ELAren arabera, 2008tik %41,4 pertsona gehiago daude pobrezia arriskuan EAEn

Jaurlaritzaren ikerketa bat oinarri hartuta, ELAk berretsi du pobrezia handitu egin dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Txostena «nahasgarria» dela salatu du sindikatuak

Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pobrezia eta ezberdintasun sozialak handitu egin dira azken hamarkadan. Hala ondorioztatu du ELAk, Eusko Jaurlaritzak iazko abuztuan argitaratutako Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunen inkesta oinarri harturik. Azterlana bi urtean behin egiten da, eta 2008an egin zen estreinakoz; hortaz, bi parametrotan alderatu ditu emaitzak sindikatuak: hamar urteren buruan izandako bilakaera, eta aurreko inkestarekin (2016koa) dagoen aldea.

Janire Landaluze ELAko ikerketa bulegoko arduradunak salatu du Jaurlaritzak txostena era «nahasian» plazaratu duela, «edukiaren irakurgarritasuna zailtzeko eta pobreziaren errealitate gordina ezkutatzeko». Txostenaren %95 datu eta estatistika soilak direla azaldu du, eta azken lau orrietan «soilik» erreparatzen diotela pobreziaren ondorioei, zein berau sortzen duten faktore eta arrazoiei. «Formari dagokionez, erabat zuritua dago galdeketa; kontzienteki hartutako erabaki bat da».

Jaurlaritzaren datuak eskuetan hartuta, zenbait ondorio plazaratu zituen atzo sindikatuak, Bilboko egoitzan egindako agerraldian. «Pobreziaren arriskua, ongizaterik eza, pobrezia larria eta Sen indizea hazi egin dira», zehaztu zuen Landaluzek. Kasurako, pobrezia arriskuan dauden etxeetan bizi direnen kopurua %41,4 hazi da hamar urtean, eta ondorioz, 2018an 172.307 herritarrek ez zuten oinarrizko beharrizanei erantzuteko diru sarrera nahikorik. Hala, sindikatuak emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %6,1 pobrezia larrian zeuden 2018an; 2016tik %6,9 igo zen kopurua.

Beste ondorio baten berri ere eman du Landaluzek: «Geroz eta handiagoa da ohiko beharrizan eta gastuei aurre egiteko zailtasunak dituztenen kopurua». Horren adierazle dira zenbakiak: 2008tik 2018ra bitarte bikoiztu egin da oinarrizko gastuei aurre egin ezin dieten etxeetan bizi diren herritarren kopurua: 66.241 ziren 2008an, eta 121.659 2018an.

Egoeraren azterketan sakonduz, gizarteko lau azpitaldetan du eragin gehien pobreziak, ELAko kideen aburuz: seme alabak dituzten familiak, lan egonkorrik ez duten 45 urtetik gorako pertsonak bizi diren etxeak, atzerritarrak, eta «langile pobreak». Azken multzo horretan biltzen dituzte lan baldintza prekarioak dituzten beharginak.

Laguntza sistemari kritika

Errealitatea aztertu ondotik, pobreziaren aferari ematen zaion aterabideari erreparatu diote sindikatuko kideek; eta Jaurlaritzaren diru laguntza sistema kritikatu dute: «Sistema eskasa da; herritarren benetako beharrizanei ez erantzuteaz gain, laguntzak eskuratzeko baldintzak murriztaileak dira», adierazi du Landaluzek. Inkestan jasotakoaren arabera, 197.185 pertsona daude pobrezia arriskuan, eta horietatik %33,6 diru laguntzak jasotzetik kanpo geratzen dira. Are, laguntzen etengabeko erreformak «hartzaileak kriminalizatzeko» bide direla dio sindikatuak.

Egoeraren erantzulea galdetegiaren egilea da, ELArentzat. Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak salatu du Jaurlaritzak datuak «ezkutatu» dituela orain arte, eta «errealitateari bizkar» ematen ahalegindu dela. «Lotsagarria da; gobernua oso urrun dago errealitatetik». Idazkariaren esanetan, adierazgarria da enpleguak ongizatea ez bermatzea:«Gaur egun lana izateak ez du esan nahi pobreziatik irtengo zarenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.