Koronabirusa

Auto berriak erosteko laguntzak bikoiztu ditu Eusko Jaurlaritzak

Hamar milioi euro jarriko ditu, eta 1.000 eurotik 2.000ra igoko du gasolina edo gasolioa darabiltenek jaso dezaketen dirua. Madrilek auto elektrikoen erosketa sustatuko du gaur

Auto saltoki bat, itxita, maiatzaren hasieran, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Iragarpen ezkorrenak betetzen ari dira, eta egiaztatu da ez dela berehalakoan abiatzen ari ia bi hilabetez geratutako jarduera ekonomikoa. Suspertze motelaren adibide argienetako bat autogintzan ari da ikusten, salmentak oso apalak izan baitira maiatzean: iaz baino %62,2 gutxiago saldu dira Hego Euskal Herrian. Autogintza ez da edonolako sektorea: euskal industriaren zutabe nagusietako bat da, eta dozenaka mila lanpostu ditu —10.000 Volkswagenen eta Mercedesen, eta hori halako bost osagaiak egiten dituen industrian—. Salmenten jaitsiera pixka bat arintzeko eta, batez ere, sektorea pixka bat animatzeko, Eusko Jaurlaritzak auto zaharra bota eta berria erosteko plan bat indarrean jarri du.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak bost milioi euroko poltsa bat iragarri zuen joan den astean autoak erostea bultzatzeko, baina, azkenean, hamar milioi euro jarriko ditu mahai gainean.

Atzo eman zien planaren berri Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak sektoreko ordezkariei. Haren osteko agerraldian, gobernuari esker ona adierazi zion Javier Bagues auto saltokien ordezkariak, eta bereziki nabarmendu zuen aurten zero kilometroko autoek ere jasoko dutela laguntza. Laguntza handia da kontzesionarioentzat, «hainbat arrazoirengatik» auto asko matrikulatzen dituztelako.

Energiaren Euskal Erakundeak tramitatuko ditu laguntzak, eskaerak jaso ahala. Hau da, lehenik eskatzen dutenek aukera handiagoa izango dute Jaurlaritzaren laguntza jasotzeko, hamar milioi euroak amaitu arte banatuko baitu.

Jaurlaritzak banatuko duen laguntza, neurri batean, sinbolikoa izango da: ehunka operazio erraztuko ditu Jaurlaritzaren diruak, baina milaka zenbatzen dira auto berrien salmentak. Iaz, esaterako, Hego Euskal Herri osoan 51.000 auto matrikulatu zituzten.

Urtea hasi denetik 10.173 auto berri saldu dituzte lau lurraldeetako kontzesionarioek, horietatik 1.833 maiatzean. Saltokiak maiatzaren 11n ireki zituzten, eta, lehen egunotan, haietako askok bezero andana izan zuten, itxialdiak etendako operazioak ixteko zeudelako. Baina egunek aurrera egin ahala, moteldu egin da berriro salmentaren erritmoa, batez ere bi faktorek behartuta. Batetik, oraindik badira joan-etorriak egiteko mugak, eta dendetara joateko bete beharreko segurtasun neurriek ez dute lana errazten. Bestetik, shock ekonomiko handia eragin du konfinamenduak, eta kalte ekonomikorik sentitu ez dutenak ere uzkurrago daude orain gastu handiak egiteko.

Urteko lehen bost hilabeteetan %54,3 txikitu da merkatua. Beherakada hori pixka bat apaltzea espero dute saltzaileek, baina %30 eta %40 arteko amiltzeak ez luke inor harrituko. Erorikoa pixka bat apaltzeko asmoa du Jaurlaritzak planak, eta horregatik ez ditu bere laguntzak mugatu teknologia garbienetara. Are gehiago, 1.000 eurotik 2.000ra igo du gasolina edo gasolioa erretzen duten auto berriak erosteagatik emango duten laguntza. Hori bai, errekuntza auto eta furgoneta garbienek soilik jasoko dute laguntza, M1 labela dutenek.

Urtea hasi denetik saldutako autoen %54 izan dira gasolina bidezkoak, baina merkatu kuota galtzen ari dira, iazko lehenbost hilabeteetan %65,7 izan baitziren.

Kuota pixka bat berreskuratu du dieselak —%23,4tik %24,6ra igo da—, eta nabarmen hobetu dute motor alternatiboek, %10,7tik %18,5era igaro baita haiena.

Moves plana, berriro

Jaurlaritzak laguntza handiagoa emango die auto elektrikoei, hibridoei eta hidrogenoa eta gasa darabiltenei, baina baliteke haietako gutxi iristea erosleengana. Izan ere, gaur espero da Espainiako Gobernuak berritzea Moves programa. Haren bitartez, 5.000 eurorainoko laguntza jaso dezakete auto elektriko bat erosten dutenek. Bi laguntzak ez direnez bateragarriak, pentsatzekoa da elektrikoa nahi duten gehienek Espainiakoa hobetsiko dutela.

Baina urrunago joan nahi du Espainiako Gobernuak. Nissanek Bartzelonako fabrika itxiko duela iragartzeak alarma gorriak piztu dizkio, ohartu delako bere menpeko lurraldean dauden auto ekoizle guztiak kanpokoak izateak indarge uzten duelahalako erabakien aurrean. Ahultasuna are nabariagoa da orain, gobernu guztiek beren lurraldeetan kokatu nahi dituztelako auto elektrikoen garapena eta ekoizpena. Parisek eta Berlinek ez bezala, Madrilek zail du ekoizleei zuzenean presio egitea, eta, horregatik, inbertsioetarako eta I+Grako laguntzekin limurtu nahi ditu.

Zerga kontuetan, matrikulazio eta zirkulazio zergak bateratzea aztertzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.