Foru Hobekuntza: osatu edo berritu

Txibitek uste du ez dela garaia Nafarroako Foru Hobekuntza moldatzeko, hura «garatzeko» baizik. Barkosek dio legea «bete gabe» dagoela eta «itun politiko berri bat» beharrezkoa dela

Maria Txibite Nafarroako lehendakaria. VILLAR LOPEZ / EFE.
jon olano
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroaren Eguna da gaur, eta aurtengoak aparteko kutsu politiko bat izango du, Foru Hobekuntzaren Legeak 40 urte bete dituenez gero. Asteon, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak Foru Hobekuntza goraipatu du, «batasun konstituzionalaren barnean». Atzo bertan, Nafarroaren Egunaren bezperan, ideia hori berretsi zuen Efe agentziak eginiko elkarrizketa batean: «Foru Hobekuntza elkarbizitza da, eta engranaje instituzionala [Espainiako] konstituzioaren barruan; leialtasunez, baina gure errealitate autonomikoa defendatuz». Txibitek ez du uste «orain» Foru Hobekuntza moldatu behar denik, oraindik ere «hazteko eta lege hori garatzeko tarte handia» dagoelako.

Ildo horretan, Txibitek azaldu du Nafarroak oraindik jasotzeko dauzkala Foru Hobekuntzak Nafarroari aitortzen dizkion zenbait eskumen, eta, beraz, uste du legea «erabat garatzeko eskatzen» jarraitu behar dela. Autogobernua osatze aldera, Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk adostu zuten datorren urteko lehen hiruhilekoan Nafarroako Gobernuaren esku uztea trafikoko eskumena, eta horrek hautsak harrotu ditu Espainiako eskuinaren eta eskuin muturraren artean. Horien jokabidea Nafarroaren autogobernuarentzako «arriskutzat» jo du Txibitek, eta salatu du horiek Nafarroa «erabiltzen» ari direla Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari eraso egiteko.

Eskumen horrek legealdia bukatu baino lehen behar zuen Nafarroako Gobernuaren esku, eta datorren urteko maiatzean dira Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak. Beraz, Txibitek azaldu du trafikoko eskumenaren eskualdaketa ez dela aurreratu, eta hori adostuta zegoela jada.

«Nafarroa subiranoa»

Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak, berriz, Foru Hobekuntzaren «ekarpen positiboak» aitortu ditu, baina «baita bere akats nabarmenak ere»: «40 urte hauetan, ikusi dugu estatuko oinarrizko legediak eta ebazpen konstituzional eztabaidagarriek nola hustu dituzten gure ordenamendu juridikoaren esparru garrantzitsuak, jakinik gainera oraindik garrantzi handiko eskumenen transferentziak falta direla, hala nola trafikokoa, I+G+b eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa». Foru Hobekuntza «bete gabe» dago oraindik, Barkosen hitzetan, eta, horregatik, Geroa Baik gainontzeko indar politikoei dei egin die bat egin dezaten «foruaren hobekuntza osorik gauzatzeko konpromisoa gizarte osoaren aurrean betetzeko».

Barkosek «itun politiko berri bat eraikitzea» proposatu du: «Bazterkeriarik gabe, gure ordenamendu juridikoa adostasunetik eguneratuz eta herritarrek berretsiz. Estatuarekin aldebikotasunezko harremana edukitzeko gure forutasunaren berreskuratze osoa nahi dugunok eta batasun konstituzionalaren menpe dagoen forutasun partziala nahi dutenak elkartuko gaituen eztabaida». Geroa Baik planteatzen duen itun politiko berri horren helburua «ongizate estatua bermatzea» da, eta horretan «elkarrekin lan egiteko ardatza» autogobernua izan behar da, nafar guztien «ondare immateriala» dela argudiatuta.

EH Bilduk, berriz, ekitaldi bat egin zuen Iruñeko Labrit pilotalekuan, «Nafarroa subiranoa» aldarrikatzeko. «Subiranotasunaz ari garenean, dena hemen erabaki nahi dugu, Nafarroa bidezkoago eta demokratikoago bat eraikitzeko», adierazi zuen Laura Aznal EH Bilduren lehendakarigaiak:«Estatuarekin zer harreman mota izan nahi dugun erabaki nahi dugu, Euskal Herriko gainerako herrialdeekin zer harreman mota izan nahi dugun».

«Defentsa soziala»

Zurekin Nafarroa koalizioak ere autogobernuaren «defentsa soziala» egin du, eta nabarmendu euskara «Nafarroa osoko ondare kulturala» dela; beraz, hizkuntza babesteko beharra aipatu du Begoña Alfaro Zurekin Nafarroako bozeramaile eta lehendakarigaiak, «inposiziorik eta sektarismorik gabe». Carlos Guzman Nafarroako Ezker Batuko koordinatzaileak, berriz, esan du autogobernua «eskubide sozialetan sakontzeko tresna gisa» defendatu behar dela, eta horren gainean eraiki behar dela «herrialde federal eta errepublikar bat». Herrialde horretan, «espainiar guztiek izan behar dute berdinak legearen aurrean» eta «lurralde eta nazio guztiek egon behar dute eroso», Guzmanen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.