Ocalanek dei egin du Turkian eta Sirian elkarrizketa bideei ekitera

PKK-ko buruzagi historikoak abokatuen bisita jaso du espetxean, zortzi urtean aurreneko aldiz. Gose greban ari diren presoei heriotzaraino ez eusteko eskatu die gutun batean

Ocalanen eta YPG Herriaren Babeserako Unitateen banderak, iaz, Sulaimaniyan, Irakeko Kurdistanen. A. ABDULKHALEQ / EFE.
mikel p ansa
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi historikoak elkarrizketaren aldeko ildoa babesten jarraitzen du. Abokatu talde batek publiko egin du Ocalanek bere eskuz idatzitako gutun bat. «Adiskidetze sozial sakon baten beharra handia da bizitzen ari garen prozesu historiko honetan», adierazi du buruzagi kurduak: «Negoziazio demokratikoen metodo baten beharra presazkoa da, gatazkaren kulturatik eta polarizazioetatik urrun». Buruzagi kurdua preso dago 1999tik, Imraliko segurtasun handiko uharte-kartzelan (Turkia). Bakartze ia erabatekoan egin ditu urteak. Familiari ez diote bisitarik egiten utzi 2016ko irailaz geroztik, eta abokatuak ikusi gabe pasatu ditu ia zortzi urte. Gose greban ere hasi dira ehunka preso, bakartze horren aurka. Baina aurten zirrikitu pare bat ireki dizkiote Ocalanen ziegari: urtarrilean anaia bati utzi zioten bisitatzen, eta maiatzaren 2an bi abokatu elkartu ziren presoarekin. Bisita horretan emandako gutuna egin zuten publiko abokatuek, atzo, Istanbulgo hotel batean egindako prentsaurrekoan.

Turkian zein Sirian biolentzia mota oro baztertu eta irtenbide negoziatu eta adostuak bilatzearen alde egin du PKK-ko buruzagiak gutun horretan. Siriaren kasuan, hitzez hitz aipatu du «Siriaren batasunaren eta konstituzioaren barruan» egon litekeen eta «Turkiaren kezkak ere barnebilduko» dituen konponbide bat aurkitzea posible ikusten duela, demokrazian sakonduz. «Guretzat, bake duina eta konponbide politiko eta demokratikoa funtsezkoak dira». 2013ko Newrozko adierazpenaren eta orduan hasitako bake elkarrizketen ildoan segitzen du Ocalanek, beraz.

Gose greban ari diren presoei ere zuzendu zaie gutunean. Eskerrak eman dizkie babesa agertzen ari diren guztiei, baina adierazi du ez duela nahi gose grebalariek beren osasunaren kaltetan edo heriotzara eraman ditzaketen urratsik egitea. Ez die eskatu gose greba uzteko, baina bai protesta heriotzaraino ez eramateko.

Leyla Gulen preso kurduak 2018ko azaroaren 8an hasi zuen gose greba mugagabe bat —180. eguna beteko du gaur—. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatua da, eta aldarrikapen bakar batekin ekin zion grebari: Turkiak Ocalani ezarritako bakartze egoera amaitzea. Guleni jarraituz, ehunka presok ekin diote gose grebari, eta, gaur arte, gutxienez zazpi preso hil dira protesta horrretan.

810 helegite jarri eta gero

Ocalanek ia zortzi urte egin ditu abokatuekin bildu gabe, 2011ko uztailaren 27tik. Urteotan 810 helegite jarri dituzte, bisita egin ahal izateko. Azkenean, Bursako Auzitegi Gorenak horietako bati arrazoia eman zion, eta maiatzaren 2an lau abokatu joan ziren Imralira, Ocalan preso daukaten uharte-kartzelara. Bi abokaturi soilik utzi zieten sartzen. Beste hiru preso —Veysi Aktas, Hamili Yildirim eta Omer Hayri Konar— ikusten uzteko ere eskatua zuten abokatuek, baina ez zieten utzi haiekin biltzen. Bi abokatuek eta Ocalanek ezin izan zuten idatzirik trukatu bisitan —ordubeteko bisita egin zuten—; abokatuek asteburua pasatu arte itxaron behar izan dute, atzo jaso zuten gutuna, eta arratsean aurkeztu zuten. Ocalanek eta beste hiru preso horiek izenpetu dute idatzia.

Abokatuek jakinarazi dute bakartze handian daudela Imraliko preso kurduak. Ocalanek 2016ko irailaren 11tik ezin izan du senideen bisitarik ere jaso, adibidez. Aurten eten dute debeku hori; anaia batek bisitatu ahal izan zuen urtarrilaren 12an. Presoaren eskubide guztiak indarrean jartzeko eskatu dute abokatuek eta HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak. «Ocalanen aurkako bakartzea bukatzeak Turkiaren normalizatzen eta elkarrizketa demokratikoa berrabiatzen lagunduko luke, bake prozesuari berriro esperantzaz ekiteko», adierazi du HDPk sare sozialetan.

Ocalanek hogei urte daramatza preso. Marmara itsasoko uharte horretako preso bakarra izan zen, duela hamar bat urte preso gehiago bertara eraman zituzten arte. Ocalan kurduen sinboloa zen ordurako, konfederalismo demokratikoaren aita, bakearen artisaua... 2013ko Newroz egunean armak isilarazteko deia egin zuen, baina urte hartatik izandako elkarrizketa saio guztiak hutsalak izan dira. Turkiako Gobernuak 2015ean eten zituen negoziazioak, eta ordutik kurduen kontrako jazarpena itzela da. Joan den asteburuan ere gatazka armatuak izan dira Irak, Iran eta Turkia arteko mugan. Informazio argirik ez da zabaldu, baina Turkiako iturrien arabera PKK-ko hogei bat kide, eta iturri kurduen arabera hiruzpalau soldadu turkiar hil dira aurrez aurrekoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.