Albistea entzun

Topagune bat subiranismoen hausnarketei

Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Andaluziako hamasei fundaziok Forum Subiranista eratu dute. Subiranismoa «aniztasunetik kontsolidatzea» da helburua
Fundazioetako kideek I. Eskola Subiranista egin zuten iazko otsailean, Donostian.
Fundazioetako kideek I. Eskola Subiranista egin zuten iazko otsailean, Donostian. FORUM SUBIRANISTA Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko martxoak 27

Elkarlana ez da berri-berria, baina bai oraintsu emandako pauso juridikoa; ezkerreko subiranismoaren arnas luzeko gogoetak artikulatzeko asmoz sortu zen Forum Subiranista 2016an, eta martxoaren 13an eratu zuten formalki. Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Andaluziako hamasei fundazio eta elkartek osatzen dute foroa, gehienak alderdi politiko eta sindikatuei atxikitakoak —Euskal Herrikoak, Iratzar, Alkartasuna, Alternatiba eta Ipar Hegoa; eta, behatzaile gisa, Manu Robles-Arangiz—. Helburuen artean daukate «estatuko nazio eta herrien pentsamendu politikoa, soziala, ekonomikoa eta kulturala aztertzea eta garatzea helburu duten kultura jarduerak sustatzea eta gauzatzea, bai eta askatasun politikoak, balio errepublikanoak eta herrien erabakitzeko eskubidea eraginkortasunez defendatzeko ekimenak garatzea ere», eta, formalki eratuta, xedeetan sakontzeko pausoa eman nahi izan dute sustatzaileek.

«Orain eman dugun pausoa da entitate legal gisa abiatzea. Batetik, honek beste dimentsio bat ematen dio foroari, eta, bestetik, parte hartzen ari diren taldeen hedapena zabaltzen ari da», azaldu dio Floren Aoiz Iratzar fundazioko presidente eta foroko lehendakariordeak BERRIAri. Garrantzia eman dio pausoari: «Politikoki aukera handiak zabaltzen dira subiranismoa aniztasun horretatik kontsolidatzeko, fundazioak eta antzekoak mugitzen garen esparruan: gogoetan, trebakuntzan eta prospekzio eta azterketa estrategikoan».

Egitasmoa 2016an abiatu zen, aurrena Mallorcako Darder-Mascaro fundazioaren ekimenez eta gero Iratzarrekin eta Kataluniako Ciemenekin lankidetzan. «Uste zuten lagungarria izan zitekeela entitate subiranisten arteko elkarlana, elkarrengandik ikasteko eta estatuan gertatzen ari zen krisia elkarrekin aztertzeko eta aurre egiteko», Aoizek gogora dakarrenez. 2016ko abenduan egin zuten lehen topaketa, eta gogoan ditu abiapuntuko zailtasunak: «Ikusi genuen sindikatuen eta alderdien artean lehiak zeudela eta egongo zirela; besteak beste, elektoralak. Hortaz, hasieratik erabaki genuen fundazio, trebakuntza eta pentsamenduaren esparrutik ez ateratzea».

Hain zuzen, hori da foroaren orain arteko lorpen nagusietako bat, haren iritziz: «Elkartasun, leialtasun eta errespetu giro handia eraikitzea lortu dugu. Lorpen handiena esparru baten eraikuntza izan da, zeinean eztabaida eta gogoeta estrategikoa ematen den, trebakuntza batera egiten den eta puntu komunak eta ezberdintasunak heldutasun batekin lantzen diren. Horrek pentsarazten digu subiranismoa asko indartzen ari dela ideologikoki eta estrategikoki». Elkar ezagutza hori gauza berria da, pentsa daitekeen arren lehen ere bazegoela: «Tamalez hori ez da egia; orain lortzen ari gara, eta hori Iratzarrentzat oso aberasgarria izan da, gure pentsamendu gaitasuna asko indartu duelako. Izugarrizko isuriak daude gogoeta mailan entitate subiranisten artean; zirkuitu bat osatu dugulako da hori».

Lankidetza berri hori estimatzen ari dira beste lurralde batzuetako fundazioak ere, Galiza Semprek kasu. Lucia Veciño fundazioko kidearen arabera, unea «historikoa» da nazionalismo galiziarrarentzat, BNG oposizioko lehen indarra delako eta sindikalismo nazionalista nagusi delako Galizian; aldagai horiek aditzera ematen badute ere subiranismoa une gozoan dagoela, Veciñok uste du nazioartean Galiziaren ikuskera nazio gisa ez dagoela «Euskal Herria edo Katalunia egon daitezkeena bezain garatua edota sozializatua». Horregatik, baliagarria zaie foroa: «Nazioarte mailan, guretzat oso interesgarria da gure esperientzia politiko eta soziala beste nazio batzuekin partekatu ahal izatea. Horretarako ere badago foruma, entitate ezberdinek topagune bat eduki dezaten esperientziak eta errealitateak partekatzeko».

Izan ere, Galiziako subiranismoak historikoki izandako hurbilpenei beste ikuspegi bat eransteko aukera ikusten du Veciñok: «Norbere diskurtsoa eta ikuspuntua osatzen da bakoitzak dauzkan erreferentzien arabera. Harritu ninduen ikusteak guk Atlantikora begiratzen dugula sarri; Portugalera, edo sindikalgintzan, Brasilera, hura pentsamendua sortzeko lantegi bat delako; Herrialde Katalanek, aldiz, Mediterraneora...». Horregatik, interesgarria iruditzen zaio «ikuspegiak eta ikasketak konpartitzea», baita «militantziak kontaktuan jartzeko» eta «sinergiak eta ezagutza sortzeko» ere.

Erantzunak krisiari

Elkarlanean aritzeko, testuingurua aldeko dute fundaziook: Espainiako Estatuan, baina baita Europan ere, hauteskundeetan emaitza gozoak izaten ari dira indar subiranistak. Veciñoren iritziz, testuinguru horren aldagai nagusietako bat da «krisiari bidezko irtenbide bat bilatzen saiatzea, gehiengo sozialen eta lurralde desberdinen alde». Bigarren Eskola Subiranista egiten ari da asteotan foroa, eta ildo horretan ari dira lanean: «COVID-19aren krisiarekin eraldatzen ari den eredu neoliberalarekiko alternatibak sortzean».

Bat dator Aoiz: asko indartu da subiranismoa: «Estatuari begira, ikusi behar da subiranismoaren bilakaera eta M-15etik datorren estatu eskalako ezkerraren eboluzioa. Eta bien arteko alderaketak ematen du inpresio argia; nor erortzen ari den eta nor indartzen estrategikoki». «Tamalez» dio Kataluniaz erabiltzen zen souffle-aren kontzeptua Espainiako ezkerrari gertatzen ari zaiola, eta irakurketa bat egiten du horren inguruan: «Ezker subiranista hobeki irakurtzen ari da gure garaia eta neoliberalismoa, eta, batez ere, hobeki formulatzen ari gara nondik erantzuten ahal zaion; nola eraiki daitezkeen sektore zapalduen arteko zerumuga partekatuak. Ekosubiranismoa, feminismoa, dekolonitatea... Interpelazio horiek gureganatzeko gaitasun bat ikusten da».

Zergatik? Aoizen ustez, ezkerreko subiranistak «behetik gorako eta luzera begirako mugimenduak» diren heinean, «antigorputz gehiago» garatu dituztelako ezkerraren «gaitz endemiko» batzuen aurrean. Haatik, landu beharreko galdera bat luzatu du: «Herri baten borrokak aurkitzen dituen mugak. Euskal Herrian presio politiko-militar bat egon da, baina Katalunian ikasi dugu ez dela aski hegemonia morala izatea. Horrek mahai gainean jartzen du afera bat: herri bakoitzak bere dinamika autozentratua lehenetsi behar du, baina zer egin hori aski ez denean».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

 ©J. DANAE / FOKU
Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak, maiatzean, Madrilen. ©BALLESTEROS / EFE

BASOARTE ZARBATSUA

Iosu Alberdi

Espainiako Gobernuak desklasifikatu zituen lehen agiri sekretuak GALen ingurukoak izan ziren, 1997. urtean. Halere, zenbait dokumentu ezkutuan mantentzea erabaki zuen Moncloak, «estatuaren segurtasunaren» izenean.

 ©J. DANAE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...