Emakume bat hil dute Bardozen, astebetean eraildako bigarrena

Etxean hilik topatu dute bikote bat, eta Poliziak uste du gizonak hil duela emaztea, eta gero bere buruaz beste egin duela. 2003tik indarkeria matxistaz hildako ehungarren andrea da

Emakume bat hil dute Bardozen, astebetean eraildako bigarrena.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Adineko bikote bat hilik aurkitu zuten atzo goizean Bardozeko etxe batean (Lapurdi). Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak azaldu duenez, Poliziaren hipotesi nagusia da gizonak emaztea hil zuela, eta bere buruaz beste egin, tiroz; gizonak 90 urte zituen, eta emakumeak, 72. Chantal Joantegi zuen izena emazteak. Berriak egindako zenbaketaren arabera, 2003tik Euskal Herrian indarkeria matxistagatik hildako ehungarren emakumea da, aurtengo bigarrena. Joan den astean Lapurdin beste emakume bat hil zuen senarrak, Urruñan. Orduan ere erasotzaileak bere buruaz beste egin zuen.

Hilketari buruzko informazio gutxi eman du Poliziak. Hedabide batzuen arabera, etxeko langileak atea itxirik aurkitu zuen, eta auzokoak eta suhiltzaileak abisatu zituen. Larrialdi zerbitzuek aurkitu zituzten bi gorpuak. Auzitegietako mediku batek aztertu beharrak zituen atzo arratsaldean.

Baionako prokuradorearen erranetan, «arazorik gabeko» bikote bat zen hilda aurkitu dutena, eta gaineratu du emaztea «gaixorik» zegoela. Hedabide batzuen arabera, ehizarako eskopeta batekin hil zuten —joan den astean ere hala hil zuten Mayie Nervi urruñarra, 81 urtekoa—.



Aurtengo bigarrena

Urruñakoaren ondotik, indarkeria matxistagatik aurten hildako bigarren emaztea da Chantal Joantegi. Azken urteetako kopuru apalena da aurtengoa, oraingoz —iaz, bederatzi emakume hil zituzten—. 2003tik hildakoak ehun andre dira, Berriak hilketa matxistei buruz bildutako informazioaren arabera —11 ume ere hil dituzte—.

Indarkeria matxistari buruzko azterketa horrek agerian jarri zuen proportzioan Lapurdin gertatzen dela hilketa gehien: han hil dute bost emakumetik bat, nahiz eta Euskal Herriko biztanleen %8 bizi diren. Beste datu ezohiko bat ere bada Lapurdin: hilketa matxistak egin dituzten gizonen herenak saiatu dira beren buruaz beste egiten (32 gizon), eta horietatik herenak, Lapurdin (13). Gainerako herrialdeen gainetik dago portzentaje hori. Urruñako eta Bardozeko hilketek bi ezaugarri horiek beteko lituzkete: Lapurdin izan dira, eta gizonek beren buruaz beste egin dute. Horiek zenbatuta, Bardozekoa 2003tik Lapurdin hil duten 21. emaztea da.

Analisia: Ehungarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.