Albistea entzun

Eragileak, zehaztasun eske

Ikastolen Elkarteak Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekiko desadostasunik handiena euskararen arloan du. EH Bilduk dio hezkuntza akordioari «fidel» izan behar zaiola testua
Tolosako (Gipuzkoa) Laskorain ikastolako ikasle batzuk, artxiboko irudi batean.
Tolosako (Gipuzkoa) Laskorain ikastolako ikasle batzuk, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko irailak 16

Erreakzio errenkada ekarri du herenegun ezagutarazi zuten Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroak. Zehaztasun falta ikusten diote zenbait hezkuntza eragilek; hitz egiteko prest agertu dira alderdi politikoak.

Ikastolen Elkartea da zehaztasunak faltan sumatu dituzten eragileetako bat. Koldo Tellitu presidenteak datu bat eman du: «45 aldiz agertzen dela gai bat ondoren araudi bidez garatuko dela; oso zaila da jakitea nola geratuko diren gai garrantzitsu batzuk».

Halere, puntu positiboak eta negatiboak identifikatu dituzte. Batetik, egokia iruditzen zaie lehenengoz sistema osoa arautuko duen hezkuntza legerako bidea egitea: «Orain arte publikorako bakarrik zegoen». Beste hainbat elementu ere begi onez ikusten dituzte: Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortzea, doakotasuna eta jasota egotea ikasleek eskuratu beharko dituzten hizkuntza gaitasunak.

Ordea, Tellituk azaldu duenez, «kezkak» ere sortu dizkie, «gabezia asko» nabari dituzte, eta «desadostasun sakonak» ere badituzte. Arloz arlo xehatu ditu. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortu izana positibotzat jota ere, esan du ikastetxe publikoak eta itunpekoak ez dituela parekatzen: «Hamaika aldiz publikoa eta itunpekoa erregulazio desberdinarekin daude». Publikotasunean bertan ere jarri du arreta: «Definitzen da publikoak izango direla titularra administrazio publikoa dutenak; pentsatzen dugu hori gainditu behar zela». Euskaran dute «desadostasunik handiena»: «Ez du berariaz zehazten zein izango den hizkuntza eredu berria; hau da, ikasleek eta irakasleek hizkuntza gaitasunak benetan lortuko dituztela bermatzeko bidea. Hezkuntza akordioan jasota zegoen ikaseredu orokortu inklusiboa desagertu da». Euskal Herria agertu ez izana ere kritikatu du. Eta hala gaineratu: «Euskal curriculumean ere jarri behar luke azpimarra zirriborroak».

Guztiaren gainetik, lanean jarraitzeko asmoa erakutsi du: «Badago denbora eta aukera elkarlanean legea norabide egokian jartzeko, euskal hezkuntza sistema propioa lortzeko urrats bat izan dadin».

Sindikatuak, bide bertsutik

Gai bertsuez aritu da LAB, ohar bidez. Aurreratu du zuzenketak aurkeztuko dizkiotela zirriborroari, hainbat kontu «asmo hutsean, irekian edo zehaztasun handirik gabe» geratzen direla iritzita. Kasurako, euskarak izango duen lekua: «Ez du asmorik agertzen euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikaseredu bakarra ezartzeko hizkuntza ereduak desagertzeko». Nazio ikuspegia: «Ontzat ematen du euskal hezkuntza sistema propioa egituratzea oztopatzen duen esparru juridiko politikoa, eta ez du planteamendurik Euskal Herrirako hezkuntza sistema burujabean urratsak egiteko». Eta segregaziori aurre egiteko neurriak: «Jatorri edo maila sozioekonomikoagatiko segregazioari aurre egiteko neurri batzuk jaso arren, ez du zehazten orain arte halakoak —kuotak kobratzeko debekua, erroldetako iruzurrak...— saihesteko erabili diren trikimailuei aurre egiteko tresnarik».

CCOOk ere zehaztasun falta nabari du zenbait gaitan: deszentralizazioan, herrien protagonismoan, hizkuntza proiektuen garapenean, irakas-hizkuntzak zein izango diren esateko orduan eta laikotasunean, esaterako.

Hezkuntza Laikoa, Laikotasuna eta Euskadi Laikoa elkarteek uste dute bereziki laikotasunaren arloan hankamotz geratu dela. Laikotasunerako «inolako pausorik» ez ematea egotzi diote: «Ez du alderdi horretan aurrerapausorik ematen; egungo egoera sendotu eta legitimatzen du».

Baikorragoa izan da Kristau Eskolako zuzendari nagusi Maria Eugenia Iparragirre. Dokumentua aztertzeko denbora gehiago galdegin du, baina esan du «aukera bat» eman behar zaiola.

Elkarrizketarako prest

Dokumentua zirriborro bat da, eta, hala izaki, aldaketak egon daitezke. Hitz egiteko pronto agertu da, esaterako, Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Koalizioari «akordio ona» iruditzen zaiola esan du, «eredu propio baterako trantsiziorako oinarriak ezartzen dituelako, euskal hezkuntza eredu nazional baterako». Orain, «eztabaida lasai baterako» garaia dela azaldu du, eta legebiltzarreko akordioari «fidel» izango zaizkiola nabarmendu.

Orain, herritarrei entzuteko garaia dela ziurtatu du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, EITB1en egin dioten elkarrizketa: «Hitza eman behar zaio gizarteari, eta gizarteak bidali behar digu bere iritzia» Halaber, nabarmendu du dokumentua Eusko Legebiltzarrean sinatutako akordioari «fidel» zaiola, eta testua bera ere aletu du.

Hizkuntzei dagokienez, azaldu du eskolek hizkuntza proiektua egin beharko dutela, tokian tokiko egoerara egokituta: «Ikastetxeak egoera soziolinguistikoari erantzun behar dio, eta horrek esan nahi du hartu behar dituzten neurriak desberdinak direla». Baina helburua bera: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzerako euskaraz eta gazteleraz B2 maila lortzea.

Erreparatu dio segregazioari ere. Hitzeman du datorren ikasturtetik«proportzio bertsuan landuko dituzte zaurgarritasunak» ikastetxe denek. Gainera, kuotak debekatu dituzte, baina iragarri du doakotasuna lortzea «prozesu bat» izango dela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lege proposamenaren bozketaren emaitza. ©Iñigo Uriz / Foku

Mañeru eremu mistoan sartzeko lege proposamena atzera bota dute PSNk eta Navarra Sumak

Joxerra Senar

Proposamena babestu duten lau taldeek ez dute ulertzen sozialistek nolatan baztertu duten Mañeruko Udalak aho batez onartutako eskaera, eta eskuinaren beldur izatea aurpegiratu diote.

Lezetxikiko aztarnategian eginiko indusketa lanak, artxiboko irudi batean. ©Andoni Canellada / FOKU

Lezetxikiko hagin bati esker baieztatu dute neandertalak oso berandu arte bizi izan zirela inguruan

Edu Lartzanguren

Diego Lopez-Onaindia ikertzaileak adierazi du kezkatuta dagoela AHTren lanek kobazuloan eginiko kalteekin. Arrasateko Udalak azalpenak eskatu dizkio Lezetxikin eginiko kalteen «kausen eta erantzukizunen» inguruan

AEBetako Amadako M-113 motako blindatu bat, maniobratan, Hohenfelsen (Alemania) 2015. urtean. ©Spc. Tyler Kingsbury

Madrilek «diskrezioa» eskatu du astelehenean Bilbotik Ukrainara bidaliko dituzten ibilgailu blindatuen inguruan

Edu Lartzanguren

Armen bidalketa NATOko herrialdeekin «erabat koordinatuta» egingo da, Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak gaur esan duenez.

Gaindegiaren webgunea, artxiboko irudi batean. ©

Munduko batez besteko gas emisioak halako bi isurtzen da Euskal Herrian

Iosu Alberdi

Gaindegiak '2022ko adierazle galeria nagusia' txostena osatu du, lan publikoaren eten baten ostean. Datu demografikoak, ekonomikoak, sozialak eta ingurumen arlokoak landu ditu. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...