Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %2,2 hazi zen 2019. urtean

Jaurlaritzak «arrakastatzat» jo du, nazioarteko gorabeherek ez dutelako lagundu. Industria suspertzen ari dela jakinarazi du Azpiazuk. 15.600 enplegu sortu ziren iaz

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %2,2 hazi zen 2019. urtean.
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Hitz bakar batean definitu du Eusko Jaurlaritzak nolakoa izan den ekonomikoki 2019. urtea: «Arrakastatsua». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %2,2 handitu zen, eta, horrenbestez, bete egin da Gasteizko gobernuaren azken iragarpena. «Sentsazio onak utzi dizkigu datuak, urte zaila izan baita», ziurtatu zuen Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak. Hasi berri den urtea motelxeagoa izatea espero du Jaurlaritzak, eta %1,9ko hazkunde iragarpenari eutsi dio.

Eustatek atzo zabaldutako datu aurreratuak berretsi egin du ekonomiak atzean utzi duela %3ren bueltako hazkunde zikloa, 2015ean hasi eta 2018an amaitutakoa. Edonola ere, Azpiazuk nabarmendu zuen 2018an bertan gertatu zela moteltzearen zatirik handiena. Zehatzago esateko, 2018ko azken hiruhilekoan eta 2019ko lehenengoan. «Orduz gero, hazkundeak erritmo ia egonkorra izan du».

Industriaren suspertzea

Eustaten datuek diote 2018ko hirugarren hiruhilekoan %3ko erritmoan ari zela ekonomia handitzen, baina 2019ko lehenengoan jada %2,2ra jaitsi zen hazkunde tasa. Arrazoi nagusia industria izan zen, bat-batean hazteari utzi baitzion: %3,5etik %0,3ra apaldu zen 2018. urtearen amaieran. Orduz gero, abiada pixka bat hartu du hazkundeak sektore horretan, baina %1etik behera betiere. 2019ko datua martxoaren 6an jakingo da, Eustatek BPGari buruzko datu zabalagoak kaleratzen dituenean.

Industriaren pattalaldiaren arrazoi nagusien artean azken urtean bolo-bolo ibili diren hirurak aipatu zituen Azpiazuk: Donald Trumpek abiatutako merkataritza gerrak, brexit-ak sortutako ziurgabetasunak, eta CO2 isuriei buruzko aldaketek autogintzan agindako zailtasunak.

Hazkundea trabatu duten hiru faktore horiek arintzen ari direla esan dute azken asteetan Europako Batzordeak eta Nazioarteko Diru Funtsak. Agian horregatik industriak bilakaera hobea izan du 2019ko azken hiruhilekoan, Azpiazuk aipatu zuenez. Eustaten beraren datuen arabera, industriaren ekoizpena martxa bizitzen ari da: urte hasieran maila negatiboan zegoen, baina ekainetik aurrera positiboan dago, eta abenduan %2,8ra heldu da.

Zerbitzuek, berriz, bilakaera onari eutsi diote, kontsumoak hauspotuta. «Nazioarteko merkataritzaren gorabeherek ez diote eragin».

Sailburuak beste eremu batzuetakoekin alderatu zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak, oro har urte ona izan zela azpimarratu ahal izateko. Atzeraldia «indartsuagoa izan zen Europan baino, baina galdutakoa berreskuratzen ari gara, eta orain praktikoki puntu bat gehiago hazten ari gara Europa baino». Horrela, Espainia %2 inguru hazi zen, Frantzia eta Erresuma Batua %1,3, eta Alemania %0,6 baizik ez. EAEren parean daude AEBak, %2,3ko hazkundearekin.

Nafarroako datu aurreratua urtarrilaren 31n dira argitaratzekoak. Lurralde horretan ere makaldu egin da hazkundea: %2,5 hirugarren hiruhilekoan.

Enplegua ere, gora

Hazkundeak erritmoa galdu arren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia gai izan da enplegua sortzeko. Eustatek dio %1,6 gehitu direla enpleguak azken urtean, lanaldi osokoen baliokide diren lanpostuetan zenbatuta. Kopuru osoetan, 15.600 enplegu gehiago izan dira.

Aurten ere enpleguak sortuko direla espero du gobernuak, baina azken urteetan baino gutxiago —%1,2—. Langabezia tasa hamarren bat jaistea baizik ez du espero —%9,7tik %9,6ra—, baina iragarpen hori alda dezakeela iradoki zuen Azpiazuk: «Gauzak txukun jarraituz gero, agian %9ren azpitik ere gera daiteke».

BPGa enpleguaren gainetikhazi denez, %0,6 handitu da produktibitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.