Emakumeen Mundu Martxak migrazio politikak salatuko ditu

Otsailean hasi eta martxoaren 6an bukatuko dute Nazioarteko V. Ekintzaren ibilbidea, Irun eta Hendaia arteko mugan. Hausnarketarako baliabide teorikoak eskaini dituzte sarean

Emakumeen Mundu Martxaren V. ekintzaren aurkezpena Bilbon, atzerritarren bulegoaren parean. MARISOL RAMIREZ/FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Migrazio politikak eta transnazionalen jarduna salatuko ditu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak aurten, Nazioarteko V. Ekintzaren harira. Kolektibo feministako kide Ainhoa Olasok eta Aura Vasquezek azaldu zituzten atzo egitasmoaren nondik norakoak, Bilbon egindako agerraldi batean. Aurkezpenerako, leku sinboliko bat aukeratu zuten: Espainiako Gobernuak orain hilabete gutxi ireki duen atzerritar bulego berria. Aldarrikapenez bete zuten egoitzako ataria: banderolak, musika feminista, kolore morea... Eta otsailean eta martxoan egingo dituzten mobilizazioen berri eman zuten.

Iazko urrian abiatu zuten nazioarteko ekintza munduko hainbat emakumek. Aurtengoa bosgarrena izango da, eta migrazio politikak eta mugak salatuko dituzte, Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez! lelopean. «Mugak, migrazio politikak eta transnazionalak sistema heteropatriarkal, arrazista, kapitalista eta kolonialaren tresnak dira», azaldu du Ainhoa Olasok. Mugek, migrazio politikek eta transnazionalek migranteen eta jatorrizko lurraldeetan daudenen bizitzak «zapaltzen» dituztela zehaztu du Emakumeen Mundu Martxak, eta, horregatik, «sistema arrakalatu» eta alternatiba indibidual zein kolektiboak eskaintzera animatzen ditu herritarrak.

Hala, otsailaren 20tik aurrera, Euskal Herriko hainbat herritan ibiliko dira, eta martxoaren 6an bukatuko dute Nazioarteko V. Ekintza, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan agerraldi bat eginez. Mugako zubia ere sinbolotzat hartu du kolektiboak; izan ere, zubiak lurraldeak banatu ere egiten dituztela azaldu dute beren webgunean: «Zubiek ez dute esanahi bera pertsona migratzaile guztientzat: inoiz jendea konektatzeko baliagarriak izan ziren zubiak harresi bilakatu dira, eta ez dute pertsonen joan-etorria ahalbidetzen; gune horietan pertsonak diskriminatu, zapaldu, baztertu eta hil ere egiten dituzte».

Nazioarteko Ekintza mugarritzat hartuta, gogoeta bat proposatu dute: «Europaren ongizatea zer pribilegioren gainean bermatzen den identifikatu, eta zer erantzukizun dugun hausnartzera gonbidatzen dugu». Lanketa horretarako hainbat material teoriko sortu dituzte: infografiak, azalpen gidak, txosten teorikoak, bideoak... Baliabide guztiak Mundu Martxaren webgunean jarri dituzte eskuragarri, hiru ataletan banatuta: mugak, migrazioak eta transnazionalak. Herriz herri landuko dute:«Espero dugu antiarrazismotik eta dekolonialitatetik tresna teorikoetan ekarpena egitea mugimendu sozialei eta eraldaketa sozialerako eragileei», argitu du Vasquezek. Txostenaren edukiak hainbat kolektiborekiko elkarlanean landu dituzte: Emakume Migratuen Sarea, Feministas por Nicaragua, Munduko Emakumeak...

COVID-19aren izurritearen eta neurri murriztaileen gainetik, «antolakuntzaren eta prozesu parte hartzaileen alde» egingo dutela azaldu dute. Horrela, martxoaren 6ko protestarako, aldarrikapenez betetako zapiak egingo dituzte herrietan, eta, otsailaren 20tik 27ra bitartean, hainbat eskualdetan jasoko dituzte. Badakite osasun egoerak mobilizatzeko erak zailtzen dituela, baina, hala ere, kaleak «salaketarako toki» bilakatzera deitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.