Norekin, non eta nola hil: beti ez dago hautatzerik

Eutanasiaren Legea onartu du Espainiako Kongresuak: noiz hil erabakitzea. Zainketa aringarrien arloko profesionalek salatu dute beste hainbat erabaki ezin direla hartu oraino

Osasuneko profesional bat paziente batekin, artxiboko irudi batean. MARCIAL GUILLEN / EFE.
arantxa iraola
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eutanasiaren Legeari onespena eman zion Espainiako Kongresuak martxoaren 18an. Ekainean indarrean egotea espero da: Osakidetza eta Osasunbidea prest dira zerbitzu hori eskaintzen hasteko egin behar diren aldaketak bideratzeko. Izan ere, testuaren arabera, eutanasia eskatu ahal izango dute «gaixotasun larri eta sendaezina» edo «pairamen larri, kroniko eta ezintasun eragile bat» dutenek, horrek haien autonomian eragiten badu eta «sufrimendu fisiko edo psikiko iraunkor eta jasanezin bat» eragiten badie. Babes aski zabalarekin onartu zen legea, eta pozez hartu dute gizarteko eragile askok. Baina badira ñabardurak. Legeak abenduan jaso zuen lehen onespena Espainiako Kongresuan, eta orduan ere zainketa aringarrien profesionalen Espainiako Secpal eta Aecpal elkarteek gogoeta bat plazaratu zuten: «Lege honekin heriotzaren unea aukeratu ahal izango da: noiz hil ahal izango den». Adierazi zuten eskaera horren aurrean «erabateko errespetua» besterik ezin dela erakutsi, baina bizitzaren azken ordurako ematen diren artei begira, harago ere egin behar dela, eta egun badirela gabeziak. Zehaztu zuten usu ezin dela aukeratu non, nola eta norekin hil, eta zainketa aringarriak indartu egin behar direla.

Hego Euskal Herrian diharduten hainbat profesional bat datoz ohartarazpen horrekin. Berriki, adibidez, Eutanasiaren Legearen harira, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik adierazi du Osakidetzan zainketa aringarriak «bikainak» direla, baina badira bestelako iritziak ere. «Gabeziak» agerikoak direla salatu du, adibidez, arta aringarrietako profesionalen elkarte Arinduz-eko lehendakari Alberto Melendezek: «Egun ez dago bermatzerik bizitzaren amaierako pairamendua arinduko dela, zientziak ematen dituen baliabide guztiekin».

Non. Usu ezin da aukeratu non hil, Melendezen ustetan. «Erietxeetan hiltzen den gaixo kopurua, Euskal Autonomia Erkidegoan, oro har, estatuko batezbestekoa baino handiagoa da. Datuak aztertzen direnean, nazioartean-eta ere, harrituta geratzen dira. Pazienteen %25 etxean hiltzen dira; %75, erietxean. Ehuneko oso handia da». Eta harrigarria: «Estatistiken arabera, jendeak nahiago du etxean hiltzea». Esplikatu duenez, ordea, ez da bermatzen nahi den orotan desira gauzatzeko erarik: «Euskadin ez dago behar bezalako egiturarik aringarrietan horretarako». Hutsune handia deritzo: «Izan ere, etxean pazientea bere erara egon daiteke... Ospitalean bat gehiago zara; hango protokoloen arabera ibili behar duzu».

Ana Baños Sesma Zainketa aringarrien Nafarroako Palian elkarteko lehendakaria da; azaldu du igaro urteotan etxean hiltzeko hautua egin duten pazienteei «laguntzea» dakarren eredu bat garatu dutela. Hein batean, atzera buelta bat da, nagusituta egon den korronte bat baretzea bilatzen baitu; bere neurrira ekartzea, Bañosen hitzetan: «Oro har, XX. mendearen amaieran egin zen jendea ospitaleetara eramatera hiltzeko prozesurako». Esplikatu du lehen mailako arreta oinarri San Juan de Dios erietxearen laguntzarekin etxean arreta emateko garatu duten programa «garrantzitsua» dela, eta ematen dela aukeratzeko modua: «%70 erietxean hiltzen dira; %30, etxean».

Atzerapausoak

Norekin. Melendezek esan du heriotzako unean ondoan nor izango den ere ezin dela beti aukeratu, eta horretan bereziki atzerapausoak ekarri dituztela COVID-19aren ondoriozko bakartze neurriek. Kritikatu du izurriaren lehen erasoan osasun sistema hainbat egoeratan gaindituta egotea uler bazitekeen ere arazoak bideratzeko neurriak ez zirela behar bezain azkar heldu: «Jendea bakarrik hil da, eta eragotz zitekeen». Salatu du, gainera, halakorik gehiago ez gertatzeko neurriak oraindik ez daudela orokortuta: «Ez dago homogeneotasunik hartu diren neurrietan. Egoera mingarriak ikusten dira oraindik». Bañosen ustez ere «sufrimendu» handia egon da bakartze neurrien ondorioz: «Beldurrak, uneko larritasunak, ekarri du ikuspegi etiko eta humanotik eztabaidagarriak diren erabakiak hartzea».

Eta nola? Erabaki al daiteke nola hil? Ezkorra da Melendez: «Sufrimendu handiarekin hiltzen den jendea bada oraindik». Arloko profesionalak aspaldi ari dira, oro har, beren arreta arlorako «espezializazioa» eskatzen, «erreferente» izango diren unitate espezializatuak eskatzen. Osakidetzako artari so, ezkorra da Arinduz-eko ordezkaria: uste du zainketa sistema oso bat egituratzeko dagoela, eta horrek bakarrik uzten dituela profesional asko. «Onkologian, lehen arretan eta beste alor batzuetan jende asko ari da zainketa aringarrietan, baina erreferenteak falta zaizkie».

Bizitzaren amaierako prozesuetan arta aringarriek duten garrantzia nabarmendu du Bañosek, gogora ekarrita familientzat ere sarri abaroa izaten direla: «Doluan ere laguntzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.