Noiz sortua: 2020-05-22 00:30:00

Koronabirusa

Parte hartzearen faktorea

Eusko Legebiltzarrerako bozak pandemia garaian eta udan izango dira; ezohiko bi faktore. Badira gehiago. Ikusteko dago zenbateraino eragingo duten abstentzioan.
Herritar batzuk, iazko azaroaren 10ean, Donostian, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan bozkatzen.
Herritar batzuk, iazko azaroaren 10ean, Donostian, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan bozkatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko maiatzak 22

Frantziako Estatuan martxoaren 15ean egin zuten herriko bozen lehen itzulia, COVID-19aren krisian, eta nabaritu zen parte hartzean: estatuan %20 hazi zen abstentzioa; hainbeste ez Ipar Euskal Herria parte den departamentuan, Pirinio Atlantikoetan: %8. Koronabirusa goia jotzen ari zen garaiak ziren; osasun arriskua, beraz. Eguzki Urteaga EHUko Soziologiako irakasleak dio parte hartzearen jaitsiera udalerri handietan eta adineko jendearen artean nabaritu zela gehien. Dena dela, gogoratu du Hego Koreako legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 15ean izan zirela, eta han parte hartzea %8 hazi zela. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailaren 12an izango dira. Urteaga: «Ikusi beharko da pandemiaren eboluzioa zein den eta zein izango diren Jaurlaritzaren neurriak hari aurre egiteko, neurri ekonomikoak eta sozialak barne, baina ikusi beharko da herritarrak zenbaterainoko normaltasunean dauden lanean eta aisialdian, horrek ere baldintzatu dezakeelako jendearen aldartea bozetan parte hartzeko».

Maria Silvestre Deustuko Unibertsitateko Soziologiako irakasleak ere dio «oso zaila» dela parte hartzearen aurreikuspenak egitea, baina esan du bozak uztailaren erdian izatea berez abstentzioaren aldeko faktore bat dela, «jendea aterako delako bigarren etxebizitzara eta beste leku batzuetara, eta botoa emateko nagia izan dezake». Urteagak, aldiz, ikusten du parte hartzearen aldeko motiborik: «Jendeak bizimodu normalera bueltatzeko gogoa dauka, eta bozak uztailean izatea pizgarri izango zaio, agian». Jon Azkune EHUko Zientzia Politikoetako irakaslearen iritzian, berriz, hauteskundeak uztailean izatea ez da faktore garrantzitsua izango parte hartzeari begira.

2016ko bozetan %60,02ko partaidetza egon zen, 1980tik izandako zifrarik txikienetan laugarrena, baina Silvestrek ez du uste txikia izan zenik, «legebiltzarrerako hauteskundeen batezbestekotik gertu ibili zelako. Hori bai, kezkagarria litzateke orain %60tik behera ibiltzea». Urteagaren ustez, gaurko osasun krisiagatik ezin da orain dela lau urteko parte hartzea erreferentziatzat hartu. Azkunek barrundatzen du hazkunderako egokiera dagoela, «gizartearen multzo bat haserre baitago krisiaren kudeaketarekin, eta horrek, erantzun gisa, botoa mobilizatzea ekar dezake».

Testuinguru politikoa

Testuinguru politikoa ere izan ohi da parte hartzeari onera edo okerrera eragiten dion beste elementu bat. 2001ekoa da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako partaidetza zifrarik handiena: %78,9koa. Lizarra-Garazi ostea zen, eta Juan Jose Ibarretxeren (EAJ-EA) eta Jaime Mayor Oreja (PP)-Nicolas Redondoren (PSE-EE) arteko talka zegoen. «Orain, ordea, euskal gizartearen gehiengoak buruan ez ditu auzi politikoak eta elektoralak», esan du Silvestrek. «Konfinamendu luzea pasatu dugu, arintze prozesuan gaude, eta horretaz baino ez da hitz egiten klase politikoan, hedabideetan eta jendearen artean». Azkunek nabarmendu du duela urte batzuetatik EAEn «barealdi politikoa» dagoela, «profil teknikoa» ikusten dela instituzioen kudeaketan, «Europan nagusitu den hori», eta, ondorioz, «tenperatura hotza» dagoela. Iñigo Urkullu (EAJ) Jaurlaritzako lehendakariaren estiloarekin lotu du hori Urkullu 2012tik dago Ajuriaenean. Horren ondorio gisa jo du 2016ko bozetan parte hartzeak %60a ez gainditzea. «Baina koronabirusaren gai gatazkatsu honek partaidetza susta lezake».

Liskar giroa eta adinekoak

Kanpainaurrean eta kanpainan liskar giroa egon ohi da hautagai politikoen artean. Silvestreren aburuz, gaurko egoeran herritarrentzat ez da dialektika interesgarria izango hori, «eta hala aritzen diren hautagaiei ez die onik egingo». Urteagak ere adierazi du jendeak «zigortu» egingo lituzkeela «krispaziora» joko luketen taldeak, baina gehitu du Urkulluk pandemiaren garaian beste hautagaiek baino aukera handiagoa duela mezua zabaltzeko, eta oposizioak, «ikusgarritasun mediatikoa» lortzeko, «imajinazioa» landu beharko duela: «Beraz, plazaratzen ditu proposamen berritzaileak, edo konfrontazioan sartu beharko du».

Uztaileko bozetan osasun arrisku handia balego, baliteke adineko asko, haiena denez jende multzorik zaurgarriena, botoa eman gabe geratzea. Urteagak azaldu du Frantziako Estatuko herriko bozetan «haien abstentzio altuak bereziki alderdi tradizionalak kaltetu» zituela. «Jende multzo horren botoa oso garrantzitsua da, gehien bozkatzen dutenak baitira, eta EAEn adinekoen artean gehiengoak EAJren alde bozkatzeko joera dauka».

Urteagak bezala, Azkunek uste du adinekoek ere parte hartzeko, osasun bermeak egoteaz gain, posta bidezko botoa «giltzarri» izango dela. «Adineko jende askok bozkatzen du EAJ, baina horrek adin tartea orekatua du boto emaileen artean. Adinekoen artean abstentzio handia balego, PSE-EEk sufrituko luke gehien».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 2an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hamar lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Zortzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bost gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.491 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.078 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Maria Txibite, Manu Aierdi eta Elma Saiz kontseilariekin parlamentutik ateratzen. ©Idoia Zabaleta, Foku

Bortzgarren neurri sorta onartu du Nafarroako Parlamentuak

Berria

Navarra Sumaren abstentzioarekin eta bertze alderdi guztien baiezko botoarekin onartu dituzte neurriak. Bertzeak bertze kultura ogibide dutenentzat 50.000 euro arteko diru laguntzak onartu dituzte eta hamabi hilabetez luzatuko dituzte autonomoentzako eta aldi baterako lan erregulazioan daudenentzako alokairua ordaintzeko diru laguntzak. 

Elkarrizketa: Ana Galarraga eta Miren Basaras

«Zabaltzen jarraitu behar dugu ez dakigula benetan zer gertatuko den»

Jakes Goikoetxea

Asko dakite SARS-CoV-2 birusari eta COVID-19aren izurriteari buruz, baina, asko jakinda ere, zuhurtziaz jokatzen dute, ez baitakite zer gertatuko den epe laburrean eta luzera begira.

Behobiako zubia, Irun eta Hendaia artean, itxita. ©Andoni Canellada / Foku

Ekainaren 22an zabalduko dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga

Jon O. Urain

Reyes Maroto Espainiako Industria ministroak eman du dataren berri. Mugak ia hiru hilabete daramatza itxita, eta horrek eragozpen ugari eragin dizkie eremu horretan bizi diren herritarrei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna