Oinazea arintzeko urratsa

1978tik 1999ra Poliziaren abusuak jasan zituztenei kalte-ordainak emateko epea zabalduko du Jaurlaritzak irailean. 315 eta 447 biktima artean aitortzea espero du.

1983an GALek bahitu, torturatu eta hil zituen Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren aldeko omenaldia, iaz, Tolosan (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Estatu indarkeriaren biktimek urteetan pairatutako ahanztura sendatzeko lehen urratsa izango da. Sufritutako oinazea arintzeko modu bat. Instituzioetatik sekula jaso ez duten aitortza jasotzeko aukera bat. Irailetik aurrera, 1978 eta 1999 bitartean poliziaren gehiegikeriak jasan zituzten biktimek aitortza eta erreparazioa lortzeko parada izango dute Euskal Autonomia Erkidegoan. Orduan zabalduko du Eusko Jaurlaritzak errekonozimendua eta kalte-ordainak eskatzeko epea.

Joan den apirilean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 1978tik 1999ra bitartean Poliziaren abusuen biktimei aitortza eta erreparazioa emateko legearen moldaketa, eta, ordutik, eskaerak tramitatzeko prozedura lantzen ari da Jonan Fernandezek zuzentzen duen Bake eta Bizikidetza idazkaritza. Kalte-ordainak eskatzeko araudia prestatzeak, berez,ez du konplexutasunik, baina gobernua «zuhur» ari da lanean,prozedura guztiari ahalik eta segurtasun juridiko handiena emateko, Fernandezek BERRIAri aurreratu dionez.

Izan ere, 2016tik, Eusko Legebiltzarrak legea lehen aldiz onartu zuenetik, katramilatuta dago tramitazioa auzitegietan. Eta hala dago oraindik. Interes politikoak eta auzitegiak tarteko, nahi baino gehiago «moteldu» da Polizia abusuak jasan dituzten biktimei erreparazioa emateko prozedura, Fernandezek azaldu duenez.

C's-en eta PPren helegiteak

PP Moncloan zegoela jarri zion Espainiako Gobernuak helegitea legeari Auzitegi Konstituzionalean, eta, zenbait artikulu bertan behera utzi ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Pedro Sanchezen gobernuak 2018ko uztailean adostu zuten legean moldaketak egitea.Moldaketa horiek jasota egin zuen aurrera legeak, aurtengo apirilean. PPren gobernuaren helegitea gaindituta, Konstituzionalak orain Ciudadanosek eta PPk berak jarritako errekurtsoen inguruan ebatzi beharko du—atzo bertan jarri zuen helegitea PPk—. Biek argudiatu dute arauak justiziaren egitekoan esku hartzen duela.

Bake eta Bizikidetza idazkaria zuhur mintzo da auzitegien erabakiez, baina uste du PPren errekurtsoaren artxiboa oso albiste «positiboa» izan dela, eta, beraz, «sintoma ona» Ciudadanosen helegiteari begira.

Bitartean, lanean jarraituko du gobernuak, eta irailaren erdialderako onartuko du biktimek ordaina eskatzea ahalbidetuko duen dekretua. Teknikoa eta sinplea izango da araua; haren bitartez, erreparazioa eta ordaina galdegiteko urratsak eta epeak zehaztuko dira.

1978tik 1999ra estatuaren indarkeria pairatutako biktima kopuru ofizialik ez dago, baina, Jaurlaritzak egindako aurreikuspenen arabera, aitortuko dituzten biktimen kopurua 315 eta 447 artekoa izango da. Kopuru hori, hala ere, «tentuz» hartzekoa dela zehaztu du Fernandezek. «Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izan dezaketenak dira horiek, baina legeak aitortzen die biktima estatusa lesiorik ez dutenei ere». Giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimei erreparazio ekonomikoa emateko ez ezik, errekonozimendua eskaintzeko ere badelako legea. Hortaz, kaltetuen kopurua aurreikusitakoa baino handiagoa izan daiteke.

Kalte-ordainei dagokienez, elbarritasun larria aitortzen zaien lagunek jasoko dute kopururik handiena: 390.000 euroko laguntza; eta elbarritasun partziala dutenek kopururik txikiena, 35.000 euro. Hildakoen senideek, berriz, 135.000 euroko ordaina izango dute. Legeak ere jasotzen du osasun arreta integralerako eskubidea, hala eskatzen dutenentzat.

Legez kontrako errepresio egoeran eskubideak urratu zaizkiela frogatzeko, administrazio ebazpena edo ebazpen judiziala aurkeztu beharko dute kaltetuek, edo, bestela, «zuzenbidean onartzen den beste edozein froga». Bi urteko epea izango dute kaltetuek eskaerak aurkezteko, eta beste bi urtekoa gobernuak horiei erantzuteko.

Batzordeak erabakiko du

Balorazio Batzordearen esku egongo da biktima izaera aitortzea eta kalteen balorazioa egitea. Haren egitekoa arautzen duen araudia prestatzen ari da orain Bake eta Bizikidetza idazkaritza, eta dekretu bidez onartuko du, udazkenean. Balorazio Batzordearen egitekoa izan da Jaurlaritzari buruhauste handienak eragin dizkion esparrua. Batzorde horren lana jarri baita auzitan, eta haren edukia moldatu behar izan baitute legea onartzearen truke. Hala, Poliziaren biktimak aitor ditzaten, deliturik ez du ikertuko organo horrek, Madrilek bere garaian eskatu bezala. Fernandezek azaldu du Bake eta Bizikidetza idazkaritza lanean ari dela batzorde horren araudiak «berme juridiko guztiak» izateko.

Batzordeak erabakiko du biktimen eskariak legeak zehaztutako baldintzekin bat datozen ala ez. Legeak jasotzen duenez, ondorengo baldintzak betetzen dituztenak hartuko dira giza eskubideen urraketatzat: «motibaziopolitikoko indarkeriaren testuinguruan» izandako gertakariak, errepresio jardueran «funtzionario publikoek parte hartu» dutenetan, eta eskubideen urratzearen ondorioz «pertsonen bizitzari, osotasun fisiko, psikiko, moral zein sexualari kalte egin» zaienean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.