Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PSE-EEren programa

«Euskadi eraldatzeko» neurriak

Hauteskunde programako ehun neurri aurkeztu ditu PSEk; horien artean, Euskal Eskola Publikoaren Lege bat osatzea. EAE «nazionalitate/nazio» gisa definitzeko beharra jaso du

Gloria Sanchez, Idoia Mendia, Eneko Andueza eta Alfredo Retortillo izan ziren atzo PSE-EEren hauteskunde programaren aurkezpenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Hilabete falta da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko, eta boz horietarako programa aurkeztu du PSE-EEk. Agiria hamazazpi helburutan bereizi du, eta ehun neurri jaso ditu. Asmoa da «Euskadi eraldatzea, hura modernizatzeko eta XXI. mendean kokatzeko, XIX. mendera itzularazi nahi dutenen aldean», Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan. Ehun neurriak atzo aurkeztu zituen Mendiak, Gloria Sanchez eta Eneko Andueza Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak alboan zituela, Bilbon. Horiekin batera egon zen Alfredo Retortillo alderdiko Azterketa eta Programa idazkaria ere. Mendiak azaldu zuenez, Nazio Batuen Erakundeak garapen iraunkorrerako ezarritako hamazazpi helburuak ditu oinarri PSEren programak.

Oro har, gizarte zerbitzuen aldeko neurri sorta bat jaso dute sozialistek, dokumentuan adierazi dutenez. Testuinguru horretan, egin beharrekoen artean jarri dituzte txirotasuna desagerraraztea, desberdintasunak murriztea, genero berdintasunaren aldeko politikak gauzatzea, lan duina lortzea, energia ez-kutsagarria sortzea eta hezkuntza «inklusiboa, berdinzalea eta kalitatezkoa» bermatzea, herritar guztientzako «ikasketa aukerak sustatzearekin» batera.

Ildo horretan, Euskal Eskola Publikoaren Lege bat taxutzea proposatu du PSE-EEk, «datozen hamarraldietako euskal hezkuntza modu egonkorrean egituratzeko». Lege horrek euskal hezkuntzaren «izaera laikoa» aitortu behar du, curriculumetik kanpo utzita erlijioen irakaskuntza, eta eskola publikoa «euskal hezkuntza sistemaren erdigunean» kokatu behar du. «Finantzaketa berrikusteko» eta ikastetxeen «autonomia hobetzeko» beharra ere nabarmendu dute neurrien artean.

Genero berdintasunari buruzko planteamenduak, berriz, bosgarren helburuan jaso dituzte; horien artean dago Babes Integralerako Neurrien Lege bat garatzea, «indarkeria matxistaren adierazpide ororen aurkako borrokari modu zehatz eta osoan heltzeko». Hori horrela, indarkeria matxistaren biktimen arreta eta babesa izango dira Ertzaintzaren jardueraren «lehentasunezko ardatzetako bat». Horrez gain, «inposatutako zaintza partekatuaren» aurka egitea hitzeman dute sozialistek, «bereziki indarkeria matxista dagoen kasuetan, adingabearen eskubideak bermatzeko eta hura babesgabe ez geratzeko».

Hizkuntz normalizazioari dagokionez, politika berri bati «bultzada» emateko konpromisoa hartu du PSE-EEk; «Garai berrietara irekia, dinamikoa, modernoa eta, batez ere, eraginkorra». Halere, zehaztu du ez dutela «euskalduntze espansibo baten alde» egiten, euskararen «irudi atsegin, dinamiko, erakargarri eta integratzailea» sustatzearen alde baizik. Gaztelania hutsean zabaldu du programa.

Horretarako, hainbat sektoretan hartu beharreko neurri zehatzak bildu dituzte. Adibidez, euskaltegi publikoen matrikula doakoa izatea nahi dute C1 mailara arte, «behin ziurtagiria jasota, kontuan hartuta hizkuntz eskakizun hori hazi dela administrazio publikoko zenbait lanpostutan eta lan esparru pribatuan». Haatik, administrazioaren arloan, 45 urtetik gorakoei hizkuntza eskakizunik ez egitea nahi dute. Kultur esparruan, berriz, «diru publikoz lagundutako euskarazko ikuskizunetara» joateko «kultur bonuak» sustatuko dituzte, eta euskarazko publizitatea bultzatuko.

«Progresisten topaleku»

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoari dagokionez, PSE-EE ez da askorik sartu xehetasunetan, eta gai horretan Eusko Legebiltzarrean aurreko legealdian aurkeztutako proposamenei egin die erreferentzia. Besteak beste, uste du Gernikako Estatutuaren erreformak aitortu behar duela «euskal gizartean existitzen diren nortasunen eta sentimenduen aniztasuna» eta bere «identifikazioa nazionalitate/nazio gisa». «Beti egingo dugu akordioen alde, beste alderdi batzuei berdin bazaie ere hori guztia arriskuan jartzea, uste dutelako euskal errepublika batekin edo kontsulta batekin gaitz guztiak amaituko direla», azaldu zuen Mendiak. Kritika egin zien «nazionalismoari nazionalismo gehiagorekin» erantzun nahi diotenei, «Euskadi lubakietara eramanda», eta, horregatik, PSE-EE aurkeztu zuen «progresisten topaleku» gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.