Uemak zuzenketak aurkeztu dizkio kontsumitzaileen legeari

Lege proiektuak bere horretan uzten ditu Patxi Lopezen gobernuak egindako aldaketa batzuk, Uemaren arabera: esaterako, hizkuntza eskubideak ez errespetatzea ez da arau haustetzat hartuko

Euskararen aldeko itsasgarri bat, denda batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege proiektuak «ezinegona» sortu dio Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari, eta, lege proiektua hobetze aldera, hainbat proposamen egin ditu.

Eusko Legebiltzarreko Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordean dago lege proiektua —Eusko Jaurlaritzan, izen bereko sailaren burua Javier Hurtado sozialista da—. Legeaz eztabaidatzeko tartea igarota, legebiltzarrean onartu beharko da. Besteak beste, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak zedarritzen ditu lege horrek, eta hizkuntza betekizun batzuk ezartzen dizkie jarduera eta langile kopuru jakin bat duten establezimenduei. 2012ra arte, indarrean zegoen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legea, baina Patxi Lopez lehendakari ohiaren agintaldian zenbait aldaketa egin zizkioten.

Espero zitekeen ontzen ari diren lege proiektu berriak 2012ko lege erreforman aldatutako puntuak lehengoratuko zituela, eta, are, berritu ere bai. Uemak ez du behar besteko aldaketarik hauteman, ordea, eta zenbait artikulutan «atzerakadak» ere izan direla ohartarazi du. Besteak beste, kontsumitzaileen eta erabiltzeen informazio eskubideari eragiten dioten puntuetan proposatu ditu aldaketak mankomunitateak. Izan ere, lege proiektuak ez du zehazten zerbitzu hori ematen duten bulegoetan herritarrak hautatutako hizkuntza ofizialean eman beharko denik arreta, eta, bulego publikoak direnez gero, hori zehaztea nahi du.

Ondasun eta zerbitzuen gaineko informazioari buruzko puntuetan ere moldaketak egitea nahi du, produktuak aurkeztean eta etiketatzean, besteak beste, euskara erabiltzea derrigorrezkoa izan dadin.

Behartuta, handiak soilik

Hizkuntza betebeharrak zein enpresak bete beharko lituzketen, horretan ere Uema ez dator bat lege proiektuarekin. 2003ko legeak saltoki handitzat jotakoei soilik ezarri zien betebeharra, eta hala egiten du oraingoak ere. Uemak, ordea, hamabost langile baino gehiagoko establezimenduek betebehar hori izatea proposatu du. Gainera, seinalizazioan euskara lehenestea «sustatuko» dela zehazteko eskatu du.

Betebehar horiek izatetik harago, Uemak gogora ekarri du establezimendu oso gutxik bermatzen dutela kontsumitzaileak eurek hautatutako hizkuntzan artatzeko eskubidea: «Euskararen erabilera indartzeko berariazko diru laguntza jasotzen dutenek». 2003an onartutakoa baino are murritzagoa da artikulu hori. Uemak zehaztu duenez, ordukoak zehazten baitzuen edozein diru laguntza jasotzen zutenek izango zutela betebehar hori. Hain justu, eskatu du 2003ko legeak zioen hori jasotzea lege berriak. Gainera, ohartarazi du hala ez egiteak «hutsune handia» eragingo lukeela, establezimendu gutxik izango luketelako zerbitzua euskaraz emateko obligazioa, batetik, eta betebehar horri buruz «anbiguotasuna» sortzen duelako, bestetik, ez baitu argitzen derrigortasun hori noiz hasten eta amaitzen den.

Horrez gain, «bilakaera soziolinguistikoa» ere aintzat hartu behar dela uste du: «Enpresetan sartzen ari diren langile gehienak gai dira euskaraz hitz egiteko edo, gutxienez, ulertzeko, eta oinarri horri etekina atera behar zaio erabileran. Horretarako tresnak jarri behar dira, eta, sustapenarekin batera, ezinbestekoa da akuilu gisa jokatuko duten arauak ere onartzea, betiere gogoan izanik hizkuntza eskubideak daudela oinarrian, ez inoren apeta hutsak».

Eskubideetan mailaketa

Uemak «atzerakada» ikusi du, halaber, lege proiektuak egiten duen arau hausteen tipifikazioan. Izan ere, lege proposamenaren arabera, hizkuntza eskubideei lotutako artikuluak ez betetzea ez da halakotzat hartuko. Salbuespena berariaz aipatzen du testuak. Uemak salatu du hizkuntza eskubideen ikuspegitik «bidegabea» dela hori, batetik, aditzera ematen duelako hizkuntza eskubideak ez direla gainerako eskubideen parekoak, eta, bestetik, enpresa jabeei ematen dien mezua delako hizkuntzari buruzko betebeharrei entzungor egiteak ez dakarrela ondoriorik.

Gainera, gogorarazi du 2003ko legeak aurreikusten zuela hizkuntza eskubideak ez errespetatzeak arau hausteei dagozkien ondorioak izatea. Horregatik, eskatu du hizkuntza eskubideak arau hausteetatik salbuesten dituen esaldia ezabatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.