Kataluniako hauteskundeak. Erreakzioak

Burujabetza auzientzako bide bat eskatu dute euskal ordezkariek

Iñigo Urkulluk espero du «gobernabidea eta egonkortasuna» nagusitzea Katalunian. EH Bilduk nabarmendu du independentismoak «kolpe bat» eman duela mahai gainean

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, atzo, Kataluniako hauteskundeei buruzko balorazioa egiteko agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU.
jon olano
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Kataluniako mugetatik harago doaz Kataluniako Parlamenturako hauteskundeen oihartzunak, eta Euskal Herrian pizten duten interesaren erakusle dira hainbat ordezkari politikok adierazitako erreakzioak. Besteak beste, EAJk eta EH Bilduk nabarmendu dute emaitzek hizpidera ekartzen dutela burujabetza auziei konponbide bat emateko beharra.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zen hauteskundeez hitz egin zutenetako bat. Ezkerraldea-Meatzaldean (Bizkaia) eraikiko den parke teknologikoan Energy Intelligence Centerren lehenengo harria jartzeko ekitaldian izan zen Urkullu, eta esan zuen bere «nahia» dela «gobernabidea eta egonkortasuna egotea Kataluniako erakundeetan, katalanen onerako».

Kataluniako hauteskundeen emaitzak aztertu zituen EH Bilduko Mahai Politikoak atzoko bileran, eta balorazio horren berri eman zuen ondoren Arnaldo Otegi koordinatzaileak. Aldagai bat nabarmendu zuen: independentismoak irabazi egin dituela bozak, eta, oraingoan, «%50en langa» gainditu duela: «Inoiz izan den parlamenturik independentistena izango da. Argi dagoena da independentismoak garaipen historiko bat lortu duela». Horiek horrela, indar independentista guztiak zoriondu ditu.

«Arazo nazionala hor dago, berriro ere mahai gainean. Egon daitezke auzitegiak, kartzelak, diktadurak; baina berriro ere eta etengabe, arazo nazionala mahai gainean dago. Horrek esan nahi du badagoela gehiengo bat libre eta demokratikoki erabaki nahi duena bere etorkizuna, eta hori hauteskundez hauteskunde kontsolidatzen da», laburbildu zuen Otegik.

Bide horretan, mezu bat bidali zion Espainiako Estatuari, esanez baduela «zer pentsatu», auzi nazionala «mahai gainean indarrez» jarri delako: «Independentismoak kolpe bat eman du mahai gainean. Autoritate batzuk pentsatzera eraman beharko lituzke: irtenbiderik ezean eta errepresioan tematzea, edo, behingoagatik, errespetatzea Espainiako Estatuan gauden nazioei gure nortasun nazionala eta erabakitzeko eskubidea».

Era berean, nabarmendu zuen independentismoa «ezkerretik» indartu dela, eta bereziki zoriondu ditu ERC eta CUP. Gainera, beste analisi bat ere egin du: En Comu Podemek eskuratutako zortzi diputatuak kontuan hartuta, «boto autodeterministak %60 inguru» direla botoetan eta ordezkari kopuruan. «Proiektu independentista ezkerretik handitzen da, eta unionista, eskuin muturretik», laburbildu du Otegik: «Egia da PSCk irabazi duela, baina ez du inolako aukerarik gobernatzeko. Unionismoak eskuin muturrera egin du, eta hori kezkatzekoa da».

EH Bilduko koordinatzailearen hitzetan, subiranismoaren goraldia ez da soilik Espainian gertatzen ari: «Ezkerreko subiranistak toki guztietan goaz gora; gero eta jende gehiago ari zaio ezker independentistari babesa ematen: Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian, baina baita Eskozian eta Irlandan ere». Beraz, Otegik uste du Llotja de Marreko akordioa «oso indartuta» atera dela hauteskundeetatik, eta, beraz, baita «ERC-EH Bildu akordio estrategikoa ere».

Igande gauean, berriz, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak nabarmendu zuen Kataluniaren gehiengoak alderdi subiranistak babestu dituela, eta horiek «gehiengo argia» eskuratu dutela parlamentuan: «Gizarte katalanak bere etorkizuna askatasunez erabaki nahi du; hala adierazi du bere botoekin. Horretarako, elkarrizketa eta soilik elkarrizketa da beharrezkoa».

Ortuzarrek Illa eta PSC zoriondu zituen; haren ustez, bart gaueko emaitzak «gizarte plural baten isla» dira, eta uste du gaurtik aurrera egin beharrekoa dela «mahaian esertzea eta Kataluniaren aitortza nazionalerako irtenbide demokratiko bat bilatzea, Euskadiren kasuan bezala. Bide horretan beti topatuko dute EAJ».

«Elkarbizitzaren apustua»

Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak Illa zoriondu zuen, eta nabarmendu «elkarbizitzaren, irtenbideen eta blokeo politikoaren amaieraren aldeko apustuak irabazi» duela hauteskundeetan. Ramon Alzorriz PSNko bozeramailearen arabera, berriz, «independentista-ez independentista blokeez hitz egiteari utzi behar zaio, eta mahai gainean jarri behar dira jendearen bizimodua hobetuko duten politikak».

Miren Etxebeste Ahal Dugu-ko kideak, berriz, espero du «elkarrizketarako joera duten alderdiak elkartuko direla akordioak lortzeko».

Ezkorrago agertu zen Javier Esparza UPNko presidente eta Navarra Sumako bozeramailea: «Albiste txarra da independentismoak gehiengoa izatea Katalunian». Gainera, kexu azaldu da, «[Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria] Txibiteren bazkide guztiak oso pozik» daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.