Hitzaren aldekoen memoria

Urrian, ehun urte beteko dira lehen PEN kluba sortu zenetik, eta, mendeurrena ospatzeko, erakundeak liburu bat kaleratu du. Euskal PEN klubak euskarara itzuli du lana

Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua, Laura Mintegi eta Urtzi Urrutikoetxea PEN klubeko kideekin. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
«PEN Internationalen historia da munduan izan diren urraketen historia. PENen historia kontatzea da kontatzea zer-nolako erasoak izan dituen adierazpen askatasunak ehun urtean. Haren historiaz hitz egitea da azken ehun urteetan hizkuntza gutxituen alde egin den esfortzuaz hitz egitea. Eta PENen historiaz hitz egitea da emakumeek idatzitako literatura ikusgarri agertzeko egin den eta egiten den borrokari buruz hitz egitea». Laura Mintegi idazle eta Euskal PEN klubeko lehendakariak kontakizun horrekin laburbildu du PEN International elkartearen mende beteko ibilbidea. Urriaren 5ean beteko dira ehun urte, zehazki, Londresen lehen PEN kluba sortu zutenetik, eta aitzakia horrekin kaleratu dute erakundearen ordutik aurrerako historia eta erronkak biltzen dituen 500 irudi eta 320 orriko formatu handiko liburua. Orriz orri, ziztuan doaz zentsura salaketak, elkartasun mezuak, urkatutako idazleak, presio ekintzak, murriztea lortutako zigorrak, hizkuntza gutxituen aldeko bilkurak, eta, mende betez, planeta osoa gurutzatzen duen aldarrikapen eta gatazka kontakizun zabal horretan, bada Egunkaria-ren itxieraren eta atxilotutakoen tortura salaketen kasuari buruzko orri bat ere, Donostian egindako manifestazioaren irudi ikusgarriarekin. 214. orria, hain zuzen ere.

Berez, ingelesa, frantsesa eta gaztelera dira erakundearen hizkuntza ofizialak, eta hizkuntza horietan argitaratu du erakundeak liburua, mundu osoan banatzeko. Lana beren hizkuntzara itzuliko dute lekuan lekuko hainbat taldek, eta, horregatik, euskaraz ere kaleratuko du liburua Euskal PEN klubak. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Etxepare Euskal Institutuak lagundu dute itzulpena, eta urriaren 5etik aurrera hasiko dute euskarazko bertsioaren banaketa, gainerako hizkuntzetako liburuekin egingo duten bezala.

Hain zuzen, mendeurreneko liburuan orri bete hartze duen Egunkaria-ren kasuari estuki lotuta dago Euskal PEN klubaren azken bi hamarkadetako historia. Lehenago ere, bitan abiarazi dute taldea euskal idazleek, baina tarte labur batez baino ez bi kasuetan. Urtebete inguru bakarrik iraun zuen, esaterako, 1950ean erbesteratutako hamaika euskal idazlek abiatutako proiektuak, eta pare bat urteko iraupena izan zuen 1982an kluba pizteko bigarren saiakerak ere. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Luis del Olmo epaileak Egunkaria ixteko hartutako erabakiak piztu zuen proiektua hirugrrenez, 2004an, eta martxan dirau geroztik.

PEN kasuak

Erakunde orokorraren historiari buruzko liburuarekin batera, Euskal PEN klubaren historia kontatzen duen liburuxka bat ere kaleratu du Euskal Herriko taldeak. Hartan kontatzen denez, Kataluniako PEN klubak eman zien taldea osatzeko pista euskal idazleei. Egunkaria-ren itxieraren kasua nazioartean salatzekoa zela uste zutelako, eta PEN International erakundearen kontaktuek eta tresnek horretarako aukera eskaini zezaketelako. Eta hasiera hartan bertan euskal idazle eta kazetari talde horrek egindako lanaren froga da argitaratu berri den mendeurreneko liburuko 214. orria.

Kasuak erakundearen funtzionamendua ulertzeko ere balio dezake, gainera.

Mintegik azaldu duenez, lekuan lekuko elkarteek adierazpen askatasunaren aurkako erasoen berri helarazten diote PEN International erakundeari; ikertzaile talde batek kasua aztertzen du orduan, eta, baldin eta baieztatzen badute kazetari edo idazle horiek hitza erabiltzeagatik bakarrik zigortu dituztela, orduan, kasu hori «PEN kasu» bilakatu, eta, ordutik aurrera, martxan hasten dira bidegabekeriaren berri emateko eta gertatutakoa nazioartera hedatzen saiatzeko kanpainak. Zerrenda modura eman ditu Mintegik erakundeak baieztatutzat emandako bidegabekeria horietako batzuen protagonisten izenak: «Federico Garcia Lorca. Arthur Koestler. Stephan Zweig. Wole Soyinka. Salman Rushdie. Ngugi wa Thiong'o. Anna Politovskaia. Svetlana Aleksiebitx. Martxelo Otamendi. Joan Mari Torrealdai. Iñaki Uria. Teresa Toda. Xabier Salutregi».

Egunkaria kasuaz gainera, beste hamaika kasu ere salatu ditu bere ibilbidean: Egin hedabidearen itxiera, Josetxo Rodriguez eta Javier Ripa umoregileek jasandako zentsura, ETAk El Correo egunkariaren eta EITBren aurka egindako atentatuak, Gorka Landaburu kazetariaren aurkako erasoak, Apurtu atari digitalaren aurkako zentsura saioak, Asel Luzarraga idazlearen atxiloketa, eta beste asko.

Hizkuntza eskubideak

Catharine Amy Dawson Scott nobelagileak sortu zuen lehen PEN taldea, 1921eko urrian, Londresen. Ideiak arrakasta izan, eta urte gutxian beste hamaika klub sortu ziren han eta hemen, eta, gaur egun, 150 talde daude aktibo, globoaren buelta osoan, eta milaka dira bazkidetutako idazle eta kazetariak. «Maitasun mirakulu bat» izendatu zuen, esaterako, Paul Valery idazle frantziarrak 1925ean, eta, gurean, Mikel Laboak musikatutako Bertolt Brechten hitzen oihartzuna dakarten adierazpenokin defendatu zuen elkartearen egitekoa Orhan Pamuk idazle turkiarrak 2006an. «Idazle bat tokiren batean aske ez denean, idazle bat bera ere ez da aske. Horixe da, hain zuzen ere, mundu osoko idazleek PENekiko sentitzen duten elkartasuna adierazten duen espiritua».

Lau batzorde ditu erakundeak egun: adierazpen askatasunaren defentsarakoa, bakearen aldekoa, emakumezko idazleen ikusgaitasunari eskainitakoa, eta hizkuntza eskubideei eta itzulpengintzari buruzkoa. Egun, Urtzi Urrutikoetxea kazetari, idazle eta BERRIA egunkariko kolaboratzailea da azken batzorde horren arduradun nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.