Albistea entzun

Txeloaren hariekin askatzea

Txeloa rockaren, punkaren eta technoaren esparruetara gerturatzen duen disko bat eta horretarako teknika ikasteko liburu bat kaleratu ditu Eñaut Zubizarreta 'Trigger'-ek
Eñaut Zubizarreta <em>Trigger</em> biolontxelo jotzaile eta konpositorea, Bilbon, Bira areto aurrean bere diskoa aurkezten.
Eñaut Zubizarreta Trigger biolontxelo jotzaile eta konpositorea, Bilbon, Bira areto aurrean bere diskoa aurkezten. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko urriak 14 - Bilbo

«Orain dela bizpahiru urtera arte apenas izan nuen gustuko nituen musikak biolontxeloarekin imitatzen saiatzeko adorerik. Mugak nituen buruan. Ez moralak, txeloa beste era batera jotzen ikusteak inoiz ez baitit higuinik edo instrumentu sakratu bat prostituitzen nabilen sentsaziorik eman. Kontrara, horrelakorik ikusi dudan aldi apurretan, sekulako inbidia, horrelako gauzak egiteko grina piztu izan dit. Grina hori, baina, azkar desegiten zitzaidan. Ez nuen biderik ikusten, kanpotik ezarritako mugak onartuta neuzkan. Hori gutxi ez eta berriak ezartzen nizkion neure buruari, gatibutasunean nintzen». Aitortzaren eta salaketaren artean dabil Eñaut Zubizarreta Mendieta Trigger txelo jotzaile eta musikariaren ahotsa (Leintz Gatzaga, Gipuzkoa, 1992), kaleratu berri duen Poliedro Vol. I disko-liburuko testuaren hasieran, baina hain justu ere liberazio kontakizun hori helarazi nahi izan die egun musika tresna nola jo ikasten ari diren ikasleei. Hitzen bidez, liburuan, biolontxeloa jotzeko hamaika teknika azalduta; eta doinuz, diskoan, tresna rockaren, punkaren, hardcorearen, flamenkoaren eta technoaren eremuetaraino daramaten hemeretzi abestirekin. Forbidden Colours etxeak eman du argitara.

«Niri musika klasikoa gustatzen zait», onartu du lehen-lehenik, eta gero hasi dira ñabardurak. «Baina mundu oso zurruna da; diziplina handia eskatzen du, eta lehiakortasun handia dago. Partitura bat ematen dizute eta hori interpreta dezakezu, baina ez daukazu mugimendurako tarte handirik. Sorkuntzara pasatzen zarenean eta ikertzen hasten zarenean munduan zer joera berri dagoen, orduan askatu egiten zara».

Hiru ataletan banatu du diskoa, eta musika jotzeko formatu batekin sortutako abestiak bildu ditu haietako bakoitzean. Aurretiko bista izeneko blokea osatzen dute lehen bederatzi kantek: teknikoki zailenak diren edo birtuosoenak diren bakarkako abestiek osatzen dute hori. Albotiko bista du izena hurrengoak, eta ganberako musikaren formatuan sortutako sei kanta dauzka. Eta Goitiko bista izendatu du azkena, hiru kantarekin. Teknologia berriak baliatuz sortu ditu azken horiek, pedal sorta bat erabiliz.

«Rocka da oinarria», laburbildu du, «metala, hardcorea eta punka da gehien agertzen dena, baina gero badaude flamenko eta funk estiloko zatiak ere, eta technoa ere bai, zenbait aldaeratan: trancea, drum'n'bass, liquid drum'n'bass...». Izan ere, tresna bat da txeloa, finean, eta edozer lantzeko balio du.

«Txikitatik musika asko entzun dut. Denetatik gustatzen zait, eta hori uztartzen duzunean baliabide tekniko batzuekin, konturatzen zara txeloarekin denetarik egin dezakezula». Alderdi horien guztien nahastea da bera, dioenez. Eta horregatik titulua: Poliedroa. «Nire poliedrikotasuna eta txeloaren poliedrikotasuna azaleratu nahi nituen abesti horietan guztietan, diskoa entzuten duenak denetatik entzun dezan».

Konfrontazioa

Arrasate Musikalen hasi zituen biolontxelo ikasketak, eta formakuntza klasikoan trebatu zen gero, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan. Bartzelonako ESMUC-en egin zituen ikasketak ondoren. Musika modernoaren lengoaian trebatzen jarraitu zuen horren ostean ere, Martin Melendez txelo jotzailearekin, Alemaniako Kolonia hiriko New Directions Cello Festivalen. 2017an hasi zen Trigger ezizenarekin sortzen, eta 2019an kaleratu zuen lehen diskoa: Esku bi, hamar hatz. Lan hartan ere askatzen hasia zela dio orain musikariak, baina era «basati» batean.

«Beharraren beharrez askatu nintzen orduan. Kateak hautsi egin nituen». Muturrera jo zuen orduan; aitortu duenez, konfrontaziora. «Klasikoko mundukoek tipo arrarotzat hartzen zaituzte, eta, hurrengo urratsean, konfrontazio hori bilatzen baduzu, prest egon behar duzu konfrontazio hori haien terminoetan bilatzera: bibliografia aztertu, ikertu, partiturak idatzi... Haien parean jartzen zara horrela, eta hori da helburua». Jauzi kualitatibo bat emateko beharra sentitu zuela dio Zubizarretak, funtsean, eta saiakera horren emaitza da kaleratu duen disko-liburua.

Bi urte eman ditu proiektua lantzen, eta orain musika ikasten ari diren ikasleak ere izan ditu buruan. Musika ulertzeko bere erari buruzko gogoetekin eta egungo musika eszenari buruzko iritziekin batera, diskoko abesti guztien partiturak ere badakartza liburuak, horregatik, eta baita haiek jotzeko darabiltzan teknikei zein tresnei buruzko azalpenak ere. «Erakutsi nahi diet belaunaldi berri horiei txeloa beste era batera ere jo daitekeela, eta gustuko duten edozein musika sortu dezaketela txeloarekin. Ez dezatela pasatu gutako askok pasatu behar izan duguna, eta ez daitezela bidean geratu».

Ainhoa Iraolak eta Lara Aldalurrek egin dute diseinua, Ander Sevillak grabazioak, eta Quico Puges eta Jokin Garmendia txelo jotzaileekin batera dabil zuzenean. Aiaraldean hasi zuen bira (Araba), eta hiru kontzertu dauzka itxita: azaroaren 18an Ordizian izango da (Gipuzkoa); azaroaren 23an, Soraluzen (Gipuzkoa); eta abenduaren 5ean, Markina-Xemeinen (Bizkaia).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alex Gurrutxaga, Txani Rodriguez eta Mikel Reparaz erdian, Javier de Isusi pantailan, eta Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Andoni Iturbe Kultura sailburuordea hegaletan, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Euskadi saria Alex Gurrutxagari, Leteri buruzko saiakeragatik

Javi West Larrañaga

'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' liburuagatik jaso du saria Gurrutxagak. Txani Rodriguez, Mikel Reparaz eta Javier de Isusi saritu dituzte gaztelerazko eta ilustrazioko arloetan

Gitarra, pipa eta bibotea izan ziren Georges Brassensen ezaugarri bereizgarrienak. ©ROBERT DOISNEAU / EFE
Kulturako zuzendari nagusia, Nafarroako Museoko zenbait arduradun eta erakusketan parte hartzen duten artistetako batzuk, museoan. ©NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroako Museoak iaz erosi zituen hamalau obra berriak ikusgai daude

Ane Eslava

Hamalau artista nafarren askotariko lanak dira. Erakusketak 'Hamalau gehiago' izenburua du

Sustatzaile eta parte hartzaileek atzo aurkeztu zuten egitaraua. ©DONOSTIA KULTURA

24. Aita Donostia Musika Astea programa bikoitz batekin hasiko da gaur

Erredakzioa

Julian Barrenetxea eta Aita Donostia abesbatzak ariko dira lehen saioan. Ohi bezala, Donostiako Kaputxinoen elizak hartuko ditu emanaldiak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.