Albistea entzun

Koronabirusa

Txertatu gabeak «izorratzea», Macronen «estrategia» polemikoa

Txertaketa ziurtagiria ezartzeko lege proiektuaren eztabaida atzeratu dute Frantziako Asanblean
Emmanuel Macron, Frantziako lehendakaria.
Emmanuel Macron, Frantziako lehendakaria. STEPHANIE LECOCQ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat -

2022ko urtarrilak 6

«Txertatu gabeak izorratzeko gogoa dut». Hara zer erran duen Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak Le Parisien kazetan egindako elkarrizketa batean. Izan ere, Jean Castex Frantziako lehen ministroak iragarri zuen osasun ziurtagiria txertaketa ziurtagiri bilakatuko zela birusaren oldarraldiari aurre egiteko. Txertatu gabeak, hala, ezin izanen dira sartu hainbat leku publikotara, proba negatiboek ez baitute balioko. Bada, Macronek neurri horri egin dio erreferentzia txertatu gabe dauden herritarrak «izorratzeko» asmoa duela erratean; «hori da estrategia», berretsi du.

Erreakzio soka luzea eragin du Frantziako lehendakariaren esaldiak, eta eragina izan du exekutiboak finkatutako egutegian ere. Frantziako Asanbleako diputatuak txertaketa ziurtagiriaren lege proiektua eztabaidatzen ari zirela, saioa eten behar izan zuten herenegun, «sanoki eztabaidatzeko baldintzak» betetzen ez zirela argudiatuta.

Zehaztekoa da, gainera, iragan astelehenean diputatuek lege eztabaida hasi zutenetik saioa moztu zuten bigarren aldia izan zela. Eztabaidaren lehen egunean, erraterako, diputatuek ez zuten onartu saioa gauerditik goiti luzatzea. Mozketa horien eraginez, baliteke txertaketa agiriaren legea atzeratzea, urtarrilaren 15etik goiti indarrean sartzekoa baitzen. Atzo arratsaldean ekin zioten berriz eztabaidari. Trenkatu ondoan, Frantziako Senatuak onartu beharko du, eta zehaztekoa da noiz den indarrean sartuko.

Oposizioko alderdiek, oro har, Frantziako lehendakariaren «mespretxua» salatu dute, batik bat. Erran behar da Frantziako lehendakaritzarako bozak datorren apirilean izanen direla, eta, kanpainaurrearen testuinguruan, erreakzio anitz sortu dituela Macronen erranaldiak.

Koloniak osasun larrialdian

Frantziako Gobernuak, bestalde, atzo erabaki zuen osasun larrialdia berriz ere ezartzea Frantziaren kolonietan: Guadalupen, Guyana Frantsesean, Mayotten, San Bartolomen, eta Saint-Martinen. Iragan abenduaren 27tik, gainera, Reunionen eta Martinikan ezarrita dago. Hala, Frantziako Gobernuak eskumena izanen du etxeratze agindua eta konfinamenduak ezartzeko lurralde horietan. Zehaztekoa da txertatuen ehunekoak apalak direla herrialde horietan: %65ekoa, gehienez ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Frantziako Polizia osasun ziurtagiria eskatzen Miarritzeko tabernetan. ©Guillume Fauveau

Txertatze ziurtagiriaren erabilera onetsi du Frantziako Konstituzio Kontseiluak

Oihana Teyseyre Koskarat

Astelehenetik goiti indarrean izanen da neurria Iparraldean. Aldiz, Konstituzio Kontseiluak ez du onartu ekitaldi politikoetara sartzeko txertatze ziurtagiria eskatzea.

12 eta 17 urte bitartekoak hasiko dira indartze dosia hartzen. ©GUILLAUME FAUVEAU

Neurriak arintzeko egutegia aurkeztu du Frantziako Gobernuak

Oihana Teyseyre Koskarat Gotzon Hermosilla

Telelana arinduko dute, eta maskara ez da derrigorrezkoa izanen aire zabalean. Aldaketa gehienak otsailean sartuko dira indarrean

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko irudi batean. ©David Aguilar / EFE

Zupiria: «Bikoiztu egin da ZIUetan dagoen gaixoen kopurua»

Oihane Puertas Ramirez

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea Radio Euskadin egon da, eta, adierazi duenez, osasun larrialdiari «berriro ekitea» erabaki zenean, zainketa intentsiboetako unitateetan gaur egun dauden pertsona erdiak zeuden ospitaleratuta. Jakinarazi du «oraingoz» ez dutela LABIren aholku batzordea deitu.

 ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.