Estatutua gaurkotzea, gobernu agendatik at

Lehen aldiz Urkulluren agintaldian, Jaurlaritzak ez du gobernu programan jaso Gernikako Estatutua eguneratzeko konpromisorik. Lehendakariak esan du alderdiei dagokiela prozedura zehaztea

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran, irailaren 3an. RAUL BOGAJO / FOKU.
jon olano
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak herenegun aurkeztu zuen 2020-2024 legealdirako gobernu programa, eta hura Eusko Legebiltzarraren esku utzi eta gero egin zen publiko, atzo. 131 orrialdeko dokumentu batean jaso ditu datozen lau urteetarako asmoak: hiru printzipio, lau ardatz, hamar helburu, 25 jarduera arlo eta 149 konpromiso.

Horien artean nabarmendu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernuaren atalak izan duen bilakaera. Duela lau urte, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak propio jaso zuen «estatutu ituna eguneratzeko» konpromisoa, eta, besteak beste, legebiltzarreko batzorde txostengilearekin «lankidetzan» aritzeko asmoa azaldu zuen itun hori eguneratzeko. «Eusko Jaurlaritzak, EAJren eta PSEren artean lortutako gobernu akordioarekin bat etorrita, autogobernuaren batzorde txostengilearen esanetara jarriko du eskatu beste informazio, aipatutako batzordearen helburuak betetze aldera», erantsi zuen 2016ko dokumentuan, eta hala egin izan du azken legealdian, zenbait dokumentu Autogobernu Lantaldearen esku utzita. Gaiari atal bat eskaini zion Iñigo Urkulluren lehen gobernuak ere, 2012-2016 urteetako agintaldirako programan.

Gaiak Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean egin du bidea, eta, inon egitekotan, instituzio berean jarraituko du egiten. Izan ere, estatutua eguneratzeko asmoei ez zaie erreferentziarik egiten 2020-2024 aldirako programan, azken zortzi urteetan gaiak gobernu programetan izandako lekua galduta. Autogobernuaren alorrean, «lortutako autogobernuaren defentsa» egingo du Jaurlaritzak, eta berriro ere jaso du 1979ko estatututik transferitzeke dauden eskumenen zerrenda.

Hor bada ñabardura bat. 2016ko agirian, zerrenda osoa sartzeaz gain, bi eskumen eskualdatzeari lehentasuna eman zien Jaurlaritzak: espetxe eskumenari eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoari. Orain, Jaurlaritzak giza eskubideen atalera eraman du eskumen horren transferentzia lortzeko helburua. Gainera, espetxe eskumenaren atalean, euskal presoak euren «familia ingurunetik hurbilago dauden espetxeetara lekuz aldatzea» babestuko du gobernuak, «[Espainiako] Konstituzioak eta espetxe legeriak orientatutako terminoetan».

Gizarte Segurantzaren transferentzia, berriz, ez du espresuki aipatu, eta gaiaren inguruko «azterlanak abiatzea» izango da egitekoa. Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak eskumenak transferitzeko adostutako azken egutegiaren arabera, espetxe arloak urte amaierarako beharko luke Jaurlaritzaren esku, eta Gizarte Segurantzari buruzkoak datorren urteko ekainaren eta abenduaren artean negoziatu beharko lituzkete, baina COVID-19aren izurriak negoziazioak eten ditu, eta bi gobernuek egutegia eguneratzeke daukate.

Jaurlaritzak aurkeztutako programak oinarrian dauka jeltzaleek eta sozialistek irailaren 3an aurkeztutako gobernu akordioa. Autogobernuaren arloan, antzeko eskema dute bi agiriek: «lortutako autogobernua defendatzea» eta eskualdatzeke dauden eskumenen transferentzia lortzea jarri dute xede bi testuetan. Haatik, gobernu akordioan erreferentzia egin zioten estatutua eguneratzeari, zehazteko arlo horren eskumena alderdi politikoei dagokiela —Eusko Legebiltzarrari, beraz—, ez Jaurlaritzari, eta bi alderdiek askatasuna aitortzen ziotela elkarri nork bere jarrera defendatzeko.

«Lankidetzan»

Hain justu, Urkulluk argudiatu du gaiak legebiltzarrean egin duela orain arteko bidea, eta talde parlamentarioei dagokiela «hemendik aurrera jarraitu beharreko prozedura zehaztea». «Iragan legealdian nahiz honetan, Jaurlaritzak bere prestasuna azaldu du legebiltzarrak erabakitzen duenerako», erantsi du Urkulluk, eta agindu parlamentuarekin «lankidetzan» ariko dela hark eskatzen dion guztietan.

Ildo horretan, Urkulluk «polemika» eragin nahi izatea aurpegiratu dio EH Bilduri. Indar subiranistako bozeramaile Maddalen Iriartek kritika egin dio Jaurlaritzari, programan estatus berriari aipamenik egiten ez zaiola eta. «Estatus politiko berri bat lortzeari uko egitea» egotzi die Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari eta EAJri: «Ez dugu ulertzen estatus berriari uko egitea, gai hori EAJk eta Urkulluk urteetan defendatu duten oinarrietako bat izan denean, kontsulta habilitantea bezala, baina hori ere baztertu zuten». Gernikako Estatutua «osorik betetzearekin konformatzea» leporatu dio Iriartek Urkulluri: «Baina gaur egun pentsaezina da 40 urte dituen lege hori nahikoa izango dela herri honek aurrean dituen erronkei erantzuteko». Iriarteren hitzetan, «EAJk eta Urkulluk euskal herritarrei azaldu behar diete zergatik erabaki duten burujabetzaren bidea alde batera uztea, zergatik estatus berria ez den orain beharrezkoa herri honen interes politiko, ekonomiko eta sozialak babesteko».

2016ko programan baino bost helburu gutxiago zehaztu ditu Jaurlaritzak —hamabostetik hamarrera—: esaterako, langabezia tasa %10etik jaistea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.