Etiketak ez dakarren informazioa

'Euskal Y'-ari buruzko zenbait argibide eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Haren aurreikuspenek, baina, dudak sortu dituzte, gobernuak ez dituelako aipatu zenbait ñabardura garrantzitsu.

Arantxa Tapia, Gasteizko tren geltokiaren proiektua aurkezten.
Arantxa Tapia, Gasteizko tren geltokiaren proiektua aurkezten. E. PORTILLO / FOKU

Iñaki Petxarroman -

2019ko apirilak 17

Bilbo, Donostia eta Gasteiz arteko tren lasterretan urtean lau milioi erabiltzaile izango direla adierazi zuen Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak joan den astean. Erabiltzaile horiek, batez beste, zortzi euro eta erdiko tarifa ordainduko dutela adierazi zuen, eta lineak 2024an izango direla martxan. Sailburuak aipatutakoak promesak dira, baina badira zantzuak pentsatzeko haiek betetzea ez dela erraza izango. Sailburuak aipatu ez dituen kontu batzuk argitzen saiatu da BERRIA, hainbat galderari erantzunez.

POSIBLE AL DA TRENAK MARTXAN EGOTEA 2024RAKO?

Zerbitzua martxan jartzeko epeari erreparatuz gero, sinesgarritasun askorik ez dute irabazi Jaurlaritzako arduradunek urteotan gai horri buruz egin dituzten iragarpenei esker. Izan ere, hamaika aldiz eman dute Euskal Y-a amaitzeko data bat eta, orain arte, behintzat, kale egin dute beti. 2005. urtean, kargua utzi aurretik, Alvaro Amann Garraio sailburuak iragarri zuen 2010erako egongo zela bukatuta abiadura handiko trena (AHT). 2007an, obrak hasi berritan, Nuria Lopez de Gereñuk 2012rako aurreikusi zuen obren bukaera; eta, 2015ean, Espainiako Sustapen ministro Ana Pastorrek aipatu zuen 2019an egongo zela martxan. Amaitu berri den agintaldian zehar Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministro ohi popularrak adierazi zuen 2023rako jarriko dela Euskal Y-a martxan. Gobernua sozialistek hartu zutenean, baina, Jesus Loza EAEko gobernu ordezkariak zalantzan jarri zuen data hori. Orain, 2024rako iragarri du obraren amaiera Arantxa Tapiak.

«Egiaz, ematen du proiektua beti dagoela amaitzetik bost urtera. Iragarri dituzten epeak eta bidaia denborak bete ahal izateko, osorik amaituta egon beharko litzateke proiektua —falta den obra zibila eta gainegitura barne—, eta baita hiriburuetako sarrerak eta Burgos-Gasteiz lotura ere. Bai ikuspegi tekniko batetik —hiriburuetako sarrerak eta Burgos-Gasteiz zatian proiektuak egiten ari dira oraindik—, bai finantzaketaren ikuspegitik ere —5.000 milioi euro falta dira exekutatzeko—, data horrek oso sinesgarritasun txikia dauka», adierazi du David Hoyos EHUko Ekonomia irakasleak. Hoyosek hainbat ikerketa egin ditu azken urteotan AHTari buruz.



SINESGARRIAK AL DIRA EMANDAKO ERABILTZAILE DATUAK?

AHTak zenbat bidaiari izango dituen jakiteko «kristalezko bolarik» ez zuela esan zion Arantxa Tapiak kazeta honi 2018ko uztailean egindako elkarrizketa batean. Egun gutxi batzuk lehenago egindako agerraldi batean sailburuak kalkulatu zuen zortzi milioi bidaiari inguru izango dituela Euskal Y-ak. Madrilerako eta Pariserako bidaiariak kopuru horren barruan sartu zituen sailburuak. Joan den astean egindako agerraldi batean, baina, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeak landutako txosten baten aurreikuspen datuak aipatu zituen Tapiak. Horren arabera, lau milioi erabiltzaile izango ditu Euskal Y-ak urtean Bilbo-Donostia eta Gasteiz artean. Horri gehitu beharko litzaizkioke, sailburuaren arabera, Madrilera joan-etorrian ibiliko diren beste bi milioi erabiltzaileak. Guztira, beraz, sei milioi bidaiari izango lirateke.

Tapiak nabarmen gainditu ditu Espainiako Trenbide Azpiegituretako Kudeatzaileak, Adifek, 2015ean egin zituen aurreikuspenak. Izan ere, 2,8 milioi aipatu zituen txosten batean.

David Hoyosek zalantzan jarri ditu Tapiaren aurreikuspenak. Hainbat datu aipatu ditu horretarako. Esate baterako, Jaurlaritzak 2016an egindako mugikortasun azterketaren arabera, hamabi milioi lagun mugitzen dira, urtean, Gasteiz, Bilbo eta Donostia artean. Autoz joaten dira %85, autobusez %10, eta trenez %5. «AHTak lau milioi bidaiari hartzeak esan nahiko luke autobusez egiten diren bidaiak ia desagertuko liratekeela, eta autoen erabilera %30 gutxituko litzatekeela. Edo bestela, erabiltzaile berriak sortzen direla», dio Hoyosek.

Hori «sinesten zaila» iruditzen zaio, eta horretarako aipatu ditu Adifek txosten horretan argitaratutako beste hainbat datu. Proiekzioak egiteko, kontuan eduki behar baita bidaiaren denbora osoa, hau da, etxetik aterata neurtzen hasten dena. Gasteiz eta Bilbo arteko bidaia denbora 49 minutu da autoz (zortzi euroko kostuarekin, batez beste), eta 76 AHTan. Bilbo eta Donostia artekoa, berriz, 71 minutu litzateke autoz (11 euroko kostuarekin), eta 81 tren lasterrean. Kontuan eduki behar da, gainera, autobusaren ohiko erabiltzaileek deskontu handiak izaten dituztela Mugi txartelarekin. Esaterako, Bilbo eta Donostia arteko zerbitzuetan %47ko beherapena dute lehen bidaiatik hasita.

ZORTZI EURO ETA ERDIKO TARIFA SOZIALA EDUKI AL DEZAKETE TREN HAUEK?

Izan dezakete, baina, hori bermatzea ez dago oraingoz Eusko Jaurlaritzaren esku. Izan ere, zerbitzuen operatzailea Jaurlaritzaren menpekoa izan beharko litzateke horretarako. Sustapen Ministerioaren obra bat izanik, operatzailea Adifek aukeratuko du Renfe, normalean—; beraz, zerbitzuaren tarifak hark ezarriko ditu. Madrilek erabakiko balu Jaurlaritzari ematea AHTko zerbitzuen kudeaketa, eta EuskoTren balitz operatzailea, bai ezarri ahalko luke nahi duen tarifa. Jaurlaritzak zortzi euro eta erdiko tarifa aipatu du, baina adituen ustez, prezio horrek ez luke estaliko zerbitzuen kostua. David Hoyosen kalkuluen arabera, txartelaren prezioa 8,5 euro balitz, 40 milioi euro inguruko defizita sortuko lioke Jaurlaritzari Euskal Y-a kudeatzeak. Defizit hori, jakina, aurrekontuekin estali beharko luke administrazioak, hau da, erabiltzaileen eta ez-erabiltzaileen zergekin ordainduta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna