Ikasleen segregazioa nola utzi aparte

'Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritarren azpimarra' sinposioa egin dute Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak. Eskola segregazioa landu dute

Hezkuntza eragile ugaritako ordezkariak bildu ziren, atzo, Gasteizko Europa jauregian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Gasteiz
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan eragina izango duen hezkuntza lege berria erdietsi nahi dute, eta horren aurretik hezkuntza hitzarmena ere bai. Eusko Legebiltzarrean eman zuten lehen pausoa, gaia lantzeko batzorde txostengile bat sortzeari atea irekita. Orain, kalera atera dute eztabaida: hezkuntzako hainbat adituk hitza hartu dute Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritarren azpimarra sinposioan. Gasteizko Europa jauregian ari dira, atzo eta gaur. Eskola segregazioa izan zen atzoko gai nagusia. Eragiten dituen ezinak eta aurre egiteko formulak landu zituzten hainbat adituk, besteak beste Manchesterko Unibertsitateko Adrian Zancajok eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Xavier Bonalek.

Kataluniako esperientzia ekarri du Bonalek. Aldeak ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin alderatuta; itunpekoek ez dute han sarearen %50 hartzen, apalagoa da ehunekoa: %27. Segregazioa ekiditearen garrantzia nabarmendu du, esanez eskola segregazioari arretarik jartzen ez bazaio, ikasleak ez direla baldintza berdinetan egongo. Eta hau erantsi du: «Eskolatze baldintzak berdintzen ez badira, hezkuntzarako eskubidearen urraketa argi bat da». Segregaziorik ez dagoenean, ekitatea ez ezik, eraginkortasuna ere irabazten delakoan dago: «Sistema osoaren emaitzak hobetzeko gai izango gara». Azaldu duenez, eskola uzte goiztiarra ere murriztu egiten da, eta, gainera, ekonomikoki ere abantailak ditu, «epe ertainera eta luzera gastu soziala murrizten delako». Azkenik, gizarte kohesioa ere hobetu egiten delakoan dago.

Hainbat gako

Segregazioa ekiditeak dituen abantailak ikusita, helburua lortzeko hainbat gako ere eskaini ditu Bonalek. Bide horretan, arautzea beharrezkotzat jo du. Lehenik eta behin, «interes publikoko hezkuntza eskaintza» arautu behar dela esan du. Haren hitzetan, ez dira ikasleentzat leku gehiegi eskaini behar eremu jakin batzuetan, ezta gutxiegi ere, segregazioari aurre egiteko gainerako neurriak lausotu ditzakeelako horrek. Beste fokua ikasleen onarpenean jarri du. Zaurgarritasuna atzemateko sistema bat beharrezkoa iruditzen zaio: «Pobrezia tasak %25era gerturatzen direnean, segregazioa murrizteko ez du balio pentsatzen jarraitzea ikasleen %5 edo%7 direla zaurgarriak, ». Ikasle zaurgarrientzat leku batzuk gordetzea ere garrantzitsua iruditzen zaio. Katalunian, esaterako, hezkuntzarako sarrera bereizi egiten da hezkuntza behar bereziak dituzten eta ikasle arrunten artean, eta eskoletan leku batzuk gordetzen dira lehenengo taldekoentzat. Kataluniako dekretu berriak arautu egin du ratioak ez handitzea eta ikasturtean zehar iristen diren ikasleak ikastetxe jakin batzuetan ez pilatzea ere: «Ikasturtean zehar iristen den edozein matrikula ekitatiboki banatzen da inguruko ikastetxe guztien artean». Ados jartzea, konpromiso zehatzak hartzea eta udalen protagonismoa ere gakotzat jo ditu, besteak beste.

Itunpeko eskolen eta segregazioaren arteko harremanaz aritu da Zancajo. Esan du hezkuntza publikoa eta itunpekoa diruz hornitzea «gutxienez erronka bat» dela. Itunpeko eskolek segregazioan duten rolari erreparatu dio: «Gizarte segregazioaren parte bat azaltzen da sare dual bat dagoelako». Halere, zehaztu duitunpeko eskolen artean ere desberdintasun handiak daudela hartzen dituzten ikasleen taxuan.

Akordio zabalaren bila

Ekarpenak jaso aurretik mintzatu dira Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria. Hezkuntza akordioan jarri du fokua Bildarratzek. Zabala izatea nahi du: «Hezkuntza hitzarmena oinarri izango duen legea da nire helburua, eta benetan kalitatezko hezkuntzak behar duen legea izan dadin, akordio politikoarekin batera, adostasun soziala behar dugu, guztion esfortzua eta konplizitatea eskatzen duena». Urkiza sinposioa «nahi duten hezkuntza sistema» erdiesteko bidean lagungarri izango delakoan dago: «Lan sakona bezain interesgarria dugu esku artean, eta sinetsita nago gogoetak eta ekarpenak baliotsuak izango direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.