Torturaren minak sendatzeko

Torturaren ondorioak genero ikuspegitik aztertu dituzte Foro Sozial Iraunkorrak Gasteizen antolatu duen solasaldian. Espazio kolektiboen beharra aldarrikatu dute.
Marina Sagastizabal, Amaia Andrieu eta Olatz Dañobeitia, atzo, Gasteizen emandako hitzaldian.
Marina Sagastizabal, Amaia Andrieu eta Olatz Dañobeitia, atzo, Gasteizen emandako hitzaldian. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2020ko urtarrilak 23

Biolin hotsak eman zion hasiera atzo Foro Sozial Iraunkorrak antolatutako mahai inguruari, Gasteizko Europa Jauregian. Torturak jasan dituzten emakumeen erreparazio prozesuak genero ikuspegitik aztertzeko asmoz antolatu zuen topaketa foroak, Torturaren ostean berreraiki: tresnak eta esperientziak feminismotik izenburupean. Biolinarekin eskainitako piezaren ostean eman zioten hasiera hitzaldiari. Marina Sagastizabalek, Amaia Andrieuk eta Olatz Dañobeitiak haien testigantzak partekatu zituzten bertaratutakoekin, nork bere bizipenetatik abiatuta. Aitziber Perez de Karkamo kazetariak gidatu zuen saioa: «Hiru emakume, hiru militante. Haiekin egongo gara datozen minutuetan».

Tortura kontzeptua izan zuen abiapuntutzat Dañobeitiak, eta Ignazio Mendiola soziologoaren definizio bat izan zuen gogoan lehen hitzetan: «Tortura estatu aparatuen funtzionamenduari guztiz lotuta dago; estatu aparatu horiek etengabe sortzen dituzte torturagarriak izan daitezkeen komunitate multzoak». Are, definizio horri beste xehetasun bat gehiago gehitu zion: «Bizitzaren ukapena eragiten da, baina heriotza eragin gabe; erdibide horretan dagoena da tortura». Hala, Dañobeitiak gaineratu zuen horrelako definizioek, besteak beste, lagun diezaioketela tortura bizi izan duen komunitateari.

Torturek izan dezaketen generoaz galdegin zien ostean dinamizatzaileak hizlariei, eta baita feminismoak testuinguru horretan izan dezakeen garrantziaz ere. Dañobeitiaren arabera, feminismoak ekarpen ugari egin ditu, eta tortura, gizarteko beste arlo guztiak bezalaxe, genero ikuspegitik aztertu behar da. Andrieuk bere esperientziaz jardun zuen: 1981an atxilotu zuten, eta azaldu du ordurako egina zuela ibilbide feminista bat. «Feminista nintzen, eta horrek lagundu zidan nire burua espazio horretan kokatzen. Sistema patriarkalaren atzamarretan nengoen, indarkeria patriarkalaren gune instituzional batean».

Belaunaldi guztiek ez dituzte bizipen berberak, eta jakinarazi zutenez, tortura moduak ere aldatu dira urteetan zehar. Halere, guztiek aldarrikatzen dute torturaren inguruan kolektiboki hausnartu beharra. Gaur egun torturaren inguruan dagoen ideia orokorraz mintzo zen Sagastizabal: «Sarri uste da tortura iraganeko kontua dela, eta bertan kokatzen dugu. Tortura posible egin dutenek ere ez dute aitortzen, eta haren zauria bere horretan gelditu daiteke betiko». Aitortu zuen torturaren ondorioak oraindik bizi dituztela, baina posible dela zauri horiek konpontzea. Feminismoak bide horretan izan duen garrantzia izan zuen aipagai.

Elkarguneen beharra

«Espazio gutxi egon dira kolektiboki torturaren inguruan hitz egiteko, eta baita hark eragindako ondorioak bizitzan zeintzuk izan diren elkarbanatzeko ere», esan zuen Sagastizabalak. Nabarmendu zuen, ordea, feminismoak eman diola aukera gaiaren inguruan hitz egiteko, eta laguntzeko: «Eman didan tresna garrantzitsu bat da pertsonala politikoa dela». Beharrezkotzat jotzen du espazio kolektiboak sortzea eta gaia taldean lantzea. Haren ustez, nahiz eta gatazka kolektiboa izan, torturak eragiten dituen ondorioak pribatizatzeko joera dago. Dañobeitiak, aldiz, azaldu zuen zaurien inguruan hitz egitean esperientzia eta iritzi ezberdinak daudela, baina garrantzitsutzat jo zuen bitartekoak jartzea norberaren zein ingurukoen minei begiratzeko.

Zauriak nondik, zein bidetatik eta non sendatu. Hor dinamizatzailearen galdera. Andrieuren arabera, instituzioen aldetik jada ezer gutxi espero du, eta beraz, kontzientzia taldeetan eta herri mugimenduan jarri behar da fokua. Hala eta guztiz ere, hiru hizlariek argi dute zenbaitentzat zaila dela gertatutakoez hitz egitea, eta, beraz, espazioak zaintzea garrantzitsua dela. «Uste dut hausnartu behar dela nola antolatzen ditugun mahai inguruak; orain arte edukia asko zentratu da tekniketan, baina ez dugu inoiz hitz egin sentimenduez», azaldu zuen Dañobeitiak; eta pertsonen zaintza ere gogoan izan zuen. Hiru hizlariek, baina, argi dute oraindik ere asko dagoela salatzeko, eta bide horretan guztiek egon behar dutela lanean. Aldarrikatu zutenez, haiek zein beste askok bizitakoa ezin da ahaztu, osterantzean «ez dagoelako bizikidetza posiblerik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Jose Antonio Santano (PSE) eta David Soto (Elkarrekin Podemos) Irungo aurrekontuei buruzko akordioa sinatzen, urtarrilean. ©Javier Etxezarreta / EFE

PSEk eta Elkarrekin Podemosek ituna egin dute Irungo Udala gobernatzeko

Berria

Bihar aurkeztuko dute akordioa. Joan zen otsailera arte EAJrekin gobernatzen zuen PSEk Gipuzkoako hirian, baina koalizioa hautsi egin zuten.

 ©MARISCAL / EFE

«Datu guztiek diote inbestidurako blokeak iraun dezakeela»

Igor Susaeta

Iruditzen zaio PSOE eta UP «helburu nagusia» lortzen ari direla: «jendearen bizitzak hobetzeko politikak egitea». Gobernu ituna beteko dutela uste du. Aurrekontuak subiranisten babesarekin onartuko direnez, «pozik» dago.
EH Bilduk ezoiko batzarra egin du. Argazkian, Otegi, Mujika eta Karrere. ©EH Bildu

Madrilgo aurrekontuei baietz esan diete EH Bilduren oinarrien %91,5ek

Berria

Mahai politikoaren proposamena berretsi dute. Koalizioak nabarmendu du «berme zabala» dutela

Azaroaren 11n Lasarte-Orian Ibon Fernandez Iradiren egoera salatzeko egindako protesta. ©Jon Urbe / FOKU

Iurgi Garitagoitia presoa Espainiaratu egin dute

Berria

Etxerat-ek jakinarazi duenez, Soto del Realgo espetxera eraman dute euskal presoa, Lannemezangotik. Ibon Fernandez Iradik «ongi» gainditu du COVID-19a, baina Etxerat-ek salatu du konfinamenduko baldintzek kalte egin diotela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.