Albistea entzun

Demokratek arnasa gehiago nahi dute

Senaturako hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute gaur AEBetako Georgia estatuan. Demokratek irabaziz gero, bi aulkiren aldea izango lukete, eta maniobratzeko tarte handiagoa
Raphael Warnock hautagai demokrata, iragan ostiralean egindako mitin batean, Savannah hirian (AEB). Botoen %49,48 bildu zituen lehen itzulian.
Raphael Warnock hautagai demokrata, iragan ostiralean egindako mitin batean, Savannah hirian (AEB). Botoen %49,48 bildu zituen lehen itzulian. JIM LO SCALZO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urrutikoetxea -

2022ko abenduak 6 - Washington

Agintaldi erdiko hauteskundeetatik hilabete joan bada ere, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Senatuko ehungarren aulkia ebatzi gabe dago oraindik. Georgian hautagai batek ere ez zituenez botoen erdiak bildu joan den azaroaren 8an, bigarren itzulia egin beharko dute gaur; Raphael Warnock egungo senatari demokrataren eta Donald Trumpek babestutako Herschel Walker hautagai errepublikanoaren artean.

AEBetako goi ganberan 50 senatari daude demokraten taldean —bi independenteak dira—, eta 49 errepublikanoenean. Georgiako bozetan argituko da Joe Biden herrialdeko presidenteak agintaldiko azken bi urteetan 51-49ko gehiengoa izango duen, ala 50na berdinduko duten bi alderdiek. Azken hori balitz, azken bi urteotako osaketa bera izango luke Senatuak, eta Kamala Harris presidenteordearen botoak hautsiko lituzke berdinketak. Baina Ordezkarien Ganbera dagoeneko oposizioaren esku egongo denez, 2024ko presidentetzara bozetarainoko bidea erabat konplikatuko litzateke Etxe Zuriko maizterrarentzat.

Georgiako bigarren itzuliak daukan garrantziaren eta sortu duen ikusminaren erakusle da aurretiaz botoa eman dutenen kopurua handitu izana. Milioi bat lagunek baino gehiagok bozkatu zuten joan den ostiralerako, oro har kanpainatik kanpo utzi badituzte ere AEBetako politikaririk ezagunenak. Salbuespena Barack Obama presidente ohia izan da, zalantzarik gabe demokraten artean tiradizorik handiena daukan ordezkaria izanik. Bidenek, berriz, lehia estuen zegoen estatuetatik aparte egotea erabaki zuen azaroko bozetan, eta berdin egin du Georgiako bigarren itzulian.

Are nabarmenagoa izan da errepublikanoen artean Trumpen hutsunea, estatuburu ohia izan baita Walckerren babesle nagusia, berak bultzaturiko hautagai izateraino. Azaroan, baina, agerian geratu zen Trumpek erakarri baino gehiago uxatu egiten dituela boto emaileak. Georgiaren kasuan, gobernadorea eta senataria hautatzeko bozketen artean egondako aldea begi bistakoa da: Trumpen aurka egin izan du Brian Kemp gobernadore errepublikanoak, eta haren alde bozkatu zutenetatik 200.000 ez zuten gauza bera egin Senatuko hautagaiaren kasuan. Hala, Walkerrek Warnockek baino boto gutxiago lortu zituen: hautagai demokrata botoen %49,48rekin geratu zelako egingo dute gaur bigarren itzulia. Duela bi urte gertatutakoaren antzeko egoera da: orduan, Biden nagusitu zen tradizionalki errepublikanoa izan den estatuan, eta, XXI. mendean lehen aldiz, senatari demokrata hautatu zuten, baina orduan ere bigarren itzulia behar izan zuten.

Parte hartzea

Inkestetan Warnock demokrata aurretik ageri da; oso alde txikiarekin betiere, bizpahiru puntu baino ez. Parte hartzeak sekulako garrantzia izan berri du agintaldi erdiko hauteskundeetan, lehiarik handiena zegoen estatuetan batez ere. Georgiako bigarren itzulian egon den aurretiazko boto kopurua ikusita, orain ere berdin gertatuko da, ziur aski.

Iragan hilabetean, emakumeen parte hartzea erabakigarria izan zen. Izan ere, uda hasieran Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala bertan behera utzi izanak aspaldi ez bezalako mugimendua sortu du, eta are garrantzi handiagoa hartu du Senatuak oinarrizko eskubideak legez kodetzeko orduan. Errepublikanoentzat iragarri zen garaipen handia zapuztu duen gakoetako bat mobilizazio feminista izan da.

Bestea, Trumpek erabakitako hautagai askoren maila eskasa eta gai askotan zeukaten muturreko jarrera. Georgian, bi elementu horien adibide da Herschel Walker futbol amerikarreko jokalari ohi eta hautagai errepublikanoa. Haren bi bikote ohik salatu dute haurdun geratu ostean haurdunaldiak eteteko ordaindu ziela Walkerrek; hautagai errepublikanoak abortua erabat debekatzearen aldeko adierazpenak egin zituen behin baino gehiagotan. Gerora, beste emakume batzuen lekukotzak izan dira, hautagai errepublikanoaren jarrera gezurti eta biolentoaren berri emateko.

Demokraten eskuindarrak

Senatuaren kontrolak garrantzi handia du, besteak beste, abortu eskubidea babesteko orduan. Bidenen agintaldiko lehen bi urteetan demokratek ez dute lortu nahi zituzten neurri guztiak aurrera ateratzea, presidenteordeak berdinketak hautsi arren beti ez dutelako jaso taldeko senatari guztien botoa. Filibusterismoak eta demokraten arteko eskuindarrenen jarrerak —Joe Manchin Virginia Mendebaldeko senatariarena batez ere— ezinezko egin dute Bidenen agendan zeuden neurri progresistetako batzuk onartzea.

Gorenaren ebazpena jakinarazi zenetik, demokratek behin eta berriz esan dute bozak irabazi eta Senatuko gehiengoa behar zutela abortu eskubidea kodetzeko. Orain, Lame Duck edo hauteskundeen eta ganbera berriak eratzearen arteko tartea baliatu dute zenbait neurri aurrera ateratzeko, sexu bereko bikoteen ezkontza konstituzioan kodetzeko, kasurako. Izan ere, pentsaezina zirudiena gertatu ostean, alegia, 50 urtez onartutako eskubide bat atzera botatzea, agerian geratu da herritarren ordezkariek berariaz arautu eta babestu beharreko eskubideak daudela jokoan.

Demokratek 51. senataria lortzen badute gaur, ardura berezia ere ekarriko die agindutakoa betetzeko: errepublikanoek baino bi senatari gehiago izango dituzte horretarako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zelenski eta Von der Leyen, iazko apirilean, Kieven ©EFE

Ukrainak bi urteko epean sartu nahi du EBn

Igor Susaeta

Erdoganek adierazi duenez, Suediarekin eta Finlandiarekin batera negoziatu beharrean, bakarka negoziatuko du bi herrialde horiek NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeari buruz.

Poliziaren indarkeriaren kontrako manifestazio bat, atzo, Atlantan, Georgia estatuko hiriburuan. ©ERIK S. LESSER / EFE

Poliziak Nicholsi eman zion jipoiak protestak piztu ditu AEBetan

Gorka Berasategi Otamendi

Ostiralean publiko egin zituzten bost poliziak gazte afro-amerikarrari eman zioten jipoiaren irudiak. Grabazioetan ikusten denez, bortizki jo zuten, baita aurre egiteko aukerarik ez zuenean ere

Joan den urtarrilaren 26an Boluarteren aurka Liman egindako manifestazio bat. ©EFE

Bozak aurten egiteko, Boluartek konstituzioa erreformatzea planteatuko du

Igor Susaeta

Kongresuak hauteskundeak aurten egitea onartzen ez badu, presidentearen lege proiektuetako baten helburua da urriko bigarren iganderako deitzea.

 ©EMILIA GUTIERREZ / LV

«Ezohiko egoera bat sortu dugu: epaileek iritzia ematen dute guztiaren inguruan»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Espainiako botere judizialak joera erreakzionarioa hartu duela uste du Pedro Vallinek, eta hori ez dela kasualitatea. Azaldu du Espainiako Estatuak bere iraupena arriskuan ikusten badu demokrazia «etsaitzat» eta «mehatxutzat» har dezakeela.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...