Albistea entzun

«Intelektual engaiatuaren» betaurrekoak

Txillardegik euskalgintzaz eta gizartearekiko konpromisoaz idatzitako hainbat testu bi liburutan plazaratu ditu Jakinek, eta haren pentsamenduaren inguruko bilduma osatu
Lorea Agirre, Igone Lamarain, Alaitz Aizpuru eta Saioa Rodriguez, atzo, Donostiako San Telmo museoan.
Lorea Agirre, Igone Lamarain, Alaitz Aizpuru eta Saioa Rodriguez, atzo, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko urtarrilak 19

«Pentsamenduan eta ekintzailetzan», bietan izan zen bide urratzaile Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Lorea Agirre Jakineko zuzendariaren arabera: «Bi alde horiek lotuta dauden bi elementu dira belaunaldi horretako askorentzat: pentsatu, sortu, irakurri eta lan akademikoa egin bai, baina militantzia eta ekintzailetza ikaragarri bat ere bai. Eta, gainera, aldi berean egiten dituzte bi gauzak». Uztarketa hori argi erakusten dute, dioenez, Jakinek bere testuekin osatutako azken bi liburuek: Txillardegi: euskalgintza eta Txillardegi: intelektuala eta gizartea. Atzo aurkeztu zituzten biak, Donostiako San Telmo museoan, Txillardegiren heriotzaren hamargarren urteurrenaren karietara antolatutako azken ekitaldian. Txillardegiren inguruko bilduma beste bi alerekin handitu du, modu horretan, Jakinek. Idazle, hizkuntzalari eta politikariak langai eta gogoetagai izan zituen auziei buruz idatzitako testuak daude bilduman, gaika banatuta.

Auzi horien artean, hizkuntzarenak Txillardegiren «militantzian» izan zuen garrantzia nabarmendu du Agirrek. Alor horretan izan zuen aitzindaritzak «egiteko modu bat» ere ezarri zuela uste du: «Txillardegirentzat euskararen aldeko gizarte zibila garrantzitsua izan zen, eta gizarte zibil euskaltzalearentzat ere ezinbestekoa izan da Txillardegi». Hain zuzen, gai horri, euskalgintzari, heldu dio aurkeztutako liburuetako batek; bere zabalean hartuta, betiere. Izan ere, Txillardegiren lana, funtsean, «ertz desberdinak ukitzen dituen euskalgintzako lan handi bat» dela uste du Alaitz Aizpuru Filosofian doktoreak eta testuen hautatzaileak.

Zabaltasun hori islatzen du liburuak. Lau azpigaitan daude banatuta testu hautatuak, eta kronologikoki antolatuta atal horietako bakoitzean. Hizkuntzalaritzari buruzko gogoetak datoz lehenengoan. «Ahalegindu gara atal horretan hizkuntzaren aldeko ahalegin hori zenbat lekutatik egin daitekeen eta Txillardegik zenbat lekutatik egin zuen erakusten», azaldu du Aizpuruk. Hizkuntza politikaren ingurukoa da ondorengoa. Txillardegik eredutzat har zitezkeen politiken bila egindako lana erakusten du, eta, hala, hainbat herrialdetako adibideen inguruko hausnarketak jasota daude bertan, besteak beste.

Euskal hezkuntzaren inguruko Txillardegiren idatziak ere badira liburuan, bigarren erditik aurrera. Gai horrek haren lanean «pisu nabarmena» izan zuela zehaztu du Aizpuruk. Alor horretan Euskal Herrian izandako eztabaiden eta horietan Txillardegik izan zuen posizionamenduaren isla ere badira testuak. Ikastolen sorrerari emandako sostengua, euskal unibertsitatearen aldeko lana eta Euskal Herriko Unibertsitateari elebitasunaren alde egiteagatik kritika egin izana erakusten ditu, besteak beste.

Azken azpiatalak, berriz, Gernikako Estatutua (1979) izenpetu ondoko testuak biltzen ditu, eta orduko erakundetze garaiaren ingurukoak jasotzen ditu. Euskararen normalizazio prozesu deiturikoaz ari da hor Txillardegi, baina normalizazio hitzari galdera ikur bat ageri zaio alboan, Aizpuruk azaldu duenez: «Kritika gogorrak egin zituen ustez euskaldunon, euskal kulturaren eta euskararen normalizaziorako erreminta izan behar zutenek —izan komunikabideak, Eusko Jaurlaritza, legediak...— inondik inora ez zutelako beren helburua betetzen, eta, hain justu, askotan normalizazioari oztopoak jartzen zizkiotelako».

Intelektualaren eginkizuna

Beste galdera batek egiten du oihartzun Txillardegi:intelektuala eta gizartea liburuan, Aizpururen arabera: «Zein den intelektual baten betekizuna, herriarekiko harremanean eta bizi den garaiarekiko elkarrizketan». Ideia horrek Txillardegirengan zuen garrantzia existentzialismoak harengan izan zuen eraginak azaltzen duela uste du Aizpuruk: «Existentzialismoaren aldarri edo oinarrizko ideietako bat da gizartearekiko konpromisoa». Horretatik asko zuen, dioenez: «Bere burua intelektual engaiatutzat zeukan, eta horren inguruko gogoeta bere bizitzan luzatu zen».

Kezka horren inguruan Euskal Herriko nahiz atzerriko egileekin izandako «elkarrizketak» dira atal horretako testu gehienak, Aizpururen esanetan. «Oinarrian dagoena da, nolabait, bere bizitzari zentzua edo forma ematen zion intelektual konprometituaren ezaugarri horren bilaketa», azaldu du. Txillardegik buruan zebilkien galdera hori egun ere errepikatzen dela uste du Aizpuruk, eta baita Agirrek ere: «Literatura guztietan, nik uste, eta kultur sistema guztietan egon den eztabaida izan da, garaiz garai eta boladaz bolada aldatu arren».

Erantzuna pentsamendua eta eragiletza uztartzea izan zen Txillardegiren eta haren belaunaldikideen kasuan, Agirrek nabarmendu duenez. Unean uneko auziei erantzutea eta gogoeta pausatuagoa elkartu izana ere bada haren ezaugarria, zehaztu duenez. «Auzi edo eztabaida bat sortzen da Euskal Herrian, eta hurrengo egunean, astean edo hilabetean artikulu bat dago. Arnasa luzeko pentsalaria da, baina, aldi berean, momentuan gizartean sortzen direnei erantzuten diena».

Horregatik, eta, «urteak alferrik pasa» ez badira ere, garaian idatzitakoek egungorako balio dezaketela uste du Aizpuruk. Propio hautatu ditu «gaurkotasunera ekartzeko heldulekuren bat» duten testuak. Eta, dioenez, izan badute Txillardegi «oso garaikidea» izan zelako eta gaurko «borroka molde, bizi eredu edo bizitza ulertzeko modu askotatik oso gertu dagoelako».

Baina ez horregatik bakarrik. Arrazoi kezkagarriago bat ere ikusten du gaurkotasuna izatearen atzean: «Tamalez, euskal gizarteak eta euskaldunok ez dugu horrenbeste aurrera egin; korapilo, ezintasun eta amets berberetan bueltaka katigatuta jarraitzen dugu». Alde horretatik, Txillardegik eztabaida horietan esateko zuena aintzat hartzekoa delakoan dago; ez bere horretan harekin bat egiteko, «leku berberei bueltaka» ez ibiltzeko baizik.

Auzi politikoa, ezinbestean

Irakaspenetatik etorkizunera begira jartzeko ahalegina sumatzen da aurkeztutako liburuen hitzaurreetan ere. Saioa Rodriguez, Mikel Irastorza eta Igone Lamarain Euskal Herrian Euskaraz-eko kide ohiak arduratu dira atal horretaz Txillardegik euskalgintzan egindako ekarpenaren gaineko liburuan. Euskararen normalizazioaren bidean egungo garai historikoaren garrantzia nabarmendu dute, eta euskalgintzak bidea abertzaletasunarekin batera egin behar duela adierazi dute: «Guk ez diogu aldarrikapen politikoetan itsu-itsuan aritu behar denik, are gutxiago eguneroko jardunean. Baina erabakiak hartzeko ahalmena baldin bada hizkuntza berreskuratzeko gakoen arteko bat, ez dago iheska ibiltzerik».

Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak egin du, aldiz, Txillardegiren alderdi intelektuala erakusten duen liburuari dagokiona. Euskararekiko jarrera «esentzialismotik —frankismo betean nagusi— existentzialismo ateora mudatu izana» goraipatu dio Ubedak Txillardegiri, besteak beste.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kote Cabezudo, 2018an haren kontra egin zuten epaiketa saio batetik ateratzen. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

Kote Cabezudo argazkilariari 28 urteko zigorra jarri diote

Jon O. Urain

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei eta bi iruzur delitu egitea egotzita zigortu du.

Haur bat eskolan, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe / Foku

Hiru herritarretik bik babesten dute ikasleen «euskalduntzea bermatzeko tresnak» jartzea

Jon O. Urain

Naziometroaren laugarren neurketaren arabera, Espainiako eta Frantziako estatuen lurralde antolaketarako formula batzuk aukeratzean lehen aukera da oraindik ere «erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzen» dien estatua (%31,5).

Eraso homofobo eta matxisten aurkako protesta bat Zornotzan, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / FOKU

Eraso matxista bat salatu dute Zornotzan

Berria

Larunbat goizaldean gertatu zen. Elkarretaratze bat egingo dute gaur eraso matxista gaitzesteko: 18:30ean izango da, plazan.

Milaka lagun elkartu dira gaurko mobilizazioan Bilbon. ©Monika del Valle / Foku

Osakidetza «desegiten» ari dela salatu dute sindikatuek Bilbon

Berria

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu dute manifestaziora, eta milaka lagun elkartu dira. Osasun publikoaren alde egin dute, eta hura pribatizatzeko joera gaitzetsi.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...