Gasteizen eskolen arteko «polarizazioa» areagotu egin dela ohartarazi dute

Guraso bat atzerritarra duten ikasle gehienak sare publikoan daude Gasteizen: %83. Indize sozioekonomikoa jaitsi egin da publikoan, baina ez itunpekoan. Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatuko dute etzi
JUANAN RUIZ / @FOKU

Jon Rejado -

2019ko ekainak 11
Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak ohartarazi du handitu egin dela hiriko eskola segregazioa. «Duela lau urte hasi ginen segregazioa zegoela salatzen, eta, ordutik, egoerak okerrera egin du», hausnartu du Manolo Martinez plataformako ordezkariak. «Orduan, Haur eta Lehen Hezkuntzan zegoen guraso atzerritarrak dituzten ikasleen kontzentrazio artifizial handiena; dagoeneko hiriko institutuetara heltzen ari da, eta hurrengo urteetan handitu egingo da». Plataformaren arabera, gero eta «polarizazio» handiagoa dago Gasteizko hezkuntza sareen artean.

Plataformak agerraldia egin zuen atzo, Gasteizko hezkuntza sareei buruzko hainbat datu emateko. Guraso atzerritar bat behintzat duten ikasleen datuak zabaldu dituzte, jatorri atzerritarra duten ikasleena eman beharrean, informazio horrek egoera «hobeto» erakusten duela argudiatuta. Bada, Haur eta Lehen Hezkuntzako 32 ikastetxeetatik 22tan ikasle horiek %30 edo gehiago dira. Horietatik, hamabost eskolatan ikasleen erdiek edo gehiagok dute guraso atzerritar bat behintzat. Areago, Gasteizko hamar ikastetxetan —sare publikokoen herenak— ikasle horien kontzentrazioa %70 edo handiagoa da.

Sare publikoko eta itunpeko ikastetxeen arteko alderaketa ere egin du plataformak, Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko irakastaldiak oinarri hartuta. Sare publikoan, matrikulatutako ikasleen %39k atzerritarra dute guraso bat behintzat; itunpekoan, %10ek. Are, plataformak azaldu du itunpeko ikastetxeen artetik bakar batean ere ez direla %30 ere ikasle horiek, eta erdietan baino gehiagotan %10 ere ez —horietatik bederatzi B eredukoak dira, eta bi, D eredukoak—.

Datu horiek oinarri hartuta, Martinezek ohartarazi du eskola publikoetan pilatzen ari direla guraso atzerritarrak dauzkaten ikasleak: %83 daude eskola publikoetan. Gogora ekarri dute, gainera, sare publikoko ikastetxeek plaza guztien %60 inguru dituztela Gasteizen, eta itunpekoek, %40.

Maila sozioekonomikoa

Ikasleen gurasoen jaioterrian ez ezik, ISEK indizean jarri du arreta plataformak —maila sozial, ekonomiko eta kulturalari buruzko indizea da ISEK—. Maite Huarte eledunak gogora ekarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldea dagoela hezkuntza sareen artean: itunpeko eskoletako familiek ISEK altuagoa dute. Aldea are handiagoa da Arabako hiriburuan. «Urteen joanarekin, Gasteizko ISEKa jaitsiz joan da ikastetxe publikoetan, eta itunpekoan mantendu da». Sareen arteko «polarizazioaz» ohartarazi du plataformak.

Horren harira, Huartek nabarmendu du auzia ez dela hezkuntza sisteman hartzea guraso atzerritarrak dituzten seme-alabak edo maila sozioekonomiko apalekoak. Ohartarazi du gizartea «plurala» dela, eta horrek isla izan behar duela ikasgeletan ere, horrelako desorekarik gabe. «Ikastetxe batean ikasleen erdiak maila sozioekonomiko baxukoak izatea bezain arazo handia da beste eskola batean ikasle horiek %10 baino gutxiago izatea».

Plataformaren iritziz, segregazioari buruzko datu horiek agerian uzten dute administrazioen borondate falta. «Erabateko ekimenik eza» izatea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari. «Berriro salatu nahi dugu egoera jasangaitza dela, eta botere publikoak arduragabekeriaz jokatzen ari direla». Horrekin lotuta, gogora ekarri dute Zubiak Eraikiz plataformak herri ekinbide legegile bat aurkeztu zuela Eusko Legebiltzarrean, eskola segregazioari aurre egitea helburu zuena. «Atzera bota zuten legebiltzarrean, baina Cristina Uriarte sailburuak aurrera jarraitzen du Hezkuntza Legea garatzen, sare publikoa aurka badu ere».

Hori dela eta, plataformak antolatuta kalejira bat egingo dute etzi arratsaldean Gasteizen: 18:30ean hasita, Andre Maria Zuriaren plazatik Arabako Hezkuntza Ordezkaritzara joango dira protestan. Bertan, «herri epaiketa» egingo diote Blanca Guerrero Arabako Hezkuntza ordezkariari, «eskola publikoarekin erakutsi duen utzikeriagatik, eta itunpeko irakaskuntzaren alde egiteko joeragatik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna