Albistea entzun

Kontsumitzaileen legeak ez du aurrerapausorik, Kontseiluaren arabera

Lege proiektuaren oinarria sustapena izatea dela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta ohartarazi horrek ez dituela hizkuntza eskubideak bermatzen. 33 zuzenketa aurkeztu dizkio
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, atzo.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko ekainak 22

«Arautzea saihestu» du Eusko Jaurlaritzak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege proiektuarekin, Euskalgintzaren Kontseiluak kritikatu duenez. Horrenbestez, Jaurlaritza lantzen ari den lege proiektuak ez ditu bermatuko hizkuntza eskubideak, haren arabera, eta zenbait atzerapauso ere baditu 2003an onartutako legearekin alderatuta. Gardena da balorazioan: «Elementu berritzailerik jasotzen ez duela ondorioztatu dugu. Are gehiago, hainbat kasutan aurreko legeak jasotako elementuak ezabatu ditu, eta, beraz, hizkuntza eskubideen bermea zailagoa izango da».

Kontseiluak gogorarazi du hizkuntza eskubideak sustapenaren menpe uzteak ez betetzeko arriskua dakarrela: «Eskubideen aitortzak eta eskubideen bermeak arau egingarriak behar dituzte; bestela, homilia hutsa izango dira». 33 ekarpen egin dizkio lege proiektuari, eta atzo aurkeztu zituen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Eusko Legebiltzarreko Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordean. Batetik, hizkuntza eskubideen «transbertsaltasuna» aintzat hartu eta gainerako eskubideetan ere txertatu nahi izan dituztela azaldu zuen, eta, bestetik, 2003ko legeak zituen elementuak «berreskuratu» nahi izan dituztela. Lege horri aldaketak egin zizkion Patxi Lopezen gobernuak, eta, besteak beste, hizkuntza eskubideak bermatzen ez zituzten enpresei zehapenak ezartzeko aukera kendu zuen.

Hizkuntza eskubideek badute atal berezitu bat oraingo lege proiektuan, baina Kontseiluak salatu du gainerako ataletan ez dela ikuspegi hori txertatu, ezta «kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hainbat eskubide eta horien bermerako mekanismoak zehaztean» ere. Izan ere, atal horretatik kanpo hizkuntzari buruzko hiru aipamen baino ez daude. Kontseiluak uste du lege proiektuak ez duela kontuan hartzen bi hizkuntza ofizial daudela, eta, beraz, «jasotzen diren elementu guztiak hizkuntza batean zein bestean bermatu beharko liratekeela».

Gainera, salatu du hizkuntza eskubideei buruzko atal berezituak 6/2003 Legearekin alderatuta «atzerako urratsak ekar ditzaketen ezberdintasunak» dituela. Ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioari dagokionez, esaterako, lege proiektuak ez du zehazten informazio hori erabiltzaileek euskaraz jaso ahalko dutela. Hori eragozteko, Kontseiluak hainbat artikulutan ekarpenak egin ditu, informazioa «hizkuntza ofizialetan» jaso ahalko dela esplizitatuz.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan araututako jatorri izeneko edo kalitate zigilupeko produktuak aurkeztean ere euskararen derrigortasuna kendu dutela salatu du Kontseiluak. Hala arautzen zuen artikulua ezabatu egin zuten 2012an, baina «berriz indarrean jartzeko modukoa» da, Kontseiluaren esanetan.

Kontseiluari «kezka» sorrarazi dio, halaber, «euskara ikusezin bihurtzeko aukerak». Izan ere, lege proiektuan hainbatetan aipatzen da dokumentuak-eta euskaraz, gaztelaniaz edo ele bitan jasotzeko aukera, eta beldur da planteamendu horrek soilik gazteleraz idatzitako informazioak zabaltzeko modua emango duen.

Betebeharrak, gutxiagok

Hizkuntza betebeharrak izango dituzten enpresak zehaztean ere sumatu du atzerakada Kontseiluak. «Entitate batzuk» desagertu egin direla azaldu du: «Euskara lan-harremanen eremuan eta jendaurreko arretaren eremuan baliatzeko berariazko diru laguntzak jasotzen badituzte soilik ezarriko die derrigortasuna». 2003ko legeak, berriz, diruz lagundutako edozein entitateri ezartzen zien betebeharra, ez soilik euskararekin lotutako diru laguntzak jasotzen zituztenei.

Zer betebehar izango duten, horretan ez dator bat Kontseilua, gainera, «sustapen politikak» soilik aipatzen baitira.

Arau hausteak zehazten dituen kapituluaz ere kexatu da Kontseilua, hizkuntza eskubideen urraketak horietatik kanpo uzten baititu zirriborroak: «Beste eskubideen urraketekin edo betebeharrekin ez bezala, hizkuntza eskubideak lasai asko urratu ahal izango dituzte enpresek, ez baita inolako neurririk hartuko».

Pribatuan eragin beharra

Bilbao ez ezik, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria ere izan da Eusko Legebiltzarreko batzordean. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideez aritu da, eta horietan ohikoak izaten diren hainbat urraketa zerrendatu ditu. Eremu pribatuan esku hartu beharra ere defendatu du, eskubideok bermatu ahal izateko: «Sarritan zabaldu da gure gizartean agintariek ez dutela, hizkuntzari dagokionez, eremu pribatua arautzerik. Horixe izan da gurea bezalako hizkuntzen erabilerari oztopoak jartzeko baliatu izan den aitzakietako bat»

Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean oinarrituta, Gaubekak gogorarazi du hizkuntza komunitate orok duela bere hizkuntzan jarduera sozioekonomiko guztietan aritzeko eskubidea. Gainera, hori bermatu ezean, herritarrei hizkuntza eskubideak ez ezik, bestelakoak ere urratzen zaizkiela nabarmendu du. Halaber, adierazi du «zentzurik» ez duela euskara ofizialtzat jotzeak eta herritarrei euskaraz egin dezaten eskatzeak, «horretarako espaziorik eskaintzen ez bazaie».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miarritzeko harrotasunen martxa, atzo. ©BOB EDME

«Mugak hausteko» harrotasunez hartu dituzte Miarritzeko karrikak

Oihana Teyseyre Koskarat

Ehunka lagun bildu dira harrotasunaren martxan. LGTB komunitateko eragileek nabarmendu dute gora egin dutela horien kontrako erasoek
Barakaldon eraso matxisten aurka egindako elkarretaratze bat, aurtengo martxoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita

Jon O. Urain - Maddi Ane Txoperena Iribarren

Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon

Osasun zentro bateko sarrera, artxiboko irudi batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bere burua hiltzen saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura, abian

Oihane Puertas Ramirez

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri
LABeko suhiltzaileen atalaren prentsaurrekoa, atzo, Iruñean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

LABek Nafarroako Barne zuzendariaren dimisioa eskatu du

Joxerra Senar

Sindikatuak salatu du urteetako gabeziak «inoiz baino nabarmenago» geratu direla, eta ez dela egon ez aurreikuspenik, ez alerta gaitasunik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Julen Aperribai

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...