Simsek idazle kurduak jasotako sariak ikertzeko eskatu du Turkiak

Urriaren 5ean egingo dute Meral Simseken aurkako hurrengo saioa. Simsek ez da Turkian epaitzen ari diren idazle bakarra:. Roza Metina kazetariari ere «terrorismoa» leporatu diote

Meral Simsek idazle kurdua kalean dago oraingoz, baina astean hirutan joan behar du polizia etxera. ORSOLA CASAGRANDE.
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun

Meral Simsek idazle kurduaren aurkako epaiketaren auzi saioa Malatya hirian egin zuten atzo, eta hurrengo saiorako beste data bat erabakita amaitu zuten. Epaileak erabaki zuen urriaren 5ean jarraituko dutela prozesua, fiskaltzak denbora izan dezan kurdueratik turkierara itzultzeko Simseki emandako literatura sarien azalpenak. Idazle kurduari PKK Kurdistango Langileen Alderdiko kide izatea egozten diote, eta Turkiak haren aurkako froga gisa aurkeztu ditu haren literatur lanak. Simsek atxilotuta egona da lehendik ere, Turkiatik baimenik gabe irteten saiatzeagatik, baina gaur egun kalean da, eta astean hirutan joan behar du polizia etxera sinatzera. Epaileak atzo agindu zuen atzerrira irteteko debekua luzatzeko eta astean hirutan polizia etxera joaten jarraitzeko.

BERRIAk Meral Simseken abokatu Anil Hamamcirekin hitz egin zuen auzi saioaren ondoren, eta honela azaldu zion hark: «Idazle kurduen ahots ausarta ari dira epaitzen. Meral Simsek poeta eta idazlea auzipetu dute legez kanpoko erakunde bateko kide izateaz akusatuta, haren poema eta liburu hunkigarri eta errealistengatik». Abokatuaren esanetan, fiskaltzaren akusazio guztia literatur lanetan argitaratutako idatzietan oinarritzen da. «Fiskala ahaleginak egiten ari da poema eta pertsonaia horietan propaganda terrorista deritzoten hori aurkitzeko. Pentsa, idazleak jaso dituen literatur sariak ere ikertzen ari dira».

Irakurri gehiago.Meral Simsek Dogan, idazle kurdua: «Hil eta itsasora botako gintuztela pentsatu nuen»

Simseken aurkako prozedura 2021eko urtarrilean hasi zuten. Malatyako Bigarren Auzitegi Nagusiak «erakunde terrorista bateko kide» izateaz akusatu zuen formalki Simsek, Turkiako Zigor Kodearen 314/2 artikuluan oinarrituta, baita «propaganda terrorista» egiteaz ere 7/2 artikuluko 3713 Terrorismoaren Aurkako Legearen arabera.

Ipuin liburua

Sumarioari gehitu zaio idazleak duela gutxi idatzitako ipuin bat, Kurdistan +100 izeneko antologian jasotzen dena eta Erresuma Batuko Comma Press argitaletxeak laster argitaratuko duena. Ipuinak Arzela du izena, eta fikzio distopiko bat da. Liburuak gaur egungo hainbat idazleren dozena bat ipuin biltzen ditu, eta horietan irudikatzen dute zer-nolakoa izango den 2046ko Kurdistan, hau da, 1946ko urtarrilaren 22an Irango Kurdistanen aldarrikatu zen Kurdistango Errepublika edo Mahabadeko Errepublikatik mende batera. Errepublikak gutxi iraun zuen, urte bereko abenduan Irango aginteak desegin egin baitzuen.

Antologian jasotzen den beste ipuinetako bat da HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko presidente izandako Selahattin Demirtasek idatzitako bat. Demirtas espetxean dago 2016tik, nahiz eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak bi alditan ebatzi hura berehala aske uzteko.

«Idazle batek ez luke kezkatu behar bere idazteko eraz. Argi dago adierazpen askatasuna amets bat besterik ez dela, idazle baten kezka nagusia idazten duenagatik espetxean ez amaitzea baldin bada», dio Hamamci abokatuak.

Turkiako Giza Eskubideetarako Fundazioak (TIHV), herenegun, argitara eman zuen martxoaren 1etik abuztuaren 31ra salatutako giza eskubideen urraketei buruzko txosten bat. Sei hilabete haietan, debekatu egin zituzten manifestazioak hemeretzi probintziatan. Poliziak indarkeriaz esku hartu zuen 124 manifestaziotan, tartean LGTBIQ kolektiboaren eskubideen aldeko 23tan, sindikatuek deitutako 21etan eta ekologistek antolatutako 11tan. Epealdi berean, giza eskubideen aldeko 1.098 ekintzaile atxilotu zituzten, tartean LGTBIQ eskubideen aldeko 119 aktibista eta hamalau ekologista. 388 pertsona joan dira auzitegietara deklaratzera aztertutako sei hilabeteetan, horien artean hogei abokatu.

Meral Simsek ez da oraintxe epaitzen ari diren idazle bakarra. Irailaren 14an, Roza Metina idazle eta kazetariak epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen, «erakunde terrorista bateko kide» izateaz akusatuta. Simseken aurka aurkeztutako akusazio bera. Yavuz Ekinci idazlearen aurka zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dute, sare sozialetan argitaratutako mezuengatik. Irailaren 9an egin zuten epaiketako lehen auzi saioa. Ekinciri «propaganda terrorista egitea» leporatzen diote bere Twitterreko kontuan 2013 eta 2014 artean idatzitako zortzi txiorengatik. Txioetako bakar batek ere ez du indarkeria sustatzen; gehienak Diyarbakirko Newroz edo Urteberri kurduaren ospakizunekin lotutako mezuak eta Kobaneko borrokekin (Siriako Kurdistan) zerikusia duten idatziak dira. Sare sozialetan bultzatutako errepresio etengabe baten ondoren heldu da akusazioa. Ekinci ez da izan sare horretan eroritako bakarra: beste hainbat lagun ere auzipetu dituzte azken urteetan idatzitako txioengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.