Eskola Kontseiluak eskatu du D eredua «sakon aztertzeko»

EAEko Eskola Kontseiluak txosten bat aurkeztu du egoera aztertzeko eta proposamenak egiteko. Haur eskolak doakoak izan daitezen «urrats eraginkorrak» egiteko eskatu dute

Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, etengabeko hazkundean dago D eredua, baina ez du lortzen haurrak guztiz euskalduntzea; izan ere, ikasleek gero eta euskara maila baxuagoa dute. EAEko Eskola Kontseiluak konponbidea ezarri nahi dio arazoari, eta D ereduari buruzko «azterketa sakon bat» egiteko eskatu du.

Atzo EAEko Eskola Kontseiluak aurkeztutako txostenetik atera daitezkeen ondorio nagusietako bat da aipatutakoa. 2017-2018ko eta 2018-2019ko ikasturteetan Arabako,Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan izandako egoera aztertu dute, eta, euskaraz gain, beste hainbat gai ere izan zituzten hizpide. Prentsaurrekoa, ordea, gazteleraz egin zuten, eta kazetarien galderetan soilik izan zuen lekua euskarak.

HIZKUNTZA EREDUAK

D ereduaren hazkunde «geldiezinak eta iraunkorrak» eta haren presentziak euskal hezkuntza sistemaren «ardatz» bihurtu dutela dio txostenak. Ikasleen gehiengoa hartzen du: sare publikoan, ikasle guztien %41, eta itunpekoan, %24. Aldea dago, ordea, bateko eta besteko ikasleen ezaugarrien artean. Sare publikoan, areagotu egin dira ikuspegi sozioekonomikotik eta kulturaletik maila baxua dutenak, eta ikasleen ia herenak dira. Itunpeko sarean, berriz, LHn, maila sozioekonomiko baxuko familietatik datozen ikasleen ehunekoa oso txikia da (%3), eta DBHn, 2017ko datuen arabera, %15ekoa zen.

D ereduaren kontrara, A eredua —ikasgai guztiak gazteleraz dituzte, eta euskara ikasgai bat soilik da— eta B eredua —ikasgaiak euskaraz eta gaztelaniaz dituzte— gain behera doaz.

Euskarak eragiten du kezka, ordea. Euskarazko hizkuntza gaitasunak behera egin du, eta LHko ikasleen %37k eta DBHko %46k «maila baxua» dute. Egoerari buelta eman nahian, hainbat proposamen egin zituen EAEko Eskola Kontseiluak: D ereduari buruzko «azterketa sakon bat» egitea, Euskal Hizkuntza eta Literaturaren curriculuma berrikustea eta abar.

ESKOLA UZTE GOIZTIARRA

Europaren helburua da kopurua %10etik beherakoa izatea, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %6,9koa izan zen 2018an. Hamar urtean, 12,3 puntu murriztu da eskola uzten duten gizonen ehunekoa, etazazpi puntu emakumeena. Halere, EAEko Eskola Kontseiluak beharra ikusten du eskola uzteari buruzko «azterketa sakona» egiteko, eta hor generoari, eskola uzten dutenen jatorriari eta abarri erreparatzeko.

HAUR HEZKUNTZA

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eskolatuta daude 2 urteko haurren %94, urtebetekoen %46 eta urtebete baino gazteagoen %19.

Txostenak dio eskolatzen ez dituzten familien herenek «oinarrizko gabeziak eta lan zailtasunak» dituztela. Horri erantzuteko, proposatu dute «lehenbailehen urrats eraginkorrak egitea» haur eskolak doakoak izan daitezen.

IKASLEEN KONPETENTZIAK

Europako Batasunak helburu bat jarri zuen 2020rako: %10etik beherakoa izatea irakurketako, matematikako eta zientzietako gaitasunean errendimendu baxua duten 15 urteko ikasleen kopurua. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute helburu hori bete, eta hiru puntura geratu dira. Halere, txostenaren arabera, Europako herrialde gehienek aldaketa gutxi egin dituzte ikasleen gaitasunak hobetzeko hezkuntza politiketan, eta Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren egoera «positiboagoa» dela diote. Baina badago zer hobetua, eta proposamenak eginak daude: «Hausnarketa sakona» egitea kanpo ebaluazio estandarizatuen zentzuari, xedeari eta egokitasunari buruz; ikastetxeek eskola porrota jasateko arriskuan dauden ikasleen tratamenduan dituzten beharrak, proposamenak eta esperientziak ezagutzea...

EMAITZA AKADEMIKOAK

Barne ebaluazioei dagokienez, txostenak ondorioztatu du «bilakaera positiboa» izan dela irakasgai guztiak gainditzen dituzten ikasleen ehunekoan eta mailaz igotzen direnen ehunekoan, batez ere. Halere, ikasleen %12,3k ikasturtea errepikatu dute LHn. Graduazio tasa gordinari begiratuta, %86koa da 15 urterekin, eta %67,7koa 17rekin. Hainbat proposamen egin beharra ikusi dute: errepikapenaren salbuespenezko izaerari eta izaera subsidiarioari buruzko «hausnarketa prozesu sakona bultzatzea»; ikaskuntzaren ebaluazioa «sakonki berrikustea»; euskal kulturaren curriculuma garatzea eta eguneratzea... Kanpo ebaluazioan ere jarri dute arreta. Matematikarako gaitasunari erreparatuz, emaitzak hobetu dituzte 2018ko PISAn, baina %18,1ek «gaitasun maila txikia» dute. Gaitasun zientifikoan, ikasleen %18,6k «errendimendu txikia» dute.

IRAKASLEAK

Irakaskuntza lanbidea «gero eta konplexuagoa eta zorrotzagoa» dela iritzita, hainbat proposamen jaso dituzte txostenean: praktiketako funtzionarioen ebaluazio prozesua aztertzea, lantaldeen egonkortasuna sustatzen jarraitzea, Berritzeguneen egoera «sakon» aztertzea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.