Koronabirusa munduan

Txertoaren nazioarteko funtserako 7.400 milioi euro bildu ditu Bruselak

EBk nazioarteko elkarlana defendatu du COVID-19aren kontrako txerto «eskuragarri» bat banatu ahal izateko herrialde guztietan. AEBek ez dute parte hartu, eta Txinak ez du ekarpenik iragarri

Zientzialari talde bat koronabirusaren kontrako txerto bat garatzeko ikerketa lanetan. SEBASTIAO MOREIRA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiari aurre egiteko nazioarteko elkarlana ezinbestekoa dela iritzita, hainbat herrialdek ehunka milioitako ekarpenak egin zizkioten atzo Erantzun Globalerako diru funtsari, mundu mailako goi bilera birtual baten bidez. Guztira, 7.400 milioi euro bildu zituzten.

EB Europako Batasunak antolatu zuen bilkura, OME Osasunaren Mundu Erakundearen deiari erantzunez, elkarte horren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen babesarekin. Era horretan, EBk urrats bat eman zuen nazioarteko elkarlanaren alde iniziatiba hartzeko; bien bitartean, Txinak eta AEBek elkarri akusazioak egiten jarraitzen dute koronabirusaren krisiaren jatorriari eta kudeaketari buruz.

Oraingoz, bi herrialde horiek ez diote baiezkorik eman OMEk eskatutako ahalegin bateratuari. AEBak ez ziren bilkuran izan, eta Txinak parte hartze apala izan zuen, Bruselan duen enbaxadorearen bidez. Pekinek ez zuen diru ekarpenik zehaztu.

EBren bilketarekin bat egin zuten Alemaniak, Frantziak, Italiak, Espainiak, Norvegiak, Erresuma Batuak, Kanadak eta Saudi Arabiak, besteak beste. Europako Batzordeak 1.400 milioi bideratu zituen, 760 milioi eman zituen Japoniak, 525 milioi Alemaniak, 500 milioi Frantziak, 440 milioi Erresuma Batuak, 150 milioi Italiak, 125 milioi Espainiak, 60 milioi Israelek eta 91 milioi Bill Gates eta Melinda Gates multimilionarioen fundazioak.

Diru bilketa hasierako helburua lortzetik gertu izan zen: 7.500 milioi euro biltzea du helburu, COVID-19aren kontrako tratamendu eta txerto «segurua, kalitatezkoa, eraginkorra eta eskuragarria» lortu ahal izateko.Azken ezaugarri horren garrantzia nabarmendu zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. «Txerto bat egin behar dugu munduko txoko guztietara eramateko, eta salneurri eskuragarrian eskaini behar dugu». Afrikako herrialdeen egoerari bereziki erreparatu behar zaiola gaineratu zuen.

Diru bilketaren aldeko eskutitz bat sinatu eta zabaldu zuten joan den asteburuan Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak, Erna Solberg Norvegiako lehen ministroak eta Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak kanpainaren helburuak azaltzeko. Idatzian jaso zutenez, «bilduko den funtsak sekula izan gabeko elkarlan globala bultzatuko du zientzialarien, industriaren, gobernuen, nazioarteko erakundeen, fundazioen eta osasun profesionalen artean». Elkarlan horren bidez txerto bat lortzea mugarria litzatekeela nabarmendu zuten. «XXI. mendeko ondare publiko paregabea izango litzateke».

Europako Batzordeak aurreratu du «hasierako beharrak» asetzeko balioko duela kopuru horrek, baina gehiago beharko dela helburu nagusia lortzeko.

Egun, COVID-19aren kontrako ehun txerto proiektu inguru ari dira garatzen munduan. Horietatik gutxienez bost gizakietan probatzen ari dira AEBetan, Txinan, Erresuma Batuan eta Alemanian.

«Urte amaierarako»

Donald Trump AEBetako presidenteak igande goizaldean adierazi zuen AEBek COVID-19aren kontrako txertoa «urte amaierarako» prest izango dutela. Orain arteko aurreikuspenak baino baikorrago mintzatu zen Trump. Izan ere, Etxe Zuriak adierazia zuenez, AEBek 2021eko urtarrilerako izango dute koronabirusaren aurkako txertoa, azkar jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.