabe» sortuko direla lanpostu finkoa lortzeko aukerak. Areago, nabarmendu du azterketetako epaimahaiak ere txikiagoak izango direla, eta jokabide kode bat edukiko dutela epaimahaietako kideek.

Osasun Sailak atzo aurkeztu zuen hautaketa prozesuen eredu berriaren proposamena Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. Bost arlo landu dituzte: arau eremua, plangintza, orokorra, epaimahaiak eta azterketak. Diegok azaldu du eredu «progresiboa» dela, «irekia eta adostua»: «Eredua ez da behin betikoa; zabalik dago, eta egongo da aukera egokitzeko, neurrien eta beharrizanen arabera». Gaineratu du hiru direla eredu berriaren prozesuaren xede nagusiak: sistema egonkortzea, berritzea eta birdefinitzea.

Osakidetzako mediku espezialisten azterketetan salatutako iruzurraren ondoren iritsi da aldaketa. Salatu dute espezialitate batzuetan edukia filtratu egin zutela, mediku batzuek aldez aurretik zutela azterketako edukiaren berri, eta, areago, «urteetan» egin dutela hori Osakidetzan. Gasteizko epaitegi batek zabalik du auzibidea; hiru epaimahaitako kideak ikerketapean daude. Arlo politikoan, Jon Darpon Osasun sailburuak eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak dimisioa eman zuten oposizioei buruzko eskandaluaren ondorioz.

Nekane Murga Osasun sailburuak ere eredu berriaz hitz egin du. Aldaketak proposatzeko bidea goraipatu du, eta adierazi du prozesua «parte hartzailea» izan dela, eragile zenbaitek elkarlanean egindako «fruitua». Oposizioak ez du iritzi bera. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du ez dutela berririk eduki: «Zuek erabaki duzue zer jaso, eta akordio gisa azaldu duzue».

Haserre agertu dira sindikatu batzuk ere. «Eredu berriak ez du bermatzen hurrengo prozesuak garbiak izango direnik, iruzurrik gabeak», ohartarazi du LABek. ELAk ere adierazi du ereduak ez duela amaituko «hautatze sistema ustela». CCOOk «etsigarritzat» jo du Osasun Sailak atzo eginiko agerraldia. Hain zuzen ere, hiru sindikatu horiek Osakidetzako mahai sektorialetik joan ziren atzo, «gardentasunik eta negoziatzeko borondaterik eza ikusirik». Beste hiru sindikatu geratu ziren mahaian: UGT, Satse eta Medikuen Sindikatua.

Eredu berriko neurriak faseka jarriko dituzte martxan. Neurri batzuk jadanik aplikatu dituzte aurreko deialdi batzuetan. Beste batzuk hurrengo lan eskaintzan ezar daitezke, eta 2020ko lehen seihilekoan iragarriko dituzte. Hala ere, aurretik mahai sektorialean aztertu behar dituzte neurri horiek sindikatuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.