Udal eta foru hauteskundeak. Erreakzioak

Ireki da hitzarmenen kutxa

EH Bilduk bere burua aurkeztu du «aldaketa sakon eta lasaia» gidatzeko, eta eskaintza egin die gainerakoei. EAJk ez dio aterik itxi indar gehiago batzeari PSErekin duen itunera

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak bilera egin zuen atzo Sabin Etxean, hauteskundeen emaitzak aztertzeko. MIGUEL TOÑA / EFE.
gotzon hermosilla
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Maiatzaren 28ko hauteskundeak igarota, orain indar politikoen arteko negoziazioen txanda da, eta ez du ematen irtenbideak errazak izango direnik. Azken bi agintalditan, EAJren eta PSE-EEren arteko ituna indarrean egon da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde gehienetan, baina EH Bilduren gorakadaren ondorioz, zenbait lekutan formula hori ez da nahikoa, eta horrek aukerak zabaltzen ditu. Alderdiak emaitzak aztertzen ari dira oraindik, eta egoera argitu bitartean zuhur jokatzea lehenetsi dute, baina gako batzuk eman dituzte orain arte egindako balorazioetan.

EH Bilduren Mahai Politikoak bilera egin du emaitzak aztertzeko, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak agerraldia egin du. Han esan du koalizioa «aldaketa sakon eta lasaia» bideratzeko prest dagoela, eta horretarako «gutxieneko programak» eta «aliantza zabalak» behar direla. Aldaketa hori «nahi dutenekin» batera egiteko eskaintza egin du.

Otegiren ustez, EH Bildu da hauteskundeetako garailea: «Hego Euskal Herriko lehen indar politikoa gara». Gogorarazi du EH Bilduk aurreko bozetan baino boto gehiago eskuratu dituela abstentzioak gora egin duen arren, eta EH Baik Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan dituen botoak gehituta ezker subiranistak 400.000 boto inguru biltzen dituela. Haren esanetan, EH Bilduren hazkundea ez da «koiunturala», baizik aspalditik datorren joera «sendo eta sakon» bat.

Emaitzak emaitza, arazoek «iraun» egiten dutela azaldu du Otegik, eta horri erantzuteko «aldaketa» behar dela: «Gu prest gaude aldaketa horren buru izateko, beste batzuekin batera. Norekin? Nahi duten guztiekin». Iragarri du kontaktuak hasi dituztela alderdi guztiekin, eta «Espainiako eskuina» baino ez dute baztertu dinamika horretatik: «Gureak boto antifaxista izaten jarraitzen du». Aldaketa hori «lasaitasunez baina arazoen erroetara joz» egin behar da, Otegiren esanetan.

Zenbait lekutan, EAJk eta PSE-EEk PPren botoak beharko lituzkete EH Bilduri bidea mozteko. Aukera horretaz galdetuta, Otegik esan du horri EAJk erantzun beharko liokeela: «Guk kontrakoa egingo dugu: EAJri babesa emateko prest gaude PP kanporatzeko. Lehenago ere egin dugu, eta berriro egingo genuke».

«Egonkortasuna» xede

EAJren EBBk ohar baten bidez nabarmendu du bere asmoa dela «Euskadi osoan erakunde sendo eta egonkorrak albait arinen eta egokien eratzen laguntzea». Jeltzaleek azaldu dute PSE-EErekin harremanetan jarri direla, «epe eta era egokian» eratu ahal izan dezaten «euskal egituraketa instituzional sendo, egonkor eta eraginkorra».

Zenbait udalerritan EAJren eta PSE-EEren arteko itunari PP gehitzeko aukeraren inguruan, EAJren BBBko lehendakari Itxaso Atutxak ez du aterik itxi nahi izan, eta esan du litekeena dela zenbait herritan beharrezkoa izatea «hirugarren alderdi baten edo tokian tokiko plataformen» parte hartzea.

Atutxak ere «gazi-gozotzat» jo ditu EAJren emaitzak. Haren ustez, ez da zuzena «ziklo politiko berriaz» berba egitea, «horretarako EAJren erabateko porrota gertatu behar zelako, eta ez da horrelakorik izan». Hala ere, aitortu du emaitzak ez direla onak izan.

Emaitza horien zergatiez galdetuta, Atutxak esan du abstentzioak beste alderdi batzuei baino kalte handiagoa egin diola EAJri, eta horren arrazoiak aztertu beharko direla. Kudeaketak sorturiko higadura ere aipatu du.

PSE-EEko Ekain Rico pozik agertu da lortutako emaitzekin: «Ematen zuen bozetan EAJren eta EH Bilduren arteko lehia baino ez zegoela, eta argi gelditu da PSE-EEk baduela jarrera propioa, eta hori sendotu egin dela».

Mezu bera zabaldu du PSE-EEren zuzendaritzak, ohar baten bidez. «Akordio zabalaren aukera esploratzea» garrantzitsua dela adierazi dute sozialistek, eta nabarmendu dute «egonkortasuna emango duten gehiengoak osatzea» izango dela beren helburua.

PPko Carlos Iturgaiz ere pozik agertu da lortutako emaitzekin: «Tunel ilun bat zeharkatu ostean, argia ikusten hasiak gara. Batzuek iragartzen zuten desagertzeko zorian egongo ginela, baina orain alderdia inoiz baino batuago dago». Nabarmendu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Gasteizen, Durangon eta beste zenbait tokitan «giltza» izango dutela eskura erakundeen gobernabidea bermatzeko.

Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik aitortu du beren koalizioaren emaitzak ez direla izan «nahi bezalakoak», eta zenbait arrazoi eman ditu hori azaltzeko. «Polarizazioak» kalte egin dielakoan dago: «Bi blokeren arteko lehia balitz bezala aurkeztu dira hauteskundeak, eta ez da tarterik egon politika zehatzez hitz egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.