Koronabirusa. Tete Barrigah-Benissan. Bizi Hotsa

«Sistemak ez du bizitza helburu, heriotza eta miseria baizik»

Elkartasuna oinarritzat duen proiektua da Bizi Hotsa. Egungo egoerak sortu dituen ondorioei aurre egiteko asmoz, diru bilketa abiatu dute. Bizi duina aldarrikatu dute, kapitalaren gainetik.

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Bizi Hotsa erresistentzia kutxa jaio da, eta bertako kidea da Tete Barrigah-Benissan (Togo, 1983). Salatu du COVID-19ak zenbait ondorio eragin dituela gizartean, eta beharrezkoa dela horiei aurrea hartzea. Barrigah-Benissanek adierazi duenez, irabazi ekonomikoak baino garrantzitsuagoa da bizitza, baina dirua beharrezkoa da «bizirik iraun» ahal izateko. Eredu berri bati eusteko nahia dute, eta «bizitza duina» jarri dute kapitalaren gainetik.

Bizi Hotsa proiektua abian da. Zer behar identifikatu dituzue?

COVID-19a eta konfinamendua egoera zailetan ari da jartzen pertsona asko. Egoera horiek aurrez zailak ziren, eta egungo krisiarekin gero eta sakonagoak bilakatuko dira. Ikusi genuen erakundeek neurri gutxi hartzen zituztela, eta pertsona horien larrialdiek erantzun azkar bat behar zutela. Jendea erantzuten hasia zegoen, baina erantzun globalago bat eman nahi genuen, herritarrak egoera horretan inplikatu. Beraz, Bizi Hotsa gizartearen eskura jarri dugun tresna bat da.

COVID-19ak erasoaldi neoliberala areagotu duela adierazi duzue.

Batzuk aberastu egiten dira ezberdintasunek hazten jarraitu bitartean, baina erasoaldi neoliberal hori ez da kontu berria; ez da oraingoa. Askok urteak daramatzagu honi aurre egiten, baina egungo egoeraren ondoren guztia basatiagoa izango da, eta ahulenei egingo die eraso berriro. Erasoaren atzean osasun larrialdi batean argia ordaintzea barkatzen ez duten enpresa handietatik hasi eta etxetik atera ezin garen bitartean diru sarrerarik ziurtatzen ez duten erakundeak daude.

Nekropolitika aipatu duzue plazaratutako irakurketan.

Konfinamendua guztientzat berdina denaren ideia zabaldu nahi da, baina hori ez da erreala. Batzuek atseden hartzeko opor gisa bizi ahal izango dute egoera, baina familia askok infernua bizi dute, lana galdu dutelako eta diru sarrerarik ez dutelako. Beste pertsona batzuei kalean eraso egiten die poliziak, eta beste batzuk kanporatu egin dituzte paperik ez dutelako. Horri buruz ari gara nekropolitikaz hitz egitean. Bizi garen sistemak ez du bizitza helburu, baizik eta heriotza eta miseria askorentzat, eta dirua eta ongizatea gutxi batzuentzat.

Erasoaldi horrek zer ondorio dakartza gizartearentzat?

Jendea are gehiago pobretuko da eta arrazakeria areagotuko da, baita emakumeen aurkako indarkeria ere. Egoera oso larria da, eta are larriagoa izango da. Hala ere, jendea elkartasunez antolatzen eta erantzuten ari da, eta hori oso garrantzitsua da.

Hain zuzen, elkartasuna du oinarri Bizi Hotsak taldeak. Nork jarri zuen lehen harria?

Talde eragile bat ari da kudeaketa guztiaz arduratzen. Horiek onuradun gisa parte hartzen duten elkarteekin daude koordinatuta; Gasteizko Afro elkartea, adibidez. Kanpaina abian da, eta asmoa da talde eragilea handitzea; elkartez eta norbanakoez osatuta dago, eta Bizi Hotsa proiektuan nahi duen orok har dezake parte.

Helburu gisa jarri duzue 60.000 euro biltzea; maiatzaren 21a da azken eguna.

Gutxieneko kalkulu bat egin genuen eta hori da atera zitzaigun kopurua. Asko dirudi, baina hori da bizitzak balio duena. Pentsatu behar da bizitza elikadura, etxea eta gutxieneko diru sarrera bat dela, besteak beste. Jendeak izan duen erantzunarekin pozik gaude; lehen hiru egunetan ia diruaren erdia geneukan jasota. Euskal gizarteak erakutsi du solidarioa dela. Orain diru bilketaren azken egunetan gaude. Espero dugu gizarteak azken txanpan laguntzea, eta jarritako helburua lortzea.

Dohaintza horiekin hamahiru proiekturi laguntzeko asmoaduzue.

Proiektu horiek, batez ere, elikadura eta etxebizitza bermatzera bideratuta daude, eta baita indarkeria matxista jasan duten emakumeei arreta eskaintzera ere. Halere, pandemiak gizarte osoan izan du eragina, eta ez da arlo bat bera ere libratzen; hezkuntza, adibidez. Krisi hau sakona eta estrukturala da.

Eta zer gertatzen da erakunde publikoekin?

Osasun krisian daude zentratuta, eta hori garrantzitsua da, baina bizitzak aurrera jarraitzen du, eta eutsi egin behar zaio. Horregatik,erantzun sozialak eman behar dira. Osasunari lotutako neurri bat iragartzen duten bakoitzean, astebete behar izaten dute neurri sozial bat esateko. Horrek erakusten du lehentasunak non dauden.

Administrazioarekin elkarlanean aritzeko prest al zaudete?

Oraingoz, larrialdiei erantzuten ari gara, eta hori izango dugu lehentasuna. Ez daukagu beste ezertarako gaitasunik. Ez da elkarlan kontu bat. Administrazioek beren lana egin behar dute, baina ez dira egiten ari. Hori bere erantzukizunari uko egitea da.

Beraz, erresistentzia antolatuta erantzungo duzue?

Ziur gaude elkarren arteko lankidetzaren bidez eutsi behar dugula. Betidanik egin dugu hori, baina orain indar handiagoz egin behar dugu. Horregatik, erresistentzia antolatzeaz hitz egiten dugu. Agintzen ari denari ez zaio interesatzen gizartea antolatzea, ez duelako erantzunik eta kritikarik nahi: kontrola eta errepresioa nahi ditu. Baina hori ez da guk egingo duguna.

Bizi eredu berri bat aldarrikatzen al duzue?

Kapitala baino gehiago, bizitza duina helburu duen proiektu baten alde egiten dugu. Izan ere, egungo eredu ekonomiko eta sozialak pobrezia gehiago baino ez du ekarriko. Beraz, proiektu honetatik abiatuta, gustatuko litzaiguke Euskal Herrian eredu ekonomikoa, soziala, solidarioa, kooperatiboa eta komunitarioa sor dezakeen eredu baterako ekarpena egitea. Balio horiek oinarri dituzten proiektuak dira eredu, eta baita autogestiora gehien hurbiltzeko aukera eskaini dezaketenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.