Arabadendak-eko negozioen «ia erdiek» ez dute prest Ticket Bai

Fakturazio sistema derrigorrezkoa da guztientzat gaurtik Araban. Aldundiak gogorarazi du «arrazoi teknikoak» egiaztatzen dituztenek aldi baterako salbuespena eska dezaketela

Bezero bat Gasteizko taberna batean, zerbitzaria eta kutxa erregistratzailea parez pare dituela, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gaurtik aurrera, Arabako negozio eta jarduera ekonomiko guztiak derrigortuta daude Ticket Bai sistema berriaren bidez fakturatzera. Arabako aldundiko iturrien arabera, 18.000 negoziok eta autonomok egokitu beharko dute faktura elektronikoaren sistema, eta, orain arte modu mailakatuan ezarri bada ere, gehienentzat gaur sartuko da indarrean. Horien artean daude, besteak beste, merkatariak, ostalariak eta zerbitzu sektoretako negozioak, eta, ohartarazi dutenez, horietako askok ez dute sistema egokituta oraindik.

Zerga aholkularitzarako enpresak, farmaziak eta osasun zein garbiketa produktuen dendak izan ziren Ticket Bai sistema erabiltzen lehenak Araban, eta gainerako guztiak batuko zaizkie orain. Bi hilabeteko atzerapenarekin egingo dute; izan ere, hasieran urrian ziren fakturazio digitala erabiltzen hastekoak. Epea luzatzeko eskaera ugari jaso zituen aldundiak, ordea, eta erabaki zuen abendura arte atzeratzea.

Baina bi hilabeteren ondoren ere askok ez dute lortu sistema egokitzea. Eta Arabadendak merkatari, ostalari eta zerbitzu sektoreetako enpresen federazioaren egoerak erakuts dezake zein den egoera. Emi Sanchez Arabandendak-eko kudeatzaileak ohartarazi duenez, federazioko kide diren «ia erdiek» ez zuten prest sistema berria orain hamabost egun. Elkarteak hamabi sektoretako 861 bazkide ditu, eta, oro har, lurraldeko negozioen %10 inguru ordezkatzen ditu.

«Azken ordurako utzi dute askok, ez zutelako sinisten azken data abenduaren 1a izango zenik. Eta gain hartu die egoerak, iritziak iritzi, sistema martxan jarriko baita. Beraz, asko dira sistema oraindik egokitu ez dutenak», adierazi du Sanchezek. Hain justu, federazioa izan zen data atzeratzeko eskatu zutenetako bat. Izan ere, pandemiarik larriena igaro zen, baina negozio asko oraindik egoera zailean ziren, eta ez zuten gaitasunik, ez dirurik sistema martxan jartzeko; negozioei eskatzen zaie inbertsio bat egiteko, ordenagailu bat eta programa informatiko bat jartzeko.

«Botila lepoa»

Harrapaka ekin zioten denek, hala ere, epe barruan sistema egokituta edota gutxienez tramiteak hasita izan zezaten. Baina hainbestekoa izan da eskaera azken asteetan, ezen «botila lepoa» sortu duela merkatuan. «Hornitzaile asko ezin iritsi ari dira, eta negozio askori esan diete ez dutela behar adina denbora izango denei erantzuteko», adierazi du Sanchezek.

Hala jakinarazi zioten aurreko astean federazioko kideek aldundiari ere. Sanchezen esanetan, diputazioak badaki zer egoeratan dauden negozio asko, eta kontuan hartuko du. «Esan ziguten malgutasunez ariko direla lehen asteetan, eta ohartarazpenak baino ez dizkiela egingo sistema derrigorrean martxan jarri behar dutenei». Hitzez baino ez zuten jaso konpromiso hori, dena den.

Arabako Ogasunak orain bi aste gogorarazi zuen, baina, Ticket Bai ezartzetik aldi batez salbuesteko aukera jasotzen duela legeak. Negozioek nahiz autonomoek «arrazoi teknikoak» argudiatu beharko dituzte horretarako, eta tramiteak hasi dituztela egiaztatu. Eskaera bat aurkeztu beharko dute, beharrezko agiriekin, eta eskaera hori onartuz gero, gehienez sei hilabetean sistema erabiltzeko betebeharretik salbuetsita izateko aukera izango dute. Ez da salbuespen bakarra: otsailean onartu zuen 60 urtetik gorako profesionalei eta erretiroa hurbil dutenei ez derrigortzea.

Sanchezek adierazi du, ordea, ez direla «asko» salbuespen eskaera aurkeztu dutenak. «Esango nuke askok ez dutela salbuespen eskaera eskatu administratiboki lan gehigarri bat eskatzendielako, eta jakin badakitelako hasieran ez dietela isunik jarriko», nabarmendu du. Hala ere, ohartarazi du isunak iritsiko direla, «lehenago edo beranduago», eta fakturazio sistema «ahalik eta azkarren» martxan jartzeko aholkatu diete federazioko kideei, «nahiz eta sistemarekin ados ez egon».

Izan ere, Sanchezek gogorarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioak biltzen dituen Euskaldendak elkarteak salatu duela foru ogasunek ez dutela Ticket Bai ezartzeko «eskumenik». Ondorio hori jasotzen duen txosten juridiko bat aurkeztu zuten aurreko astean Eusko Legebiltzarrean, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordean egin zuten agerraldian. Eta eskatu zuten sistema behin-behinean eteteko.

Garairik «okerrena»

«Ziur gaude zerga iruzurra ez dagoela tokiko merkataritzan. Ezin da fokua gure gain jarri, are gutxiago bizi duen egoera honetan», gaitzetsi du Sanchezek. Eta azpimarratu du ez dela fakturazio sistema berria martxan jartzeko garairik aproposena: «Garai bat aukeratu beharko balute, ezin zuten okerragorik aukeratu».

Salatu du, halaber, aldundiak orain arte eman dituen diru laguntzak ez direla nahikoak; besteak beste, ez dutelako egindako inbertsioa osorik estaltzen. Diputazioak 200.000 euroko diru poltsa bat jarri zuen laguntza eskatzen zutenen eskura, eta gaur amaituko da diru hori eskatzeko epea. Halere, gehiago izango direla uste du Sanchezek, baina horiek eskuratzeko «erraztasunak» eskatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.